Allende Salazar Guraso Elkarteak gaurko deitutako elkarretaratzea bertan behera uztea erabaki du
Guraso elkartearen ordezkariek azaldu dutenez, eragile eskudunek jakinarazi diete "epe motzean" ikasturte honetako gatazkari "konponbidea emango" dietela.
Zearretako kirolgunearen erabilera arautzeko eskatzeko elkarretaratzea deitu zuen Allende Salazar Guraso Elkarteak gaurko [maiatzak 8], baina “prudentziaz” jokatzeko asmoz, behin-behinean elkarretaratzea bertan behera uztea erabaki dute. Izan ere, “epe motzean” ikasturte honetako gatazkari konponbidea emango zaiola “bermatu” diete eragile eskudunek: “Erabaki hau ez da borroka amore ematea; kontrakoa baizik. Mobilizazio bat tresna bat da, ez helburu bat bera”.
Horrenbestez, negoziazio-bidea irekita dagoen honetan, elkarteko kideen iritziz, elkarretaratzea egitea “kontraproduktiboa” litzateke. Azpimarratu dute euren aldarriari “indarra kendu” ordez, elkarrizketarako espazioa “indartzen” dutela erabaki horrekin: “Allende Salazar Guraso Elkarteak beti defendatu du lankidetza eta elkarrizketa direla ikastetxe-komunitate baten oinarriak. Konfrontazioak zentzua du itoak sentitzen garenean; baina atea irekitzen denean, lehenengo urratsa eman behar da, konfiantzaz. Hori da gaur egiten duguna”.
Itxarotearen epea “mugatua” dela zehaztu dute, eta, beraz, epe motzean irtenbide “errealak” ikusten ez baldin badituzte, mobilizaziora joko dute: “Mobilizatzeko prest gaude, indar handiagoz eta arrazoibide osoarekin”.