Gernikatik mundura: memoria duen herriak bizirik dirau
Memoria, artea eta egungo gerren aurkako salaketa uztartu zituen atzo Gernika garretan antzerkiak, Gernikako bonbardaketaren 89. urteurrenean. Herri antzerkiak herriaren memoria plazaratu zuen, herritik sortutakoa. Eta Kandelen ibilbidea amaitzerakoan mende erdiko salaketek bere horreta dirautela adierazi zuten Gernika Batzordekoek: "Gerra bat eta beste bat eta beste bat. Elkarren gainean, elkar estaltzen diren geruza informatiko soil bihurtuta".
“Gernika erre ziguten, baina zutik dirau haritzak; Palestina erre digute, baina sendo dirau olibondoak. Teheran erre digute, baina emankor darrai pikondoak; Libano erre digute baina lerden dira zedroak; Kiev erre digute, baina osasuna dakar gaztainondoak. Zenbait herri erretzen diharduten arren, ugariagoak dira arbolak. Labore bakarreko basoa gura duten arren, anitza da ama lurra”.
Hala adierazi zuten atzo, ozen, gernika-lumotarrek. Gernika garretan antzerki herrikoiak Garretan ez da erretzen sua pizten duena adierazpen artistikoa eskaini zuen atzo, Pasealekuan, duela 89 urte azoka zegoen lekuan, azoka bonbardatu zuten gune horretan. Eguneko momentu hunkigarrienetakoak utzi zituen antzezlanak, herritarrek duten memoria azaleratzeaz gain. Izan ere azkenaldian munduan piztu diren suteen “neurri gabeko gorakada” salatu gura izan zuten , suak pizten dituzten horiek ez direla sekula su horretan erretzen adierazita: “Gernikaren kasuan 89 urte daramatzagu egun hartako sarraskiaren su garrak oroimenetik izali ezinik. Aditu ebstela munduari: Gernikan ikasi zuten izuak zer balio duen, Bigarren Mundu Gerraren ostean, gure herriak ezetz esan baitzion OTANi. Hala ere, itun atlantiko lotsagarri horretan sartu gintuzten; eta, ordutik hona gure borondatearen kontra gerra eta suteak nonahi eragiten ari gara”.
Gatazka guztiek berezko dituzte albisteak, berri emaileak eta bakoitzaren egiak. Gernikan ere hori gertatu zen. Egiaren izenean denetariko albisteak zabaldu zituzten, eta egira hurbiltzea kostatu zen. Baina lortu zen. “Denok dakigu bakoitzaren egiek nola nahastu zuten sarraskiaren geroa, eta zenbat kostatu zen egiaren argira hurbiltzea”, adierazi zuten atzo. Gezurrak garbitu ostean jakin zuen munduak Gernikan gertatutakoaren ardura norena zen. Eta, egia hori zabaldu zuenetako bat omendu gura izan zuten herri antzerkiaren bidez: Inazio Eizmendi, Basarri goitizenez ezaguna den bertsolaria. “Izugarrikeriaren sugarrak oraindik txingar bihurtzeko zeudela, aste beteren buruan, Gernikan jasotakoaren berri bertsotan eman zuen. Gure ustez, Gernikako izugarrikeriaren berri ematen duen lehenengo adierazpen artistikoa bota zuen, bertsotan”, azaldu zuten. Hala, bere bertso horiek gogoratu zituzten kantuan, duela 89 urte Gernikan gertatutakoa gogoratzeko.

Basarriren berbez gain, baina, egon zen zer ikusi eta zer entzun. Antzerki taldekoek bonbardaketaren eguna islatu zuten, alaba galdu zuen amaren, emaztea galdu zuen gizonaren edota familiako kide guztiak hil ziren familiaren kasua islatuz. Oholtza gainean zeuden gudariak ere, eta, hildakoen omenez Agurra dantzatu zuten, isilik, musikarik barik.
Kalapitakakoek Laugarren belaunaldia atzera gerrara? kantua abestu bitartean, bere horretan iraun zuten antzerkilariek. Geldi. Isilik. Gernikan hildakoak irudikatuz. Tentsioz. Izan ere, hala zioen kantuak: Gernikako txinpartak, memorian betirako, sarraskiaren lekuko.
Bestalde, Jon Rementeriak Gernika bizirik berak egindako kantaren bertsoak kantatzen zituen bitartean, memoria duen herriak bizirik dirauela irudikatu zuten eszenatokian: hildakoak berpiztuz joan ziren, horien gurasoen zein aiton-amonen memoriak bizirik dirauela erakusteko. Izan ere, hala dio kantaren letrak: Azpiratutako hizkuntzak, jazarritako nortasunak, errausturiko duintasunak, inausiriko etorkizunak. Keak oroitzen digu suak pizturik dirauela, keak oroitzen digu Gernika bizirik dela.

‘Guernica’ Gernikara.
Herriarena herritik transmititzearen garrantziari keinu eginda, kandelen txanda ailegatu zen. Eskuetan suaren sugarra hartuz, kandelen ibilbidea osatu zuten herriko kaleetan zehar, memoria zaintzearen beharra islatuz. Ibilbidearen amaieran, Gernika Batzordekoek mende erdi beteko dutela gogoratu zuten, baina beraien aldarriak bere horretan segitzen dutela salatu: “Badirudi hamarkada guzti hauetan ez dela ezer aldatu. Ez dugula ezer ikasi. Gure aldarrikapenek, beraz, bere horretan diraute. Horren adibidea da azken asteetako Guernica koadroaren zalaparta mediatikoa”. Horrez gain, “nonahi eta betidanik” ematen den “feminizidio sistematikoa” estrukturala gizarte eredu “patriarkal eta depredadorearen” emaitza dela salatu zuten: “Gerra errutina da gizarte mediatiko honetan, non egia gezurrarekin batzen duten, hobeto digeritu ahal izateko; non gerrak txio baten bidez iragartzen diren, betikoek galdu dezaten. Gerra bat eta beste bat eta beste bat. Elkarren gainean, elkar estaltzen diren geruza informatiko soil bihurtuta”.
Palestinak bizi duen genozidioa bigarren mailara pasatu dela ere plazaratu zuten, arreta Iranera eta Libanora bideratu dutela adierazita: “Presentzia mediatikoa galdetuta, gure gogoaren bazterrean pilatzen doaz Errusia eta Ukrainaren artekoa, Sudan existitzen denik ere ez dakigu”. Eta, “ikaragarria bada ere”, drama ez dagoela miloika pertsonek bizi duten hondamendi humanitarioan esan zuten, “dramatikoa” petrolioaren prezioa dela gehituta. “Arrisku egoeran gaude. Errutinaren amaraunean korapilatuta. Ez ote gara esentziala denetik desbideratuko? Ez ote gaituzte errealitatearen hausturara gidatuko? Ahanzten den gerra bi biderrez da gerra. Ahanzten den genozidioa bi aldiz da genozidio. Faxismoa libre dabil, zer nahi egiteko prest. Adi egon behar gara, faxismotik libratuko bagara. Palestina librearen alde garrasi egiteko, herri libreen artean gu ere libre izango garela oihukatu behar dugu. Beraz, gora Euskal Herria librea, gora Palestina librea!”.