Txakolin Eguna ospatuko dute aurtengo Morgako azokan
Domekan [apirilak 26] ospatuko dute Morgako Nekazal eta Artisau Azoka, eta inguruko upategiak gonbidatu dituzte, Txakolin Eguna ospatzeko. Horrela, bertako eta inguruko nekazari eta artisauen lana ezagutzera emateaz gain, upategian lana ere erakutsiko dute oraingo honetan.
Urdaibaiko eta Txorierriko sei upategiren eskutik, txakolin dastaketa egiteko aukera edukiko dute azokagunera bertaratzen diren herritarrek. Morgako Talleri, Muxikako Lapazaran, Arratzuko Urdaibai, Gamiz-Fikako Uriarte, Lezamako Magalarte eta Galkarde upategietako txakolinak probatu ahalko dira. Gainera, udalerriko armarria daukaten kristalezko kopak sortu dituzte domekarako. “Tiketarekin batera egongo dira salgai, eta beste herri batzuetan egiten duten modura, horiek hartu eta dastatu ahalko dira txakolinak. Hori da aurtengo nobedadea”, azaldu du Mari Tere Artetxe Barrena Morgako alkateak.
Azokari dagokionez, hamazortzi ekoizleren produktuak eskainiko ditu. Horiek eta upategietako kideak Lehendakari Agirre Plazan egongo dira, eta artisauak, ostera, frontoian. Hamasei artisau ariko dira euren produktuak erakusten eta saltzen; besteren artean, burdin-lanak zein zurgintzakoak erakutsiko dituzte. Ekoizleen zein artisauen artean, ingurukoak izango dira asko eta asko: “Ingurukoek izaten dute lehentasuna; ingurukoei lekua ematen saiatzen gara”. Horrez gain, talo postua eta txosna ere ez dira faltako: “Herritarrek egiten dituzte taloak, eta zelan egiten dituzten ikustea gustatzen zaio jendeari. Taloen postua arrakasta handikoa izaten da; ilara luzeak sortzen dira”.
Bestalde, umeentzako puzgarriak ere egongo dira, 12:00etatik 14:00etara bitartean, haur-parkean.
Parte hartzen duten guztie eskerrak eman dizkie alkateak, eta herritarren laguntza azpimarratu du: “Herrikoen laguntza izango dugu dena aurrera eroateko, eta eskerrak eman behar dizkiegu horiei eta parte hartzen duten denei, eurak barik ezin izango zelako horrelako jai bat antolatu”.