Garaipena, denboraldi gazi-gozoa agurtzeko
Lointek Gernika Bizkaiak zaleen aurrean garaipena lortuta amaitu du denboraldia: 86-75 nagusitu zaio Perfumerias Avenidari. Lucas Fernandezen taldeak hamargarren postuan bukatu du.
Garaipenagaz agurtu du 25/26 denboraldia Lointek Gernika BizkaiakLointek Gernika Bizkaia Urte hasierako bolada txarra atzean utzi eta denboraldiko azken txanpan, gehien behar zuen unean, berriro ere garaipenen bidera itzuli da Lointek Gernika Bizkaia. Ez da denboraldi erraza izan granateentzat, baina Lucas Fernandezenek une oro sentitu dute marea granatearen babesa; horregatik, denboraldia garaipenarekin agurtu nahi izan dute gernika-lumotarrek, Malosten, etxekoen aurrean. Eta lortu dute. Lointek Gernika Bizkaia 86 eta 75 nagusitu zitzaion zaoatuan [apirilak 25], Endesa Ligako play-offetara zerrendaburu sailkatzeko lehian murgilduta zebilen Perfumerias Avenidari.
Granateena atzetik aurrerako lana izan zen, Salamancakoek hasieratik beraien jokoa inposatzea lortu baitzuten. Khadijiah Cave estatubatuarrak Perfumerias Avenida markagailuan aurretik ipini zuen, uztai azpitik saskiratze errazak lortuz. Fernandezenek baina, azkar erantzuteko gai izan ziren, Ane Olaeta gernika-lumotarraren hirukoagaz neurketa 8 puntura berdinduta. Lehen laurdenean parekotasuna nagusitu arren, gernika-lumotarrek lehen laurdena 22 eta 18ko aldeko markagailuagaz amaitu zuten.
Minutuek aurrera egin ahala, aldea handituz joan ziren granateak. Bisitariek beraien jokaldiak arbeletik kantxara eramateko zailtasunak izan zituzten bigarren zatian, ez baitziren erasoan eroso sentitzen. Lointek Gernikak, gainera, defentsa lanetan sendo, erasoko jokaldietan ere saskiratzeak poltsikoratzeko aukera lortu zuen, Olaetaren eta Angela Salvadoresen gidaritzapean. Gernikarren puntu pilaketak marea granateak ezaguna duen Anna Montañana entrenatzaile valentziarra —22/23 denboraldian gernikarren entrenatzaile izandakoa— hutsarte guztiak agortzera behartu zuen. Atsedenaldia iristerako 10 puntu goitik ziren Fernandezenak (47-37).
Montañanarenak indarberrituta kantxaratu ziren hirugarren laurdenean, aurrerapauso hori markagailuan islatzea lortuz. Fernandez hutsarteen bidez salamancarren jokoa eteten saiatu arren, erraz eta eroso saskiratzeak lortuz joan zen Perfumerias Avenida, Laura Spreafico italiarraren hiruko batek berriro ere markagailuan aurretik jarri zituen arte (55-57). Saskiratzeak kantxaren bi aldeetan, parekotasuna erabatekoa zen azken hamar minutuak jokatzeko zeudelarik.
Gernikarrak izan ziren azken laurdenean erasotzen lehenak: Aaronette Vonlehek uztai azpitik puntuak lortuta, eta Laura Westerikek defentsan baloi garrantzitsuak lapurtuz, granateen suspertzea ahalbidetu zuten, eta Esther Castedo izan zen, hiruko marratik saskiratzea lortuta, abantaila zazpi puntura eraman zuena.
Perfumerias Avenidak baina, zonakako defentsa ezarri eta gernika-lumotarren akatsak eragiteko gai izan ziren, erasoan puntuak pilatzen jarraitzen zuten bitartean. Fernandezek zuzendutako taldeak baina, aldeko zuen abantaila txikia kudeatzen jakin zuen, eta Masa Jancoviken saskiratzeagaz, granateek abantaila 9 puntura handitu zuten, bukaerarako 3:34 faltan. Partidaren azken txanpak hainbat hiruko utzi zituen bi saskietan, eta neurketa 86 eta 75ekoagaz bukatu zen.
“Zapore goxoa”.
Denboraldi amaiera “oso konplexua” izan bada ere, Perfumerias Avenidaren aurka bere taldeak jokatutako partidagaz “oso harro” agertu da Fernandez, Salamancako taldea defentsan “talde onenetakoa” baita: “Garaipenak denboraldia zapore goxoagaz amaitzea ahalbidetu digu”.
Hogeita hamar neurketan 12 garaipen eta 42 puntu poltsikoratuta, hamargarren postuan bukatu du “izugarri zaila” izan den denboraldia Lointek Gernika Bizkaiak. Fernandezek jokalarien eta staff taldearen lana eta konpromisoa goraipatu eta marea granateak une oro erakutsitako babesagaz “harro” agertu da: “Eurocup, jokalarien galera, lesioak… Ligako lehen itzulia eta Eurocup egoera horretan jokatu arren, Eurocupeko lehen kanporaketa gainditu izanak talde honen mentalitatea eta izaera erakusten ditu”.