Eta zergatik ez finala irabazi?
Gernika Rugby Taldeak 30 eta 13 irabazi dio Recoletas Salud Fenixi Ohorezko Elite Mailako igoera kanporaketaren finalaurrekoa. CRC Pozuelo Rugby izango dute arerio final handian, Urbietan.
Argazkia: Angel Grande. Urteko helburuak beteta eta Ohorezko Elite Mailako liga erregularra poltsikoan, Gernika Rugby Taldeak igoera kanporaketaren finalaurrekoa jokatu zuen domekan [maiatzak 10], Urbietan. Etxeko taldeak presio barik baina finalera sailkatzeko erabateko anbizioz jokatu zuen Recoletas Salud Fenix talde zaragozarraren aurka, eta, finalerdi lehiatuaren ondoren, 30 eta 13 nagusitu ziren basurdeak. Beraz, maila igoera lortzearren jokatzeko moduan egongo dira, etxekoen aurrean izango final handia, Urbietan, baina oraindik ez dute data ofizialik aurreratu.

Argazkia: Angel Grande.
Astra kultur faktoriako kideek ohorezko sakea egin zuten, eta, jarraian, Aragoiko aurkariek partidu hasiera gogorra proposatu zieten etxekoei. Mahai gainean lehen kolpea emanez, Fenix 0 eta 3 aurreratu zen; hasiera hark jarraitzaile gernika-lumotarren zalantzak piztu zituen. Baina ez zuten luzaroan iraun. Behetik gora eginez eta patriduaren kudeaketa lepoan hartuz, Gernika RTk gehien interesatzen zitzaion jokoa topatu zuen, eta nagusi izan zen hala defentsan, nola fase estatikoetan. Basurdeen erritmora doitu behar izan zuen bere jokoa Fenixek, eta etxekoek lortu zuten arerioari arazoak sortzea. Pixkanaka-pixkanaka, markagailuan arrakala urratu zuten, eta azkenean erabateko nagusitasunez gailendu ziren etxekoak: 30 eta 13koa, eta finalerako sailkapena.
Partidu errazik “ez dagoen” arren, esperotakoa baino finalaurreko “lasaiagoa” izan zela adierazi du Gernika RTko ordezkaritzak: “Uste baino alde adierazgarriagoagaz irabazi genuen neurketa eta, batez ere, nagusitasuna erakutsi genuen berdegunean. Jokalari bik min hartu zuten, eta Xabier Albizua gernika-lumotarrak hirugarren txartel horia jaso zuen; gaur-gaurkoz, ezin izango du finala jokatu, baina erabaki horrekiko helegitea aurkeztuko dugu”. Bestalde, jarraitzaileen babesa nabarmendu dute: “Taldeari emandako babesa izugarria izan zen; 900 lagun inguru bildu ziren guztira Urbietan”. Bazkari herrikoia ere “bikain” joan zela argitu dute: “200 lagun bueltan biltzea aurreikusten genuen, eta halaxe izan zen. Finalari begira ere, tankerako zer edo zer egitea pentsatzen ari gara”.

Argazkia: Angel Grande.
Edozertarako aukerekin.
Finalari begira, “dena da posible”: “Behin honaino iritsita, finala irabaztea da gure jomuga, baina, lortuko ez bagenu, ez litzateke inondik ere porrota izango”. Finalerdiko aipatutako hiru bajak hutsune handia izan daitezke finalerako, postu giltzarrietan jokatzen baitute. Edozelan ere, itxaropentsu, motibazioz gainezka eta prest gaude”.