Memoria bizirik mantenduko dute
Egia, aitortza, memoria eta justizia aldarrikatuko dituzte, aurten ere, Gernikako bonbardaketaren 89. urteurrenean. Palestinarren Memoria lantzeko egitaraua prestatu dute udalerriko talde eta eragileek.
Domekan 89 urte beteko dira faxisten hegazkinek Gernika-Lumo bonbardatu zutenetik. Alemaniako Condor Legioak eta Italiako Aviazione Legionariak Francoren aginduz bonbardatu zuten udalerria. Azoka eguna zen, eta 5.771 bonba jaurti zituzten. Gernikako eta inguruetako bizilagunak babeslekuetan gorde ziren arren, ehunka erail zituzten. Iragana gogoratzeko eguna da, beraz, apirilaren 26a Gernika-Lumon, etorkizuneko Gernikari begiratzekoa eta egungo Gernikak salatzekoa.
Domekan 89 urte beteko dira, eta gertatutakoaren egia aitortuko dute herritarrek, egia ozen zabalduz, memoria eginez eta aitortza exijituz, “Gernikan eta mundu zabalean”. Beraz, ahotsa altxatzea “beharrezkoa” dela iritzita, azken asteetan memoria egitearekin loturiko hamaika ekitaldi, hitzaldi, solasaldi edo aurkezpen prestatu dituzte.
Hala ere, urteurreneko momenturik hunkigarrienetako bat 15:45ean egingo duten Lau minutu ekitaldia izango da, ordu horretan, aktibatuko baitute sirena Astratik eta Pasealekutik. Loben Astrako sirena Euskal Prospekzio Taldeko kideek piztuko dute, eta Gernika Batzordearen Pasealekukoa, berriz, Giza Eskubideen Behatokiko ordezkariek. Euskal Prospekzio Taldeak ikerketa historiko, memorialista, zientifiko eta kulturalean lan egiten du, 36ko gerran emandako borroketan desagertutako gudari eta milizianoen bilaketan. Bere aldetik, Giza Eskubideen Behatokia eskubide zibil eta politikoen babeserako eta bere urraketen salaketarako gobernuz kanpoko erakunde bat da, eta beraien lana aitortu gura izan dute Gernika Batzordekoek.
Urteurren egunean bertan, Zalloko hilerrian omenduko dituzte bonbardaketan hildakoak zein lekukoak, 16:30ean. Eta, 21:00etan, Gernika Garrretan elkarteak beste momentu hunkigarri bezain berezia taularatuko du Pasealekuan: Garretan ez erreten sua pizten dabena antzerkia eskainiko du 21:00etan. Horri jarraipena emanez, kandelen ibilbidea osatuko dute.
Ekitaldi instituzionalak ere egongo dira, ohi legez, egunean bertan. Izan ere, Gernikako bonbardaketaren albistea nazioartean zabaldu zuten hainbat gerra kazetarik, tartean George Steer britainiarrak. 1937ko apirilaren 26an udalerrian gertatutakoa nazioartean ezagutzera eman zuen, eta, ohi legez, haren bustoaren aurrean omenaldia egingo diote aurten ere. Eta, berritasun modura, Memoria Demokratikoaren Lekua izeneko eskultura inauguratuko dute San Juan Ibarran.
Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko Gernika Sariek ere merezi duten presentzia izango dute. Global Sumud Flotilla eta Armenia eta Azerbaijanen arteko bake akordioa —Nikol Pashinian Armeniako lehen ministroak eta Ilham Aliyev azerbaijandar presidenteak ordezkatuta— aintzatetsiko dituzte aurtengo sariek. Gazako herritarren aldeko ekintza humanitarioko nazioarteko ekimena da Global Sumud Flotilla: hainbat herrialdetatik Gazara laguntza humanitarioa eramatea bilatu zuen ontzidi humanitarioak, baita Gazako palestinarren egoera ikusaraztea ere. Bestalde, elkarrizketa diplomatikoaren balioa azpimarratu gura izan dute Armeniaren eta Azerbaijanen arteko bake akordioa aitortuz. Izan ere, diotenez, gatazka horrek hainbat hamarkadatan “markatu” du hegoaldeko Kaukasoaren egonkortasuna, “batez ere Nagorno Karabaj eskualdean”.
