Zearretako kirolgunearen erabilera arautzeko eskatuko diote udalari
Allende Salazar Herri Eskolako Guraso Elkarteak salatu du arautze ezaren ondorioz bertako ikasleek ikasturtea kirolgunea erabili gabe igaro dutela. Arautzea exijitzeko, elkarretaratzean batuko dira bihar [maiatzak 8], 17:00etan, udaletxe aurrean.
Gernika-Lumoko Udalak 2025eko urrian jarri zuen martxan Zearretako kirolgunea, astegunetan Allende Salazar Herri Eskolako eta Seber Altube Ikastolako ikasleek erabiltzeko asmoz. 2025/2026 ikasturtea bukaerara heltzear dagoela baina, Allende Salazar Herri Eskolako Guraso Elkarteak salatu du udalak oraindik ez duela eskola orduetarako Zearretako pisten erabilera arautu. Horregatik, arautze hori exijitzeko elkarretaratzean batuko dira bihar [maiatzak 8], 17:00etan, udaletxe parean.
Guraso elkartetik adierazi dutenez, arauketa ezak “ondorio larria” izan du: “Allende Salazar Herri Eskolako haurrek espazio hauek erabili gabe igaro dute ikasturte osoa”, eta bi ikastetxeetako komunitateen artean “ezinegona eta tentsioa” sortu ditu. Allende Salazar Herri Eskolakoek “ez bidezkotzat” jo dute bertako ikasleek hurrengo ikasturtea egoera berdinean hasi behar izatea.
Egoeraren jakitun, iazko abenduan udalak bitartekari bat kontratatu zuen, eta martxoaren 26an sinatu zen bitartekaritza-txosten juridikoa. Txosten horren arabera, arautzearen atzerapena “kaltegarria” da bi komunitateentzat eta “berehala” erabaki bat hartu beharra dagoela islatzen du:
Azkeen asteetan udalari zein egoeraren txosten eta proposamen berriak bidali dizkiote bai udalari, bai udalbatza osatzen duten gainontzeko alderdi politikoei ere. EAJ eta EH Bilduko ordezkariak Allende Salazarreko eskola komunitateagaz batzartu arren, uudalaren aldetik ez dute erantzunik jaso.
“Udalak 2026ko maiatzean erabilera arautu gabe jarraitzen du”, salatu dute herri eskolakoek, herritarrei biharko elkarretaratzean parte hartzeko deia zabaltzegaz batera.