SD Gernika Clubeko gazteen A taldea, jauzia egiteko prest
Argazkia: SD Gernika Club. SD Gernika Clubeko Gazte A taldea urrats handia emateko aukerekin dago: zapatuan [maiatzak 9], 18:30ean, hil ala biziko partidua jokatuko dute Urbietan, Deusturen kontra, Gazteen Liga Nazionalera igotzeko borrokan. Gernika-lumotarrei irabazteak baino ez die balio. Izan ere, hiru taldek baino ez dute kategoria igoera eskuratuko eta, gaur-gaurkoz, SD Gernika Clubek lehen postua puntu bakarrera du; hori bai, lau puntuko aldea baino ez dute laugarren sailkatuarekiko, liga erregularra biribiltzeko jardunaldi biren eta, ondorioz, sei punturen faltan.
Partidu “oso gogorra” aurreikusten dute, Deustu talde “erabat serioa” bada. Paseetan eta baloiaren jabetzan oinarritutako estrategia espero dute arerioaren aldetik: “Joko konbinatibo deritzon horretan maisuki moldatzen dira. Gainera, Hirugarren Mailan lehiaketa minutuak hartzen ari diren zenbait jokalari dituzte lantaldean. Oro har, aurkari lehiakorra eta ahulgune gutxikoa da”.
Klubetik adierazi dute igoera aukera klubak herriko zein eskualdeko jokalarien alde egindako “apustu itzelaren” isla dela: “Helburua da ahalik eta gernika-lumotar edo busturialdetar gehien lehen taldera iristea, eta jauzi hori egiteko azken geltokia Gazte A da; beraz, jauzia eginez gero, lehen talderako bidea apalagoa izango litzateke jokalarientzat. Aurten, hain zuen, lau kidek debuta egin dute lehen taldean. Guretzat garrantzitsuena da azpimarratzea lantalde osoa gernika-lumotarrez osatuta dugula, bermeotar bigaz batera; tokiko harrobiaren alde lan egitea ezinbestekotzat dugu”.
Denboraldi “erregularra eta oso ona” izaten ari da Urbietakoentzat: partidu bi baino ez dituzte galdu; irabazi, berriz, hemeretzi. Hortaz, asteburuan “urte osoko lanaren” tontorra harrapatzea dagokie: “Alde horretatik, etxean eta etxeko zaleen aurrean jokatzea giltzarri izango da, taldeari are gehiago sakatzeko”.