Bermeoko Ziklistek taldeko kideak 'Bizitzaren alde' elkartasun erronkan murgilduko dira asteburuan
Minbiziaren Aurkako Elkarteari laguntzeko asmoz, 450 kilometro egingo dituzte Bermioko Ziklistek taldeko txirrindulariek. Harrera eta egitarau berezia prestatu dituzte domekarako.
Elkartasuna eta kirola eskutik helduta datoz beste behin ere, Bermeora. Bermioko Ziklistek taldeko txirrindulariek eskarmentua daukate halako zereginetan, “diskrezioz baina irmotasunez, beste batzuen aldeko konpromisoa ardatz hartuta”. Eta oraingo honetan, Bizitzaren alde elkartasun erronka dakarte esku artean. 450 kilometroko ibilbidea osatuko dute asteburuan, Bermeo eta Castejon lotuz. Horrela, berriro ere erakutsiko dute elkartasuna ez dela adierazpen huts bat; izerdiz eta determinazioz eraikitako jarrera etikoa dela agerian utziko dute.
Josu Barrena eta Iñaki Garro Bermioko Ziklistek taldeko kideek azaldu dituzte erronkaren nondik norakoak, gaur goizean [maiatzak 6] Kresala tabernan egin duten agerraldian. Ekimenak Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen babesa dauka, eta bildutako ekarpenak gaixotasunaren aurkako borrokara bideratuko dituzte.
Bermeoko txirrindulariek Castejongo El Patorrillo Txirrindulari Peñako lagunak edukiko dituzte lagun errepidean. Elkarlanean marraztuko dute pedalen erritmoan idatzitako elkartasuna: “Ez da soilik distantzia baten gainditzea izango, baizik eta ahaleginaren bidez beste askoren bizitzetara iritsi nahi duen keinu kolektiboa“.
Zapatuan [maiatzak 9], 07:00etan irtengo dira Bermeotik, eta 225 kilometro inguru egingo dituzte. Biharamunean, Gasteizen egingo dute geldialdia, bertako minbiziaren kontrako elkarteko kideek harrera egingo baitiete. Domekan, 16:00-16:30ak aldera ailegatuko dira Bermeora. Nabarmendu dutenez, “helmuga hori ez da soilik iristea, baizik eta partekatzea”. Erronka burutzea ez ezik, egindako ahalegina komunitate oso baten esku uztea eta bidean bildutako “zentzua kolektibo bihurtzea” lortuko dute.
Harrera girotzeko asmoz, egitarau berezia prestatu dute domekarako: “Gu ailegatuko orduko, dantzak eta musika egongo dira, herriko talde batzuen laguntzari esker”. 13:00etatik aurrera, Dantzaz Blaik, Kanta Kanta Loruek, Bermeoko Abesbatzak eta umeentzako Kirik girotuko dute Lamera. 15:00etatik aurrera, berriz, Apokhalipsis, Addar eta Tximino taldeen kontzertuen txanda izango da.

Joanaren eta itzuleraren artean, minbiziaren aurrean bizi den prozesua islatuko dute: diagnostikoaren etenaldia eta borrokaren bidez egindako itzulera. Minbiziaren kontrako borrokan daudenei gertatu bezala, txirrindulariei ere nekea metatuko zaie gorputzetan, “baina borondateak eutsiko dio erritmoari”. Txirrindulariek badakite ahalegin hori ez dela kilometroetan agortzen, “ordezkatzen duen horretan datza benetako balioa”. Egunerokoan, isilean, etengabe borrokan ari direnen kemena edukiko dute bidelagun: “Haien esfortzuak ez du oihurik behar; bidean bertan bihurtzen da hitz. Ibilbide honek, beraz, dimentsio fisikoa ez ezik, sinbolikoa ere badauka: gorputzaren eta gogoaren arteko elkarrizketa etengabea, aurrera egiteko ezinbesteko bi indarren uztarketa. Horretan datza erronkaren funtsa: ahalegina zentzu bihurtzea, eta zentzu hori gizarteari itzultzea”.
Bermeoko Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideak euren materiala saltzen egongo dira domekan, eta horiei ekarpena egitearen garrantzia azpimarratu dute Bermioko Ziklistek elkarteko kideek: “Helburua dirua lortzea da, eta bakoitzak ahal duen moduan lagundu dezala eskatzen dugu. Guri itxaroten egotea oso garrantzitsua da, baina baita elkarteari laguntzea ere”.
Hain zuzen ere, ekarpen ekonomikoak jasotzeko asmoz, Internet bidez dohaintzak jasotzen ari dira, eta dagoeneko 12.000 euroko langa gainditu dute: “Herritarrei parte hartzeko hainbat bide eskaini zaizkie, elkartasunaren sarean norbere ekarpena egiteko aukera zabalduz. Gutxika-gutxika eta bakoitzak ahal duen neurrian lagunduta, ea denon artean 20.000-24.000 eurora heltzea lortzen dugun. Adibibidez, Dale Candela elkartearen aldeko ekintza egin genuenean, ia 30.000 eurora heldu ginen”.
Bermeoko Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideak “oso eskertuta” daude: “Jendeak bat egitea eskatzen dugu, laguntza eman dezala. Jendea inplikatzea gustatuko litzaiguke”. Bermeotarrak konprometituak direla nabarmendu dute, elkarteak antolatzen dituen ekimenetan erantzun ona jasotzen baitute: “Beti babestuta sentitzen gara; herritarrek konpromisoa erakusten digute, eta eskerrak eman nahi dizkiegu”. Orain arte moduan, asteburuan ere herritarren babesa sentitzea espero dute.

Nadia Nemeh Bermeoko alkatearen berbetan, erronka horrek agerian uzten du Bermeo elkartasunean errotutako komunitatea dela: “Ez da lehenengo aldia Bermeok horrelako erronka batean parte hartzen duena, eta argi daukat azkenengoa ere ez dela izango. Elkartasunean errotutako komunitatea gara, bizitzarekiko konpromiso irmoa daukana”. Txirrindulariek egingo duten bidea ez dela kilometroetan agortzen adierazi du: “Gizarte osoari dei egiten dio, inor atzean gera ez dadin. Domekan etortzeko eta parte hartzeko deia zabaldu nahi dugu; goizetik egongo dira adin guztietarako ekimen asko. Giro oso polita egongo da. Lameran, ez dugu soilik haien ahalegina aitortuko; komunitate gisa dugun sendotasuna berretsiko dugu, Bermeok badakielako erantzuten”.
Era berean, Xabier Ortuzar alkateorde eta kirol zinegotziak txirrindulari taldeak aurretik egindako elkartasun ekimenak txalotu eta goraipatu ditu, eta besteren artean, Bermeoko Eutsi Gogor Danok Batera eta Dale Candela elkartearentzako egindakoak aipatu ditu: “Txirrindulari hauek erakusten dute konpromisoa ez dela hitzetan agortzen, baizik eta ekintzan berresten dela, kilometroz kilometro. Herri oso baten duintasuna daramate bizkar gainean”.
Gaurko agerraldian esan bezala, erronka ez da 450 kilometrotan agortuko, ezta bi egunetan itxi ere. Izan ere, bere benetako neurria da pizten duen kontzientzia, sortzen duen lotura eta gogorarazten duen egia: inork ez lukeela bakarrik egin behar halako biderik.
