Giza duintasunaren eta nazioarteko zuzenbidearen errespetatzea, aldarri
Armeniaren eta Azerbaijanen arteko bake akordioa eta Global Sumud Flotilla omendu dituzte Gernika Sariek aurten.
Armeniaren eta Azerbaijanen arteko bake akordioa eta Global Sumud Flotilla omendu zituzten Gernika Sariak. Gernika-Lumoko Udala 89 urte igaro dira bonbek Gernika suntsitu zutenetik. 36ko gerrako kapitulurik “krudelenetarikoa” izan zen hura. Eta, ordutik, bakearen aldeko ikur bihurtu da udalerria. Horregatik, gerra, gatazka eta tentsio geopolitikoz beteriko urte honetan, “inoiz baino ozenago” zabaldu dute bakearen eta berradiskidetzearen aldeko aldarria. Hala egin zuten atzo (apirilak 26) Gernika Sarien banaketa ekitaldian: Armeniaren eta Azerbaijanen arteko bake akordioa eta Global Sumud Flotilla omendu zituzten.
Iazko abuztuaren 8an sinatu zuten bakea akordioa Armeniak eta Azerbaijanek eta ahalegin horregatik jaso zuten saria Nikol Pashinian Armeniako lehen ministroak eta Ilham Aliyev azerbaijandar presidenteak; beraien ordez, Armeniako Sos Avetisyan eta Azerbaijango Ramiz Hasanov enbaxadoreek jaso zituzten sariok. Bestalde, giza eskubideen aldeko defentsa sutsuagatik jaso zuen saria Global Sumud Flotillak, eta ekimeneko kide Ana Gasconek eta Susan Abdallahk hartu zuten aitortza.
Global Sumud Flotilla nazioarteko mugimendu bat da, hainbat arlotako pertsonek osatua: antolatzaileak, laguntza humanitarioko langileak, medikuak, ikasleak, sindikalistak eta marinelak. Lanbide eta kontinente ezberdinetatik etorrita, guztiek helburu bera dute: giza duintasuna eta nazioarteko zuzenbidearen errespetua defendatzea, baita laguntza humanitarioa ahalbidetzea ere. Zentzu horretan, Gazako blokeoak eragindako egoeraren aurrean, indarkeriarik gabeko erresistentziaren adierazpentzat jotzen da flotilla bera. 2025eko irailean abiatu zen Gazarantz 40 ontzi inguruko ontzidia, elikagaiak, mediku hornidurak eta larrialdiko materiala eramateko asmoz; eta, horri jarraipena emanez, misio berri bat atera zen apirilaren 12an Bartzelonatik.
Abdallah Nakbatik bizirik atera zirenen biloba da, eta Sabra eta Shatilako sarraskia ere bizi izan zituen, baita Gazaren aurkako gerra ere: “Nire aitona-amonek etxetik ihes egin behar izan zuten, kontzentrazio-esparru batera; han jaio zen nire aita. Geroago, nire gurasoek ere ihes egin behar izan zuten Libanoko Shatilako kanpalekutik. Eta, azkenean nire txanda iritsi zen: 2009ko Gazako erasoaren ondoren, nire seme-alabekin etxetik ihes egin behar izan nuen”. Hala, palestinarren egoera zelakoa den ulertzen saiatzea “oso garrantzitsua” dela dio, hiru urtekoa barik, 78 urteko gerra dela adierazita. “Hiru urteko genozidioa eta isiltasuna ikusi ditugu, baina hau ez da azken hiru urteetako kontua bakarrik. 78 urte daramatzagu garbiketa etnikoa sufritzenPalestinan. Ezin dugu begiak itxita egon eta Gazan gertatzen ari denaren aurrean ez ikusiarena egin. Su-etena dagoela esaten da, baina ez da benetako su-etena, bonbardaketek jarraitzen baitute”, gehitu zuen.
Gernika Sariek emandako bozgorailua aprobetxatu eta gogoratu zuen Gazan bi milioi pertsona bizi direla, eta horien erdia adinez txikikoa dela: “Haiek blokeoa, okupazioa eta bonbardaketa etengabeak baino ez dituzte ezagutu”. Bestalde, Zisjordaniako palestinarren egoera “are okerragoa” dela nabarmendu zuten, “egunero garbiketa etnikoa eta indarkeria jasaten dute dituztelako okupazioaren babespean diharduten kolonoen eskutik”. Gainera, Israelgo gobernuak preso palestinarrak exekutatzeko lege bat onartu du izana salatu zuen: “Argi esan dezaket: beste herrialde batzuetako presoak epaituak izan dira; Palestinan, ordea, palestinar izate hutsagatik atxilotzen dituzte. Gaur egungo Palestinako errealitate osoa ikustea ezinbestekoa da”.
