Herritarren zientziak eta komunitatearen parte-hartzeak hegazti migratzaileen kontserbazioan duten garrantzia azpimarratuko dute asteburuan
Hegazti Migratzaileen Mundu Eguna ospatuko dute Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerren eta Busturiko Ekoetxea Urdaibain.
Hegazti bakoitzak balio du – Zure behaketek garrantzia dute! lelopean dator aurtengo Hegazti Migratzaileen Mundu Eguna, eta beste urte batez, Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerrek eta Busturiko Ekoetxea Urdaibaik egun horregaz bat eginez, eskaintza berezia prestatu dute domekarako (maiatzak 10).
Urdaibai Bird Centerren zentroko sarrera doakoa izango da 10:00etatik 18:00etara bitartean, eta hegaztien eraztunketa zientifikoaren erakustaldia egingo dute, 10:00etatik 12:00etara. Parte hartzeko, ez da aldez aurretik izena eman behar.
Bestalde, Hegaztien behaketa paduran irteera prestatu dute Ekoetxea Urdaibain. Domekan, 10:30etik 13:30era bitartean ibiliko dira San Kristobal auzoko paduretan barrena. Parte hartu gura dutenek aurretiaz izena eman behar dute ekoetxea.eus webgunean, eta 2 euro ordaindu behar dira. Arduradunen berbetan, ekosistema horren aberastasuna eta bertan bizi diren hegaztiak ezagutzeko “aukera paregabea” izango da; izan ere, ibilbidean zehar, parte-hartzaileek bertatik bertara ezagutuko dute migrazio-ibilbideek eta naturgune horien kontserbazioak daukaten garrantzia: “Esperientzia irisgarria eta hezitzailea da, naturarekin bete-betean bat eginik. Publiko guztientzat pentsatutako esperientzia da, eta naturarekin ikastera, behatzera eta konektatzera gonbidatzen du, edertasun handiko leku batean”.
Langile espezializatuek azalpen “irisgarriak eta aberasgarriak” emango dituzte, eta ingurune naturalarekiko errespetuzko begirada “kontzientea” sustatuko dute. Parte hartzen dutenek ingurune natural pribilegiatu horretan barneratuta, paduraren errealitatea, biodibertsitatea eta kontserbazioaren garrantzia gertutik ezagutuko dituzte: “Ibilbidean zehar, pasabide, atsedenleku edo habia egiteko gune hori erabiltzen duten hainbat hegazti espezie ikusiko ditugu, migrazio-ibilbideek oreka ekologikoan daukaten funtsezko zeregina ulertuz”.