"Olinpiar jokoak bozgorailu izan dira guretzat"
Mendiko eskian gailurra konkistatu du Oriol Cardona Collek. Olinpiar Jokoetan urrezko eta brontzezko dominak irabaztearekin batera, kirol modalitate horri oihartzuna eman eta ezagutaraztea lortu du.
Gautegiz Artegan goxo hartu dute Oriol Cardona Coll kataluniarra. Udalak emandako txapela buruan, eta Olinpiar Jokoetan lortutako urrezko eta brontzezko dominak eskuetan, irribarretsu eta pozik agertu da.
Zure ibilbide profesionalean zer suposatu du Olinpiar Jokoetan lortutako balentriak?
Oraindik hori ikusten ari naiz. Italiatik bueltatu nintzenean, aldaketa nabarmena igarri nuen. Ikusi nuen jendeak asko bizi izan zuela, eta ez nuen imajinatzen halako oihartzunik. Hainbeste jendek lasterketak ikusi zituela, mendiko eskia ezagutzen zuela eta gu ezagutzen gintuela ikustea ezustekoa izan zen. Nire bizitzan nola eragin duen, bizi dudan aldaketa, orain ari naiz ikusten. Eta espero dut mendiko eskiak hurrengo hilabete eta urteetan bilakaera positiboa edukitzea, jende gehiagok praktikatzea eta kirol honekiko interes gehiago egotea.
Uste duzu zure lorpenek zuen kirol modalitatea ezagutarazteko balio izan duela?
Horrela izan da. Olinpiar Jokoak bozgorailu bat izan dira guretzat, ezagutzera emateko bozgorailu. Behintzat orain jende askok ezagutzen du kirol polit hau. Eta espero dut jende gehiago probatzera animatzea. Jendeak ezagutzeaz gain, jendeak praktikatzea ere bada helburua.
Olinpiar txapeldun izateak ate gehiago edota berriak zabaldu al dizkizu?
Bai, horrela da. Noski, mediatikoki aldaketa izan da noski, eta orain horren ondorioak ikusten ari naiz. Gero eta interes gehiago dago; urrea lortu ostean, Espainiara heldu nintzenean interes handia egon zen, eta egoten segitzen du. Hori oso polita da, eta oso ondo dago.
Bi hilabete pasatu diren honetan, zelan gogoratzen duzu Olinpiar Jokoetako esperientzia? Eta urrezko domina lortu zenuen unea?
Esperientzia oso polita izan zen. Gauza berria zen denontzat, eta gauza handiaren sentsazioa neukan. Lasterketetan hainbeste jende animatzen egotera ez geunden ohituta, eta eskertzen da. Lehenengo aldian apur bat zirrara sortzen du. Bertan egon ginen astea oso polita izan zen. Azken batean, lau urterik behin gertatzen den ekitaldia da, eta lau urte barrura arte ezin izango dugu berriro bizi. Horregatik, asko aprobetxatu genuen eta benetan bizi izan genuen. Urrea lortu nuen finala hiruzpalau aldiz ikusi dut. Helmuga zeharkatu nuen momentua oso polita izan zen niretzat. Urte asko neramatzan helburu honen atzetik, eta lortu ahal izateak poztasun handia eman zidan. Poztasun handiko momentua izan zen.
Ezustekoa eman zenuen. Zein momentutan konturatu zinen urrea zeurea zela?
Helmugara heldu orduko metro eskas batzuetara, hiruzpalau segundo arinago, atzera begiratu nuen, eta ikusi nuen bigarrenaren eta nire artean alde asko zegoela, eta urrea bermatzen nuela. Orduan hasi nintzen gozatzen. Mila gauza gerta daitezkeen lasterketa da, eta helmugara heldu arte ezin da ezer ziurtzat jo. Helmugaratzea gozatu nuen; beteta sentitu nintzen. Hainbeste urtetako lanaren ordainsaria izan da. Momentu horretan urteetako lanak fruituak eman zituela sentitu nuen. Poztasun hutsaren sentsazioa izan zen; helmugara heldu, eta Italiara joan ziren familia eta lagunak ikusteak, hainbeste jenderen emozioa ikusteak neu ere emozioz betetzea eragin zuen.
Zein da zure hurrengo helburua edo erronka?
Ez dakit, baina bizitakoa bizita, lau urte barru Olinpiar Jokoetara itzultzea gustatuko litzaidake. Asko geratzen da, baina gustatuko litzaidake, eta horretarako borrokatuko dut.
Zelan hartu zaitu Gautegiz Arteagako herriak? Espero zenuen udalaren harrera instituzionala?
Ez nuen espero, baina Patrik Saitua alkateak hasieratik esan zidan hemen zerbait egin nahi zidatela. Harrerarengatik poz-pozik nago, eta hemen egotea luxua da. Denbora gutxi daramat hemen, baina oso ondo hartu naute. Udan egoten naiz hemen, baina jendeak oso ondo hartu nau.
Zer da Gautegiz Arteagatik eta eskualdetik gehien gustatzen zaizuna?
Entrenatzeko leku oso ona da, klima oso ona daukazue, eta lurraldean dauden bizikletan ibiltzeko ibilbideak ikaragarriak dira. Gainera, gimnasioa ere badagoenez, oso ondo datorkit. Hemengo bizi kalitatea oso ona da, oso ondo jaten da, tenperatura eta klima atsegina… eta jendea ere primerakoa da.

Omenaldi beroa jaso du Oriol Cardona olinpiar txapeldunak
Oriol Cardona Coll olinpiar txapeldunari harrera egin zion Gautegiz Arteagako Udalak eguen arratsaldean [apirilak 23], udaletxean. Kataluniarra Gautegiz Arteagako bizilaguna da iaztik, eta Patrik Saitua alkateak esan bezala, «harrotasunez» batu ziren hari ongi etorria eta omenaldia egiteko. Zoriontzeagaz batera, txapela jantzi zion alkateak.
Denak hunkiarazteagatik eta gailur ezinezkorik ez dagoela gogorarazteagatik eskerrak eman zizkion alkateak: «Oriolek ez du soilik mendiko gailurra erdietsi; gu guztion miresmena ere irabazi du. Esfortzuarekin, pertseberantziarekin eta pasioarekin, erakutsi du ametsak pausoz pauso konkistatzen direla, aldapa eta zailtasun bakoitza gaindituta». Bere kirol lorpenak apartekoak badira ere, benetan handi egiten duena bere jarrera edo portaera dela nabarmendu zuen: «Garaipenean umiltasuna eta aurkariekiko errespetua erakutsi ditu, baita mendiarekiko eta bere sustraiekiko maitasuna ere. Medailak edota tituluak baino askoz gehiago ospatzen ari gara; gure gazteei ematen dien eredua, sortzen duen harrotasuna eta esfortzua bide bezala ikusten dugun denoi transmititzen digun inspirazioa ospatzen ditugu. Hau zure etxea izango da beti».
Harrerarengatik eta herrian ondo hartu dutelako eskerrak eman zizkien Cardonak: «Hemen nagoenetik oso gustura sentitu naiz, etxean bezala sentiarazten nauzue. Hemen zuekin egotea plazera da, eta eskerrik asko denoi».