Memoria demokratikoaren atea ireki dute
'Memoria demokratikoaren Lekua' eskultura inauguratu dute Gernikako Bonbardaketaren 89. urteurrenean.
Gernikako Bonbardaketaren 89. urteurrenean, memoriari ate bat ireki gura izan diote: Memoria Demokratikoaren Lekua. San Juan Ibarran, Portu kalean kokatutako ate sinbolikoak, Gernikaren historia, mina eta duintasuna jasotzen ditu. Oroitzapenerako, hausnarketarako eta balio demokratikoen konpromisorako gunea da.
Atzo goizean [apirilak 26] aurkeztu zuten, eta bertan nabarmendu bezala, “leku berezian” kokatuta dago: leku horretatik parez pare San Juan eliza ikusten zen, bonbardaketaren egunean deuseztatuta geratu zen eliza. Hain zuzen ere, eskumaldean eliza hori irudikatuta dago. “Gernika-Lumoko herrigunea izendatu zuen Memoria Demokratikoaren Leku izendatu zuen Madrilgo gobernuak 2024ko martxoaren 13an. Gaur, memoria demokratikoaren atea zabaltzen dugu. Bonbardaketak elizarekin batera ia herri oso kendu zigun”, azaldu zuen Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak.
Altzairuz egindako monumentua sendoa eta iraunkorra da, gernikarren memoria bezala, eta ate bat izanik, gonbidapen bat egiten du, bakearen aldeko bidea hartzeko gonbidapena, alegia. Ekitaldiaren balio instituzionalean eta moralean ipini zuen azpimarra Gernika-Lumoko alkateak. Udalerria Memoria Demokratikoaren Leku izendatzea, aitortza bat egitea baino gehiago dela adierazi zuen, betebeharra zela: “Historiaren aurrean eta gure herriaren kontzientzia kolektiboaren aurrean onartutako betebeharra da. Errekonozimendu hau ez dadila izan izendapen hutsa, benetako konpromisoa izan dadila, egiarekiko, justiziarekiko eta gure historiaren parte diren guztien duintasunarekiko konpromisoa”.
Haren berbetan, memoria demokratikoa ez da ariketa erretorikoa; giza eskubideen urraketak jasan eta minezko eta hausturazko pasarteak iragan dituzten herri eta nazio guztiak hausnarketara gonbidatzen dituen printzipio etikoa da. Ez ahazteko borondate irmoa da, ez ukatzeko, ez errepikatzeko borondatea da: “Beste hainbatetan bezala, hiribildu honetan daude injustizia jasan zutenen aztarna ezabaezinak, isilaraziak izan zirenenak, eta zoritxarrean ere askatasunaren, duintasunaren eta justiziaren balioei eutsi zietenenak”.
Gertatutakoa gogoratzeaz gain, gaur gaurkoz erantzukizun aktiboa onartzea eskatu zuen, demokrazia sendoa ez delako ahanzturan eraikitzen, egian baizik: “Memoriarik eta justizia barik, ez du luzaroan iraungo. Gaur egun ditugu eskubide eta askatasunak zagutzea, errespetatzea eta defendatzea exijitzen duen historia baten fruitu direla belaunaldi guztiek ulertzen duten lekua da Gernika. Memoria ohoratzea demokrazia ohoratzea da”.

Alberto Alonso Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak esan bezala, Espainiako Gobernuak Gernika Memoria Leku gisa egindako adierazpena gogorarazten duen eskultura da atzo inauguratutakoa: “Euskadiko lehenengo herriak bonbardatu zituztenetik 90 urte bete direnean, beharrezkoa da hemen, Gernikan, gogoraraztea 250 herri baino gehiago bonbardatu zituztela Euskadin. Gogoratu behar da, Gernikako botere sinbolikoak askotan proiektatu duen itzal luzea saihestu behar dugulako, Euskadiko hainbat eta hainbat herritako biktimak ikusezin bihurtzeko arriskua daukan itzal luzea baita”.
Bere hitzetan, Gernikak mugarri sinbolikoa dauka, baina bonbardaketa sistematikoa izan zen. Memoria politikei buruzko hausnarketa plazaratu zuen Alonsok. Elkarbizitzarako giza sare sendoa ehuntzeko gai den memoria bultzatzea beharrezkoa dela azpimarratu zuen, memoria aktiboa, iraunkorra eta militantea, eta helburu argikoa: balio demokratikoak indartzea. “40ko hamarka erditik aurrera, demokraziak inoiz ez dira egon hain kuestionatuak, eta gaur egun bezala, mundu mailan horren mehatxatuak”, adierazi zuen Gogorako zuzendariak: “Ustez historiako hiztegietan bakarrik geratzen ziren berbak, tartean, genozidioa eta berrarmatzea, “eguneroko bihurtu zaizkigu”. Gaur, gerra hitzak urruneko oihartzun izateari utzi diola gehitu zuen: “Eta gure kontinentera agertu da berriro. Desberdinarekiko gorrotoa eta pentsaera desberdina daukana, sexualitatea sentitzeko modu desberdina daukana nahiz desberdin otoitz egiten duena seinalatzea zabaltzen ari da gure gizartean”. Horregatik, Alonsok esan bezala, gaur egun inoiz baino beharrezkoagoak dira oroitzapenetik harago doazen memoria-politikak: “Plaka bat ipintzeak eta ekitaldi instituzionalak egiteak ez dute ezertarako balio, gure politikak gizartean sendo errotzea lortzeko gai ez baldin bagara.
