Ia 15.000 euroko bilketa, pedalkaden bitartez eta ‘bizitzaren alde’
Bermeoko Ziklistek taldeko kideek Bermeotik Castejonerako 450 kilometroko joan-etorria egin dute, Minbiziaren Aurkako Elkarteari laguntzeko.
Argazkia: Bermeoko Udala. Asteburu ahaztezina izan da Bermeoko Ziklistek taldeko kideentzat: Minbiziaren Aurkako Elkartearentzako dirua biltzeko, Bizitzaren alde lelopean, Bermeo eta Castejon lotu dituen 450 kilometroko joan-etorrikoa egin dute, egun bitan. Domekako eguraldi txarraren iragarpenak Lamerako helmuga gunean prest zeuden jarduerak bertan behera utzi zituen, baina herritarrek harrera beroa eman zieten leher eginda baina zoriontsu bueltatu ziren txirrindulariei.
35 ziklista irten ziren Bermeotik, eta 31 itzuli. Baina lehen etaparen helmugara, Castejonera, 70 txirrindulari inguru iritsi ziren: “Urbasa inguruan bertako kideak bildu zitzaizkigun, eta herrian egundoko helmugaratzea prestatu ziguten”. Haizea izan zen azken kilometro haietako protagonista nagusia. Itzuleraren azken txanpan, ostera, euriteak harrapatu zuen tropela: “Barazar mendatea jaitsi ondoren, ekaitza jasan genuen, baina Bermeora ateri zela iritsi ahal izan ginen”.

Argazkia: Bermeoko Udala.
“Ez da azkena izango”.
15.000 euro inguru lortu dituzte, beraien esfortzuari esker: “Zifra polita da, pozarren gaude lortutakoaz”. Gainera, kutsu solidarioaz harago, tropelak edukitako “jarrera” nabarmendu dute: “Adibidez, trafiko gehien izan dituen errepide tarteetan, tropela zatitu egin dugu, ahalik eta trabarik txikiena sortzeko; oro har, errespetuz eta gizalegez jokatu dugu, eta oso harro gaude erakutsitako jarreraz”.
Horrenbestez, aurreratu dute Bermeo eta Castejon lotu dituena “ez dela azken erronka” izango: “Oraindik goizegi da ezer aurreratzeko, baina etorriko dira abentura berriak, betiere helburu solidarioekin eta bi gurpilen gainean”.