Bertsoak eta euskara, ikasgeletatik oholtzara
Mundu bat bertso ekimenaren baitan, Eskolarteko Bertso Topaketan batu dira gaur [maiatzak 6] Gernika-Lumoko eta inguruko ikastetxeetako ikasleak, ikasturtean zehar landutako bertso eta doinuak elkarrekin partekatzeko.
Urretxindorra Herri Eskolakoek ere parte hartu dute topaketan. Ama begira zazu, Ai zapotxin edo Iruditu zitzaidan norbere doinutegietan ondo sartuta dituzte Gernika-Lumoko eta inguruetako ikasleek. Hala erakutsi dute gaur goizean [maiatzak 6] Lizeo Antzokian, Mundu bat bertso ekimenaren baitan Gernika-Lumoko Udalak Bizkaiko Bertsozale Elkarteagaz eta Lilibertsogaz sustatutako Gernika-Lumoko Eskolarteko Bertso Topaketan.
Mundu Bat Bertso proiektua 1985. urtean sortu zen, Nafarroako ikasleen eskariari erantzun asmoz. Urteen joan-etorriagaz baina, euskararen eremu osora zabaldu da. Hala, 20.000 ikasletik gora dira Euskal Herrian Bertsozale Elkarteko irakasleen eskutik ikastetxeetan urtero bertsolaritza lantzen dutenak. Helburu argia du ekimenak: bertsolaritzaren bidez umeen hizkuntza gaitasunean, eta, bereziki, ahozkotasunean eragitea. Gernika-Lumoko Udalak Euskararen Plan Estrategikoaren barruan txertatuta du programa, ikasleen euskarazko ahozko adierazpena jorratzeak “aparteko garrantzia” duela uste baitute, ume eta gazteak oraingo eta etorkizuneko “hiztun gaitu eta aktibo” bihur daitezen.
Helburu horregaz bat eginda, ikasleei bertsolaritza eskolak eskaintzen dizkie, besteak beste, Seber Altube Ikastolan, Allende Salazar Herri Eskolan, Mertzede Ikastetxean, Barrutia Herri Eskolan, San Fidel Ikastolan, Barrutialde Institutuan eta Urretxindorra Herri Eskolan. Zentrootako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleak eta Barrutialdeko DBH 1. mailako ikasleek ikasturte guztia daramate doinu eta bertsoak ikasi eta berriak nola sortu ikasten, eta gaur, hilabete luzez landutakoak oholtzara eraman dituzte.

Koldo Gezuraga eta Janire Arrizabalaga bertsolariak.
Giroa berotu asmoz, Koldo Gezuraga eta Janire Arrizabalaga Lilibertsoko kideen bertsoekin hasi dituzte Ander Elortegik eta Idoia Anzorandiak zuzendutako saioak. Ostean, Mikeloten gitarraren eta ahotsaren laguntzaz, ezagunak dituzten doinuak abestuz berotu dute ahotsa. Orduan bai, zentro bakoitzeko ikasleek, gelaka banatuta, taulara igo dira, kantu gogoz. Hamaika proposamen ezberdin oholtzaratuta, besteak beste ikasgaiak, ikasleen egunerokotasuna, opor nahia edo telesail eta pelikulak izan dituzte ikasleek bertsotarako gai.
Aurretik prestatutakoez gain, bada bi oinak idatziz jasota, zuzenean kopla botatzera ausartu denik ere. Seber Altubeko ikasleen eskaerari erantzunez, astean arratsaldean behin elkartzen hasi dira, eta hamahiru lagunek aurrerapausoa eman, mikrofonoa eskuan hartu eta estreinakoz jendaurrean abestera ausartu dira. Urretxindorrako ikasleek ostera, Lizeo Antzokian batutako guztientzako jolasa proposatu dute: bertsoaren bidez asmakizunak abestu dituzte, eta gainontzeko zentroetako ikasleek zeri buruz ari ziren asmatu behar izan dute.

Ikasle batzuk inprobisatzera ausartu dira.
Ikasleek bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza izatea eta ume zein gazteengan zaletasuna piztea ditu helburu Mundu Bat Bertsok. Horrez gain, bertsolaritzaren bitartez hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonalak eta sozialak lantzeko aukera eskaintzen die zentroei.
Hala, bertsolaritza irakasle, tutore, ikasle, bertsolari eta bertsozaleen topaleku izan da goizean Lizeo Antzokia, eta denak pozik agertu dira ikasturteak utzitakoagaz. Izan ere, ikasturtean zehar bertsolaritza saioak aurrera eramatea ahalbidetu duten tutoreek eta Gernika-Lumoko Euskara Saileko ordezkariek Asier Alcedoren bertso bat idatzita zuen diploma bana jaso dute: Ideiak firi-fara /burutik igaro/errima hau bueltaka/izan dut luzaro…/ Sortu ditzagun beste/hamaika gehiago/bertsorik ederra/egiteke dago. Ikaslek idazteke dagoen bertso hori sortzeko lanean jarraitzeko gogoz agertu dira, Euskal Herrian Euskaraz abestuz berriro ere ikastetxeetarako bidea hartu aurretik.