Azpimarratu zuen hezkuntza zentroekin modu aktiboan lan egitea beharrezkoa dela, baita egunerokotasunean jendartera hurbiltzea, informazioa trukatzeko espazio berriak okupatzea, sare sozialetan aritzea… ere. Hizkuntza argian eta zuzenean hitz egitearen beharra aldarrikatu zuen. Gogoratu zuenez, memoria atzera begiratzea baino asko gehiago da; momentu historiko bakoitzaren azpian dauden mekanismo sakonak azaltzea ezinbestekoa da: “Historia ez delako errepikatzen, baina gorrotoa, zentzugabekeria, polarizazioa, pluraltasunarekiko erresistentzia eta indibidualismoa gure artean dauden elementuak dira, eta edozein demokraziarentzat mehatxu handiena direlako, horiek seinalatzeko, azaltzeko eta ulertzeko gai izatea beharrezkoa da. Memoria erabili dezagun bere historiari modu kritikoan eta gogoetatsuan begiratzen dion gizartea eraikitzeko, eta orainaldian galbahetzen ari diren mehatxuak iraganean ulertzeko gai izan dadila”.

Ai Toshuda japoniar musikari gaztea, Hiroshimako bonba nuklearretik osorik ateratako biolinarekin.
Fernando Martinez Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikorako Estatu Idazkariak Memoria Demokratikoaren Legea hizpide izan zuen: “Lege horretan jasotzen da Gernika-Lumo izatea lehenengo Memoriaren Lekua. Espainiako Gobernutik Memoria Leku bat izendatzen dugunean, funtsean, bi helburu dauzkagu. Lehenengoa pedagokikoa da, batik bat gazteei zuzendutakoa, horiek ezagutu eta gogoratu dezaten. Agian, hemen, Gernikan ez, baina beste leku askotan ahanzturara igaro diren gertaerak dira-eta. Beste helburua, berriz, aldarrikatzea da”. Aldarrikapen hori bonbardaketa sufritu zuten gizon-emakumeekin lotu zuen, baita egondako sufrimenduarekin eta horren ondorioekin ere. Haien legatua eta zeuzkaten balioak gogoratzeko mezua helarazi zuen Martinezek: askatasunaren defentsaren balioak, bertako nortasun-zeinuekin lotutako balioak… : “Memorian horri omen egin behar dio; hori da memoria demokratikoa”.
Hark esan modura, Gernika-Lumo Memoria Leku izendatzea “gizarte osoari zuzenduta” dago, bonbardatua eta suntsitua izan zela, hiladakoak egon zirela, sufrimentu ikaragarria egon zela jendarte osoak jakin beharrekoa delako: “Gertatu zena eta nork egin zuen jakitea, faxismoaren eta nazismoaren potentziek egin zutela jakitea garrantzitsua da. Oso garrantzitsua da hori guztia gazteek ezagutzea, ezagutara ematea. Gernikako erasoak euskal nortasun-zeinuak zuzenean erasotzea zuen helburu, eta hori ezagutzea ere garrantzitsua da”.
Espainiako Gobernuaren ordezkariak nabarmendu zuen gogoraratzeko ez ezik, iraganeko gertaera “traumatikoak” ez errepikatzeko baliatu behar dela memoriaren lanketa. Memoria “alerta-seinalea” ere bada: “Momentu honetan egoera zaila bizitzen ari gara; eskuin muturra eta muturreko eskuinak azaleratzen ari dira, eta demokrazia bera eta askatasuna zalantzan jartzen ditu horrek”. Egungo egoeraren aurrean, iragana ezagutzea iragan hartaz hausnartzeko aukera da. Memoria ez da soilik iraganera begirada, memoria oraina da eta etorkizunerako apustua: “Ditugun arriskuen aurrean, alerta egoeran egon beharra daukagu. Ditugun askatasunak eta demokrazia konkistatzea zenbat kostatu zitzaigun badakigu, eta horiek edozein momentutan arriskuan egon daitezke. Demokrazia jokoan dago”. Bere iritziz, memoria da “antidoto onena”, memoria demokrazia delako.