Helburua bete ostean, amesteko ordua iritsi da
Gernika Rugby Taldeak Fenix Club Rugby Ohorezko Elite Mailako igoera kanporaketaren finalaurrekoa jokatuko du domeka honetan [maiatzak 10] Urbietan.
Denboraldiko helburu nagusia, Ohorezko Elite Mailako liga erregularra irabaztea, lortu du Gernika Rugby Taldea, eta orain urte osoan zehar egindako lan guztiaren ordainsaria dastatzea dagokio: igoera kanporaketaren finalaurrekoa jokatuko dute domeka honetan [maiatzak 10], Urbietan, Fenix Club Rugbyren aurka.
Finalerdi “estua eta lehiatua” aurreikusten dute basurdeek, eta argitu dute “edozer posible dela“. Hain zuzen, liga erregularrean irabazi egin zioten talde zaragozarrari, Urbietan jokatu zutenean; etxetik kanpo, partidu “kaskarra eta deserosoa” jokatuta ere, berdindu egin zuten. Arerioaren lantaldea bai erasoan, bai defentsa lanetan “sendoa” dela iragarri dute: “Atzealdean, joko oso fisikoa egiten duten jokalari handi eta astunak dituzte; aurrelariak, berriz, bizkorrak dira. Ez hori bakarrik: defentsa eta erasoa uztartzen dituen bederatzia oso trebea da jaurtiketetan, eta bizkorra ere bai”.

Valentziaren aurkako liga erregularreko azken neurketa.
Horren aurrean, “ezustekorik gabeko jokoa” egin beharko dute gernika-lumotarrek: “Liga erregularraren lehen postura eroan gaituen jokoari eutsi behar diogu, azken orduko aldaketarik egin barik. Fase estatikoak menpean edukitzea giltzarri izango da, eta, abantaila lortuz gero, atzelarien jokoarekin asmatzea”. Edozelan ere, argi dute igoera kanporaketako finalaurrekoa ez dela “beste edozein partidu”: “Urduritasunaren eta tentsioaren kudeaketan egongo da neurketaren gakoa. Kanporaketa Urbietan eta etxeko jarraitzaileen berotasunean jokatzea ezinbesteko helburua zen guretzat, eta, ligako lidergoa bermatuta, jomuga hori lortu dugu; orain, hori zukutzea eta Urbietako berdegunea inork baino hobeto ezagutzen dugula frogatzea dagokigu”.

Valentziaren aurkako liga erregularreko azken neurketa.
Herri babesa.
Zelairatuko diren jokalariez gain, zaleen bultzada izango da etxekoen “armarik eraginkorrena”: “Hitzordu handien bezperan sumatu ohi den giro berezia igarri daiteke herrian; denak gogotsu eta ilusioz daudela ikusten ari gara”. Horren erakusle da klubak partidu egunerako antolatu duen bazkari herrikoirako deialdiak jaso duen erantzuna: “Gaur-gaurkoz, ia 130 lagunek erosi dute txartela, eta 200 inguru izatea aurreikusten dugu. Fenix babestera etorriko diren zenbait jarraitzailek ere beren txartelak gordetzeko eskatu digute, eta horrek esangura berezia du: zelaian aurkariak izanagatik ere, handik kanpo talde bien arteko errespetua edota ahaidetasuna dagoela erakusten du”. Barikua [maiatzak 8] izango da bazkaritarako txartela eskuratzeko epemuga; Gernika-Lumoko Azules tabernan eros daiteke, 10 euroren truke.