Eider Fernandezek irabazi du Bizkaiko eskolarteko hirugarren kanporaketa, Muxikan
Atzo (maiatzak 4), jokatu zen Bizkaiko Eskolarteko Txapelketaren hirugarren kanporaketa Muxikan; bederatzi gazte oholtzaratu ziren Ariatzako eskolan eta Eider Fernandez Bermeoko bertsolaria izan zen puntu gehien batu zituena.
Bizkaiko Eskolarteko Txapelketaren hirugarren kanporaketa Muxikan.Bizkaiko Bertsozale Elkartea Aurrera doa 2026ko Bizkaiko Eskolarteko Txapelketa. Atzo (maiatzak 4) hirugarren kanporaketa lehiatu zuten, eta Eider Fernandez bermeotarra nagusitu zen bertan. Bihar (maiatzak 6) izango da laugarren eta azken kanporaketa Igorren, eta erabakita geratuko da maiatzaren 30eko (zapatua) finalean Aulestiko frontoian arituko den zortzikotea.
Fernandez, Helene Yerga eta Aretx Iruskieta bermeotarrak, Xabier Abasolo, Aner Goikoetxea eta Jon Abasolo munitibartarrak, Beñat Enbeita eta Unai Aldana gernika-lumotarrak eta Maddi Aurtenetxe zornotzarra igo ziren oholtzara atzo Ariatzako eskolan, eta lehenengo atala lehiatu ostean, Fernandez, Yerga, Jon Abasolo eta Aurtenetxe sailkatu ziren bigarren fasera. Azken horien artean, berriz, Fernandezek lortu zituen puntu gehien, eta finalerako zuzenean sailkatzea lortu zuen.
Finalean, aurreko saioetako irabazle izan diren Iradi Barrenetxea eta Amaiur Betanzosekin batera arituko da, baita Igorreko irabazleagaz zein puntuazioaren arabera sailkatze fasean onenak izan diren beste lau bertsolariekin ere.
Saioan gai emaile lanetan Iñaki Iturriotz aritu zen, eta Ainhoa Arregik, Ander Arrienek eta Juango Respaldizak osatu zuten epaimahaia. Idazkari lanetan, aldiz, Igor Menika aritu zen.

Bizkaiko Eskolarteko Txapelketaren hirugarren kanporaketa Muxikan.Bizkaiko Bertsozale Elkartea