Eskolarteko Dantzari Egunak 1.240 dantzari gazte batuko ditu
11:00etan jarri dute hitzordua Pasealekuan, eta, bertatik abiatuta, kalejiran joango dira dantza egingo duten lekuraino: eguraldi ona eginez gero, San Kristobaleko aparkalekian; eta, euria eginez gero, Merkatu plazan.. 11:30ean hasiko dute dantza saioa.
1.240 dantzari gazteen topagunea izango da, beste urte batez, Gernika-Lumoko Eskolarteko Dantzari Eguna domekan (maiatzak 10). Eguraldi ona eginez gero, San Kristobaleko aparkalekuan elkartuko dira aurten, baina, euria eginez gero, Merkatu plazan egingo dute ekitaldia.
Udalerriko ikastetxeetako ikaslek parte hartuko dute dantza saioan, hiru eta hamabost urte bitartekoek. Allende Salazar Herri Eskolatik, Barrutia herri eskolatik, Mertzede ikastetxetik, San Fidel Ikastolatik eta Seber Altube Ikastolatik bertaratuko dira egun horretako protagonistak. Eurekaz batera ariko dira Segundo Olaeta Musika Eskolako trikitixa eta txistulari taldeko ikasleak, baita Gazteak Txistulari Taldeko kideak ere.
11:00etan hitzordua zehaztuta Pasealekuan, bertatik abiatuta, kalejiran joango direlako dantza lekuraino, eremu hori dantzariz betetzeko. Dantza saioa 11:30ean hasiko dutela jakinarazi dute udaleko arduradunek.
Euskal Herriko dantzen ikuskizuna eskainiko dute bertan, dantza ezberdinak plazaratuko baitituzte. Hain zuzen ere, lau multzotan banatu dute dantza saioa. Lehenengo, Durangoko dantzari dantzak egingo dituzte (Agintariena eta Ezpata joko txikia); gero, Arabako, Lapurdiko eta Nafarroako dantzen txanda izango da (Makil joko I, Makil joko II, Txulalai, Zapatain dantza eta San Petrike); Gipuzkoako Makil txiki eta Durangoko dantzak ere dantzatuko dituzte hirugarren zatian (Euzko dantza, Arku dantza eta zinta dantza); horien ostean, Fandagoa eta Arin-arina dantzatuko dituzte, eta saioagaz amaitzeko, Benafarroako martxagaz agurtuko dituzte ikusleak.
Hala, beste urte batez, euskal ohiturak lantzea, umeen arteko harremanak bideratzea eta familia giroko ekitaldietan hizkuntza ohiturak jorratzea izango dute helburu, eta, horretarako, ekitaldi erraldoia antolatu dute. Hala, gizarteratzea euskaraz eta emozioz beteriko egun bategaz gauzatu gura dute.