Ea, Elantxobe eta Mundakako portuetan hobekuntza eta segurtasun lanak egiten ari da Jaurlaritza
Uda garaian Ean, Elantxoben eta Mundakan "zerbitzu egokiak eta segurtasuna bermatzeko" helburuagaz obrak egiten ari da Jaurlaritza: Mundakan udako zaintza langileentzat den espazioaren berrikuntza egiten ari dira; Elantxoben portuaren segurtasuna eta erabilera-baldintzak hobetzera bideratu dituzte lanak; eta Ean sasoiko oinarrizko zerbitzuak jartzea aurreikusi dute.
Mundakako herria, aire perspektibatik.Irekia Hondartzarik bariko kostaldeko udalerrietan lanak egiten ari da Eusko Jaurlaritzako Portu, Itsas Gai eta Litoralaren Zuzendaritza, uda garaian udalerri horietan “zerbitzu egokiak eta segurtasuna bermatzeko” helburuagaz. Hori dela eta, zerbitzuak, azpiegiturak eta erabilera baldintzak hobetzeko jarduketak egiten ari da, besteren artean, Ean, Elantxoben eta Mundakan.
Izan ere, hondartzarik ez dutenez, uste dute arreta espezifikoa behar dutela herritarrentzat zein bisitarientzat “egokiak eta seguruak” diren eta “oinarrizko zerbitzuez hornitutako” espazio publikoak bermatzeko. Testuinguru horretan, Saila udalerri bakoitzaren errealitatera egokitutako esku-hartzeak garatzen ari dela diote, “ikuspegi praktiko eta emaitzetara bideratuarekin”. Koldo Goitia Portuetako zuzendariak esan du udalerri horien beharrei “erantzun zehatza” ematen adi direla: “Zerbitzuak indartuz eta azpiegiturak hobetuz, jende gehien biltzen den hilabeteetan portuetan segurtasuna bermatzen ari gara”.
Mundakako portuan “funtsezko jarduketak” egiten ari dira: komun publikoen lokalaren eta udako zaintza langileentzat den espazioaren berrikuntza egiten ari dira, baita kanpoko dartsenaren dragatzea ere, ontzien ainguratzea errazteko “ezinbestekoa” dena. Horrez gain, kostaldeko eremuko eskailerak konpontzen ari dira, eta segurtasuna indartuko dute ekainetik irailera bitarteko zaintza pribatuko zerbitzu baten bidez.
Elantxoben, esku-hartzeak portuaren segurtasuna eta erabilera-baldintzak hobetzera bideratuko dituzte, udan zaintza pribatua kontratatuz eta portuko biltegi baterako itxitura eginez. Jarduketa hauek lehendik egindako lanekin osatzen direla gehitu dute, hala nola udako igerilekurako sarbideko barandaren konponketarekin, inguruko irisgarritasuna eta segurtasuna hobetuz.
Bestalde, Ean, Jaurlaritzak “lankidetza estua” izan duela udalarekin azpimarratu dute, sasoiko oinarrizko zerbitzuak jartzea errazteko helburuaz. Horrela, portuan dutxak eta hondartzako etxolak jartzea baimendu dute, “jende gehien dagoen hilabeteetan kostaldearen erabilera-esperientzia hobetzeko”.
Jarduketa horiekin lurralde orekaren alde egin dutela gaineratu du Goitiak: “Lurralde-oreka bermatzea da udalerri hauetan ere jardutea, eta egitateekin egitea: inbertsioekin, mantentze-lanekin eta udalekin lankidetza zuzenarekin. Jarduketa hauek sendotu egiten dute Eusko Jaurlaritzaren apustua, portuaren eta udalerriaren arteko harremana indartzen duen kudeaketa-eredu baten aldekoa, tokiko biztanleen bizi-kalitatea hobetuz eta kostaldeko gune hauen erakargarritasuna sustatuz, erabilera antolatu, seguru eta jasangarri baten ikuspegitik”.