Finalaurrekoa zaleen berotasunean jokatuko du Gernika Rugby Taldeak
Valentzian garaipena lortuta (19-30), Ohorezko Elite Mailako denboraldi erregularra sailkapenaren gorenean amaitu du Gernika Rugby Taldeak. Play-offetako finalaurrekoa Urbietan jokatuko du, maiatzaren 10ean [domeka], Fenix Club Rugbyren aurka.
Gernika Rugby Taldea Ohorezko Mailara igotzeko play-off kanporaketari begira dago dagoeneko. 11. jardunaldian eguraldiak behartuta bertan behera gelditu zen partidua jokatu dute asteburuan basurdeek Valencia Rugby Club taldearen aurka eta, garaipena lortuta (19-30), sailkapenaren gorenean amaitu dute Ohorezko Elite Mailako denboraldi erregularra. Helburuak erabat beteta, maiatzaren 10ean [domeka] Urbietan jokatuko duten play-offetako finalaurrekoa, Fenix Club Rugby Zaragozaren aurka.
Sailkapenaren lidertza eskuratzeko Valenciaren zelaian garaipena eskuratu beharra zuten gernika-lumotarrek; Valencia RCk ostera, ez zuen ezer jokoan, baina denboraldia garaipenagaz agurtu gura zuten, eta ez zeuden, inola ere, puntuak merke saltzeko prest. Lehen zatian “molean indartsuago” ibili ziren valentziarrak, baina markagailuan parekotasuna izan zen nagusi, puntuak zelaiaren bi aldeetan pilatu baitzuzten taldeek. Beau Finnian Pearten bi zigor ostikoagaz aurrea hartu zuen Gorka Argulek zuzendutako taldeak, baina hogeigarren minututik aurrera, etxeko taldea ere puntuen lehian sartu zen, Petrus Van Stedenen entseguagaz.
Carlos Zavalak lortu zuen basurdeen lehen entsegua, baina Valentziak minutu gutxitan beste batekin erantzun zuen, markagailuan 14 eta 13koa jarriz. Lehen 40 minutuak bukatzear zeudela baina, berdebeltzak atsedenaldiara aurretik joatea ahalbidetuko zuen entsegua lortu zuen Rayardt Nelek.
Aldagelatik indarberrituta zelairatu ziren gernika-lumotarrak eta beraien nagusitasuna puntuetan islatzea lortu zuten. Izan ere, berdegunera salto egin eta minutu gutxira valentziarrek entsegua lortu bazuten ere, Jaundre Nelen entseguak eta Pearten zigor ostikoak behin betiko 19-30a jarri zuten markagailuan.
Play-offak, Urbietan.
Ohorezko Elite Mailari eusteko helburua beteta, maila gorena bi urratsera dute basurdeek. Edonola ere, anbizioz baina finala jokatzeko Fenix RC gainditu beharko dutenaren jakitun, partidua etxean jokatzeagaz pozik daude: “Urbietan partidu bakarra galdu dugu denboraldi honetan, Hernaniren aurkako derbia, baina aspaldi izan zen, azaroan, zazpigarren jardunaldian”.
Fenixek laugarren postuan amaitu du denboraldi erregularra, 11 garaipen eta 48 puntu eskuratuta. Zaragozatik iritsiko dira Urbietara, eta distantzia handia ez denez, “zale asko” ekarriko dituztela aureikusten dute Gernika Rugby Taldeko zuzendaritzatik. Partidu “zaila” aurreikusi arren, Urbieta gotorleku izatea espero dute: “Herriarentzat egun berezia izatea espero dugu”.
Urbietan nagusitzen den taldeak CRC Pozuelo — bigarren sailkatua— eta Club de Rugby San Cugaten —hirugarren sailkatua— arteko neurketan nagusitzen den taldea izango du aurkari maiatzaren 24ko final handian.