Giro ederra, tortilla txapelketako osagai nagusia
Lorategieta auzoko jaiak ospatzen ari da, eta tortilla txapelketan bildu dira goizean bizilagunak. Hamabost tortilla aurkeztu dituzte, eta 12 zenbakiduna izan da onena.
Arrautza, kipula eta patata. Hiru osagai horiekin jolasean ibili dira gaur (maiatzak 2) Lorategietan. Auzoko tortillatik onena norena den erabaki behar zuten gaurkoan, eta bakoitzaren abileziak erakutsi dituzte bertaratu direnek. Denetara hamabost tortilla aurkeztu dituzte, eta 12 zenbakiduna izan da epaileentzako onena, Ernestok kozinatutakoa.
Goizetik bertaratu dira herritarrak, kipula txiki-txiki mozteko, patatak zuritu eta oliora botatzeko prest uzteko. Patatak frijitzen zituzten bitartean, auzoko giroa nagusitu da Lorategietan. Elkarren artean berbetan egon dira bertaratutakoak, poteoan, elkarri tortillarik onena egiteko gomendioak ematen, elkar laguntzen, besteen tortillak nola zihoazen begiratzen… auzoko giro ona agerian utzi dute.
Lehen orduetan eguraldia lagun izan dute, eta eguerdian euria agertu bada ere, giroak ez du etenik izan. Hala, 13:30erako prest izan dituzte aurkeztu beharrekoak, zenbait mahaitan azken uneko urduritasunak eta estutasunak nabaritu diren arren. Bestelako osagaiak gehituta ere tortilla gehiago egin dituzte, baina horietako batzuk ez dituzte lehiaketara aurkeztu.
Tortillak eginda eta aurkeztuta, epaileen txanda iritsi da. Bakoitzaren gatz puntua, testura, patataren frijitura eta aurkezpena izan dituzte kontutan, eta denak probatu eta baloratu ostean, 12 zenbakiduna izan dela onena erabaki dute. Gero, egindako horiek jan dituzte Lorategietan, eta arratsaldearen zain gelditu dira, arratsaldean ere badutelako zertaz gozatu.
Hala, Lorategietan argi utzi dute edozein jai giroren osagai nagusia dela giro ona.
Umeen txanda izango da gero.