Mundu osoko herritar gisa, eta Global Sumud Flotilarren izenan, munduko liderren isiltasunaz “nekatuta” daudela adierazi zuen: Bigarren Mundu Gerraren ondoren, herrialdeek ez zutela halakorik nahi esan zuten, ez zela berriro gertatuko; baina badirudi hori ez dela palestinarrekin aplikatzen. Beste alde batera begiratzen dute”. Hala, azpimarratu zuen denon “betebeharra” dela hori salatzea. “Mundu osoko herritarrok ez dugu onartzen gertatzen ari dena, ezta munduko agintarien pasibotasuna ere. Horregatik, altxatzea, elkartzea eta erresistentzia aukeratzen dugu. Horregatik joan ginen Gazara itsasoz, blokeoa —legez kanpokoa eta bidegabea— apurtzeko. Eta ez soilik blokeoa: isiltasuna ere apurtu nahi dugu, isiltasunak ere hiltzen duelako. Isiltasunak Gazaren bonbardaketa onargarri bihurtzen du. Injustiziaren aurrean neutrala izatea erasotzailearen alde egitea da”, azaldu zuen Abdallahk.
Doluz jantzita bertaratu zela Lizeo Antzokira adierazi zuen, baina Palestinaren bizitzaren koloreak jantzita zeramatzala ere bai: “Palestinarrok erresistentzia zer den erakusten dugu: bizitzen, bizirik irauten, okupazioari eta genozidioari aurre egiten. Eta gaur opari bat jaso dut: Picassoren Guernica koadroko txoria, koloretan, itxaropenaren sinbolo gisa. Oso garrantzitsua da itxaropen hori zaintzea eta sinestea elkarrekin asko egin dezakegula, ezetz esan dezakegula, Gazako jendea hiltzen duen isiltasuna hautsi dezakegula. Ontziak itxaropenez eta elkartasunez beteta daude”.
Gasconek, bere aldetik, sari hori ez dela beraiena adierazi zuen, Palestinako herriarena dela esanda: “Bere erresistentziarena, bere duintasunarena, eta existitzen jarraitzeko duen gaitasunarena, sionismoak suntsitu nahi duen arren”. Eta, Gernikatik, bonbardaketak eta suntsipena “ez direla iraganeko kontu” bat soilik nabarmendu zuen, oraindik gertatzen ari direla ozen esanda. “Global Sumud Flotillaren helburua beti izan da eta izango da genozidioa salatzea, baita konplizitateak salatzea ere, enpresenak, gobernuenak eta hori ahalbidetzen, sostengatzen edo beste aldera begiratzen duten instituzioenak ere. Gerra hemen hasten delako, armagintzaren industriari lotutako enpresen bidez suntsipenaren makineria finantzatzen, ekoizten edo errazten dutenen bidez”. Baina salatzeaz gain, gerren aurkako sareak ehundu, mugimendu sozialak aktibatu eta elkartasuna zabaldu behar dela gehitu zuen: “Inpunitatearen aurrean antolatzea gure betebeharra da, eta herri bat desagertzeko saiakeren aurrean erantzuna argia da: presentzia gehiago, ahots ozenagoak, borroka gehiago”.
Bake akordioa.
2025ean nazioartean jasotako albisterik baikorrenetako bat Armeniaren eta Azerbaijanen arteko bake akordioa izan zen. Hiru hamarkada iraun dituen gatazkari amaiera eman zioten, zibilek jasandako sufrimendua atzean utziz. Akordioa bi herrialdeetako agintarien borondateari esker lortu zen, etapa berri bati ekitea erabaki baitzuten, elkarrekiko errespetuan oinarrituta, lurralde osotasuna, subiranotasuna eta estatu bakoitzaren eskumenak aintzat hartuz.
Ilham Aliyev azerbaijandar presidentearen izenean, Hasanovek “ohore handia” dela Gernika Saria jasotzea adierazi zuen, sarien helburua baita bakearen eta adiskidetzearen alde lan egiten duten pertsonak aitortzea. “Sari honek esanahi berezia du, duela 89 urteko bonbardaketaren testuinguruan ematen baita. Nire ustez, herritar zibilen aurkako edozein krimen gizateriaren eta zibilizazioaren aurkako erasoa da, eta Gernikako herriaren mina eta sufrimendua partekatzen ditut”.