Herritarren eta euskalgintzaren topagune izango da Otxandio
UEMAk Otxandioko Udalarekin eta herriko eragileekin batera antolatu du Udalerri Euskaldunen Eguneko egitaraua. Horren baitan, bazkari herrikoia egingo dute, eta bertaratzeko tiketak barikura arte [maiatzak 8] egongo dira eskuragarri.
“Euskaratik eta euskaraz”, Otxandion ospatuko dute aurtengo Udalerri Euskaldunen Eguna. Maiatzaren 16an izango da euskaldunen garrantzia bermatzeko eta aditzera emateko eguna, eta horretarako, egun osoko egitaraua antolatu dute UEMAk eta Otxandioko Udalak, Otxandioko hainbat eragileren iritzi eta laguntzarekin. Udalerri euskaldunen bilgune izango da Otxandio, eta “arnasguneek eta udalerri euskaldunek euskararen biziberritzeari egiten dioten ekarpena ikustaraztea” izango da helburua. Hala, festa eta aldarrikapena uztartuz, egun osoko egitarau anitz eta zabala prestatu dute maiatzaren 16rako. Giro alai eta ekitaldiez gain, ekitaldi instituzionalek ere izango dute tokia Otxandion, izan ere, UEMA osatzen duten 120 herrietako ordezkariek Batzar Nagusia egingo dute Mainondon, eta eguerdian ekitaldi instituzionalak hartuko du herriko plaza.
Bi urtetik behin izaten da Udalerri Euskaldunen Eguna, “udalerri euskaldunen ekarpena festa giroan ikusarazteko eta aurrera begira dituzten erronkak nabarmentzeko” helburuarekin egiten dena. Hala, UEMAk eta Otxandioko Udalak, UEMAko kide diren udalerriei ez ezik, gainerako udalerri euskaldunei ere parte hartzeko eta egunean bertan bertaratzeko deia egiten die, baita bazkarira batzeko ere. Bazkarirako tiketak online eskatu daitezke esteka honetan.
Egitaraua.
- 10:00. Txistulariak kalerik kale.
- 10:30. UEMAren batzar nagusia, Mainondon.
- 11:30. Haurrentzako herri kirolam, Plazan.
- 13:00. Ekitaldia, Plazan.
- 13:45. Udal bandarekin kalejira.
- 15:00. Bazkari herrikoia.
- Ostean, Kalaka egurrezko jolasak, haurrentzako tailerrak eta jokoak.
- 18:00. Kalejira Basogaira, dultzainekin batera.
- 18:30. Zazpi harrien inaugurazio ekitaldia, Basogainen.
- 19:15. Kalejira, Basogaitik Plazara.
- 20:00. Errigorako produktuen dastaketa, Plazan.
- 22:00. Lorratz erromeria, Plazan.