Atzoko antifaxistei oroimena; gaurkoei, deialdia
Sollube 1936 elkarteak Sollubeko Guduan zendutako gudariak omendu ditu, Mañu auzoan.
Argazkia: Bermeoko Udala. Urtero legez, maiatza heltzeagaz batera, Mañuko auzunea memoriagune bihurtu zen domekan [maiatzak 10]. Duela 89 urte Sollubeko Guduan zendutako gudariei merezitako omenaldia egin zien Sollube 1936 elkarteak, Sare Antifaxistako kideek eta Bermeoko udal gobernu taldekoek lagunduta, Oroimenetik duintasunera lelopean. Bataila hartan hildako eusko gudariez gain, elkartekideek gogoan eduki gura izan zituzten eurena “ez zen herri batera” borrokatzera bertaratutako atzerritarrak ere, kantabriarrak zein asturiarrak. 600 gerlari antifaxistatik gorako kostua eduki zuen borrokaldi hark, tartean, bost bermeotarrena. Haiei deneri “esker ona eta ohorea” erakutsi zieten.
89 urteren ostean oraindik Sollubeko gerra pasarteez mintzatzeko aukera edukitzea memoria kolektiboaren alde behar egindako “hainbat historialariren ekarpenaren ondorio” dela nabarmendu zuten, eta, alde horretatik, Esteban Sanpredroz oroitu ziren: Hark ez zuen omenaldi hau bizi, baina urtero egiten dugun ekitaldi hau bere lanari esker ere egin ohi dugu”. Dibulgazio lan hori beste dimentsio edo kanal batzuetatik egin zutenak ere ez zituzten albo utzi nahi izan: “Zentsurari, beldurrri zein errepresioari aurre eginez, historia ahoz aho transmititu zutenentzako omenaldia ere bada hau”. Erakunde publikoentzako mezu argi eta garbia ere plazaratu zuen Sollube 1936k: “Udaletik, aldunditik zein bestelako instituzioetatik, beren bizitza demokraziaren alde emandako gudariei ez zaie inongo aintzatespen ofizialik egin. Aitzatespen horrek historia ahanzturara darama, eta ahazten den historiak errepikatzeko aukera ugari ditu”.
Faxismoaren mehatxuak, ildo horretatik, “bere horretan” dirauela adierazi zuten: “Egunero-egunero eta ia zuzenean ikus daiteke herri bat indarrez zelan deuseztatu daitekeen, eta askok ez dute ezertxo ere egiteko asmorik agertzen. Gerra inperialistentzako plaza are handiagoa izango da, faxismoak aurrera eginez gero. Beraz, horren aurka behar egiten dutenak gogoratzea ezinbestekoa da, izan Global Sumud Flotilla, izan iheslarien babeserako lan egiten duten bestelako militanteak”. Omenaldia antolakuntzagaz uztartu beharra azpimarratuta, antifaxismoaren alde borroka egiteko hamaikatxo forma “bidezko” daudela nabarmendu zuten: “Bai balkoi batean bandera bat jartzea, bai beste herrialde batera boluntario lanera joatea, biak ala biak legitimoak dira, eta beharrezkoak”.