Elexalde inguruan babes publikoko lehen 10 etxebizitza eraikiko dituzte, eta dagoeneko esleituta daude
Elexalde auzoan eraikiko dituzten 23 etxebizitza barne hartzen dituen proiektu baten lehen 10 etxebizitza babestuak esleitu dituzte; Esleipendunek profil desberdinak dituzte, gehienak eskualdeari lotutakoak, eta gazteen presentzia nabarmena da.
Mendatako Udalak dagoeneko esleitu ditu Elexalde inguruan eraikiko dituzte babes publikoko lehen 10 etxebizitzak. Jarduera hori 23 etxebizitza aurreikusten dituen proiektu zabalago baten barruan kokatzen da, eta udal ordezkariek diote hori “aurrerapauso nabarmena” dela herrian antzemandako behar nagusienetako bati erantzuteko: Mendatan bizitzeko “benetako aukerak” sortzea, “sustraitzea erraztea”, eta, bereziki gazteei Mendatan geratzeko eta etorkizuna eraikitzeko bidea ematea.
Babes publikoko etxebizitzak sustatzeko lehen fasean, proiektuak 10 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du, dagozkien trasteleku eta aparkalekuekin. Etxebizitza horiek bi bloketan banatuko dituzte, bosna etxebizitza bloke bakoitzean, sarbide independenteak, lorategi espazio pribatuak eta lurraren malda naturalera egokitutako antolamendua izango dutenak. “Diseinuak funtzionaltasunaren, erosotasunaren, energia-eraginkortasunaren, bizigarritasunaren eta irisgarritasun unibertsalaren irizpideak hartuko ditu kontuan, etxebizitza babestuaren arloan indarrean dagoen araudiaren arabera”, gehitu dute.
Eta esleipendunek profil desberdinak nabarmendu dituzte, gehienak eskualdeari lotutakoak direla azpimarratuta, eta gazteen presentzia nabarmena dela gehituta: “Honek proiektuaren helburu estrategikoetako bat indartzen du: biztanleria finkatzea ez ezik, gaztetzea ere bai”.
Hurrengo pausuak
Proiektua duela bost urte abiatu zuen udalak, Elexaldeko lur sailak erosi zituenean. Ordutik hona, hainbat lan egin behar izan dituzte, tartean saneamendu-obrak. Udalak bere gain hartu du proiektua idaztea, kooperatiba kudeatzaile bat sortzea sustatu du, eta higiezinen agentzia batekin hartu-emanak izan ditu egitasmoa bideragarri egiteko.
Kooperatiba duela hilabete batzuk eratu zutela jakinarazi dute, une honetan proiektua birpartzelazio fasean dagoela adierazita. Aurreikuspenen arabera, uda ostean ekingo zaio sustapenari, eta behin obrak hasita, urte eta erdi eta bi urte arteko epea aurreikusten da etxebizitzak amaitzeko.
Gainera, eremuko urbanizazio lanak ere udalak egingo ditu, inguruari beharrezko zerbitzuak emante “esku hartze integrala” osatuz. “Benetan pozgarria da ikustea ibilbide luzeko proiektu hau pausoz pausu aurrera doala eta errealitate bihurtzen hasi dela. Aukerak sortzea da, jendea herrian, eskualdean, geratzeko eta bere bizi-proiektua hemen garatzeko. Ilusioz jarraituko dugu ildo horretan lanean”, adierazi du Mendatako alkate Joseba Malleak.
Ekimen horren bidez, alkateak dio berretsi egiten dutela “udalerri bizi, orekatu eta etorkizuna izango duen eredu baten aldeko konpromisoa”, non etxebizitza —eta, bereziki, etxebizitza babestua— funtsezko elementu gisa sendotzen den, biztanleria erakartzeko eta finkatzeko ez ezik, belaunaldien arteko erreleboa eta komunitatearen bizitasuna bermatzeko ere.