Udalerriko lehen jaien berotasunean dabiltza Lorategietan
Txistulariekin hasi dute Lorategietako jaien egun handia gaur (maiatzak 1), eta Elai-Alaiko dantzariek girotu dute eguerdia. Bazkaritan Auzune Tabernan elkartu dira, eta arratsaldean Melomaniack ikuskizunagaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Elai Alai Dantzari Taldekoen ikuskizuna Lorategietako jaietan. Txupinaren zarata entzun eta pintxopotean batu ziren atzo (apirilak 30) iluntzean Lorategietan. Jaiak hasi diren seinale izan zen hori. Gaur (maiatzak 1), aldiz, egun handia dute, eta eguraldi ona lagun dutela ospatzen dabiltza auzoko festak bizilagunak. Musikak eta dantzek girotu dute gaurko goiz-eguerdia, eta jatekoagaz gozatzeko aukera dute orain bertaratutakoek.
Goizean txistulariekin kalejira egin dute auzotarrek, eta mezaren ostean, jai eguna aprobetxatu eta Elai-Alai dantzari taldekoen ikuskizuna ikustera hurbildu dira hainbat eta hainbat. Gaztetxoek eduki dute protagonismoa, eta ikasturtean zehar ikasitakoak erakutsi dizkiete guraso eta auzokideei. Gazte, heldu eta nagusiek bete dute plaza.

Elai Alai Dantzari Taldekoen ikuskizuna Lorategietako jaietan.
Marmitakoa jateko elkartu dira orain Auzune Tabernan, eta barre eta irrintziek girotutako eguerdian murgilduta dabiltza batzuk eta besteak. Arratsaldean, 19:00etatik aurrera, Melomaniacken emanaldiagaz gorputza astintzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Baina gaur ez dira Lorategietako jaiak amaitzen. Bihar (maiatzak 2) jarraipena izango dute, tortilla txapelketan elkartuko baitira 12:00etan; kozinatutakoak 13:30erako aurkeztu beharko dituzte, epaileek onena norena den erabakiko baitute orduan. Arratsaldean, umeentzako egitaraua prestatu dute. 16:30etik aurrera, umeentzako puzgarriak egongo dira, eta txokolatea ere prestatuko dute horientzat. Iluntzea, berriz, Esna Gazte! gazte eta familientzako ikuskizunak girotuko du, bertaratzen direnak kantuan eta dantzan jarriz.
EGITARAUA.
Maiatzak 2.
12:00. Tortilla txapelketa; aurkezpena 13:30erako.
16:30. Umeentzako puzgarriak.
19:00. Txokolate jana.
20:00. Esna Gazte! ikuskizuna.