Denetariko ekintzak
Urteurrenaren eguna domeka bada ere, aurretik hasita eta egunaren ostean ere, ekitaldi ugarik hartuko dute udalerria. Beste urteetako hainbat gauza mantendu dituzten arren, berritasunak ere badaude aurten. Esaterako, Xabier Irujoren gidaritzapean, frankismoari eta genozidioari buruzko jardunaldia hartuko du Elai Alai aretoak bihar. Eta, horren ostean, Giza eskubideen aldeko sormena: kartel politikoak izeneko erakusketa inauguratuko dute areto txikian. Izan ere, arteak, sormenaren adierazpen gisa, diziplina guztietatik lantzen ditu eguneroko gaiak, eta kartel politikoek bakearen alde egiteko premiari eta munduak dituen gatazka armatuak amaitzeko premiari buruzko gogoetak adierazteko izan duten indarra plazaratu gura dute. Horiez gain, gainera, Jose Labauria 1937ko alkatearen eskulturaren aurrean lore eskaintza egingo dute ohi legez, eta gudarien eskulturara joango dira gero, horiei ere aitortza egiteko.
Egungo Palestinako genozidioaren salaketak ere presentzia izango du urteurren ekitaldien baitan. Izan ere, herri guztiek jaiotzeko, amets egiteko eta bizirik irauteko eskubidea dutela aldarrikatuko dute Donostiatik, Gernika Palestinak deituta. Baina mezua Gernikatik ere bidaliko dute: “Badakigu zer den gerra eta zer den suntsipena. Gernikak bizi izan zuen, eta horregatik ezin dugu isilik geratu”. Hala, bihar, Donostiako bulebarretik aterako da mobilizazioa 17:30ean, eta ibilbidearen amaierara ailegatzerakoan “genozidioaren eraginez hildako haurren omenezko eszenifikazio bat” eta ekitaldia egingo dute; dagoeneko, mobilizazioaren aldeko 250 atxikimendu baino gehiago bildu dituzte denetara.
Eta, gaur ere, egongo da zer gogoratu, zertaz hausnartu. Izan ere, Gernika Memoriaren Lekuko plataformak deituta, Mikel Begoña komikilariak komikiaren eta memoria historikoaren arteko loturak ezarriko ditu Astran. Eta, ostean, Ernaik deituta, faxismoaren maskara berrien aurka mobilizatuko dira udalerrian: “Gerra hotsak entzuten dira nonahi, baita gurean ere. Gaztiok argi dugu, gure herritik diogu Gernika gehiagorik ez dugula nahi”.
Musikak ere presentzia berezia izango du bonbardaketaren urteurreneko ekitaldietan. Musikak memoria lantzeko ahalmena duela sinetsuta, Itxaropenerako biolinak egitasmoa ailegatuko da udalerrira; gaur 11:00etan Batzarretxean eta bihar 16:00etan Andra Mari elizan kontzertua eskainiko dute Ai Yoshida, Gontzal Rodriguez eta Alfonso Rodriguez biolin-jotzaileek eta Mayuko Ishibashi piano-jotzaileak. Proiektuaren erdigunean XX. mendeko tragediak bizi izan zituzten bi biolin daude: Hiroshimako biolin bat eta Holokaustoaren oroimena gordetzen duen beste bat. “Tresna horiek ez daude historia azaltzeko, baina proiektu hau entzute sakonerako espazioa izatea nahi dugu. Ze musikak ez du iragana ezabatzen, baina kontzertua oroimenaren eta isiltasunaren artean giza duintasuna ukitzeko espazio izatea nahi dugu”.
Eta, orain arte ere egin dira memoria ariketak: Gernika Gogoratuzek Kulturaren eta Bakearen Jardunaldietan Ramon Zallo oroitu zuen atzo, eta Urdaibain garapen agentzia behar den edo ez hausnartu zuten astelehenean. Martitzenean eta eguaztenean, aldiz, Mugarik gabe eta Izan ginen guztia dokumentalak proiektatu zituzten Lizeoan, Zine Klubak antolatuta.
Beraz, memoria egiten aritu dira eta arituko dira egunotan udalerrian, egia, aitortza, memoria eta justizia aldarrikatzen dituzten bitartean.