San Fidel Ikastolakoek jantzi diote zapia On Tellori
Gernika sortu zeneko 660. urteurrenean San Fidel Ikastola izan da On Tello kondearen eskulturari zapia eskuan jartzeko arduraduna. 125 urte betetzen ditu ikastolak aurten, eta urteurrena aprobetxatu dute Gernikazarrakoek San Fideleko ordezkariei zapia jartzeko gonbidapena egiteko.
660 urte bete ziren atzo (apirilak 28) Gernika sortu zenetik. 1366ko apirilaren 28an On Tello kondeak hiri gutuna eman zion Gernikari. Hori da, hain zuzen ere, Foruen plazan dagoen On Telloren eskulturak eskuan daukana. Eta horri jarri zion zapia Maite Llona San Fidel Ikastolako irakasleak; izan ere, aurte 125 urte betetzen ditu ikastolak, eta Gernikazarra Historia Taldekoek efemeridea aprobetxatu dute ikastolakoei On Tellori zapia jartzeko gonbidapena egiteko.
On Telloren eskuan dagoen gutun horretan, apirilaren 28an sortutako herriak izango zituen mugak zehaztu ziren, baita gernikarren eskubide, betebehar eta abantailak zeintzuk ziren ere. Horien arabera antolatu zen Gernika juridikoki zein politikoki, 1882ra arte; urte horretako urtarrilaren 8an bat egin zuten Gernikak eta Lumok.

San Fidel Ikastolako irakasle Maite Llonak jarri dio zapia On Tellori aurten.
Duela 660 Lumoko auzotik idatzitako hiri gutunaren pasarte bat irakurri zuten Gernikazarrakoek atzo, zeinetan On Tellok Gernikari ematen zizkion lurrak zeintzuk ziren jasotzen den: “Gernikan hasi eta Busturia, Metxika, Gerekiz, Autzagane, Albiz, Arratzu, Oma eta Arteaga bitarteko lur guztiak ematen deutsodaz”. Eta, gogoratu zuten gutunak itsasadarrean “gora edo behera” zebiltzan itsasontziengatik gernikarrek zergarik ez ordaintzea ere jasotzen duela. “Eta itsasoz zein lehorrez eroan eta ekartzen dituzuen merkantziengatik zergak ordaintzetik libre uzten zaituztet”, esaldia ere irakurri zuten. Gainera, eguazten guztietan, Busturitik Okaraino merkatua bakarrik Gernikan egon zitekeela ere agindu zuen On Tellok. “Libertate eta eskubide honek zuei Gernikako bizilagunei ematen dizkizuet, bai gaurkoei, bai etorkizunekoei. Eta ahalegin guztia jarriko dut inor ausartu ez dadin eurak galazoten edo gitxiagotzen”, dio kondeak hiri gutunean.
Gernikazarrakoek hiri gutunak barne hartzen dituen legeak bai, baina “libertateak” direla beraientzat preziatuenak adierazi zuen: “Horretan datza gure gernikar hiritartasunak, gure izateak. Lege horiek eta eskubide horiek egiten gaituzte hiritar askeak”.
Pasarte hori gogoratu aurretik, baina, urteurrena gogoratzeko, Gernikako mugetatik ibilbidea egin zuten Gernikazarrra Historia Taldeak antolatuta; udaletxe aurrean elkartu ziren eta 8 de Enero, Adolfo Urioste, Allende Salazar eta San Juan kaleetatik egin zuten ibilbidea. Gero, On Telloren eskulturaren aurrean elkartu ziren, dantzari eta musikariek girotuta; aurreskua dantzatu zuten eta Gure Arbola Zaharra abesbatzakoek ere kantatu zuten. Bertan egon zen San Fidel Ikastolako komunitatea ere, izan ere, ikastolako ikasleek urtero girotzen dute Gernikako mugen inguruko kalejira.
Gernika sortu zeneko urteurren ekitaldia 1936. urtera arte etengabean egin zen tradizioa izan zen. Azken urteetan ohitura berreskuratu du Gernikazarrak. Atzokoarekin 32 aldiz prestatu dute urteurrenaren ospakizun ekitaldia, “hurrengo belaunaldiei gertaeren berri emateko”.