Erabaki akademikoetan lagungarri izateko orientazioa jaso dute familiek
Gurasoei zuzendutako lehenengo ikasketa eta lanbide orientazio jardunaldia egin dute gaur goizean [apirilak 18] Artza pilotalekuan, eta bertaratu direnek Euskal Herriko zazpi prestakuntza zentrotako informazioa jaso eta zalantzak argitzeko aukera izan dute.
Gurasoei zuzendutako lehenengo ikasketa eta lanbide orientazio jardunaldia hartu du gaur goizean [apirilak 18] Bermeoko Artza pilotalekuak. Urremendi Landa Garapenerako Elkarteak, Bermeoko eta Gernika-Lumoko udalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako ekimena DBHko 4, mailan edota batxilergoan dauden seme-alabak dituzten familiei zuzendutakoa izan da, etorkizun akademiko eta profesionala erabakitzeko unean izan ditzaketen zalantzak argitzeko helburuagaz. Horretarako, Euskal Herriko zazpi prestakuntza zentrotako ordezkariekin zuzenean hitz egiteko aukera izan dute.
Bizkaia Gazteak Busturialdea ekimenaren baitan kokatutako jardunaldia izan da, duela bi urte hasitako bideari jarraipena ematea bilatu duena. Izan ere, duela bi urte antolatu ziren gazteei zuzendutako lehen orientazio saioak, eta 2025eko azaroan, berriz, bigarrenak. Iazko saioak Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan eskaintzen diren aukera akademiko ezberdinak “eskualdera hurbiltzeko helburuagaz” egin ziren, eta oro har gizarte-zientzietako, arteari lotutako edota giza-zientzietako ikasketetara bideratutakoak izan ziren. Orientazio jardunaldiok beharrezkotzat ditu Ainhoa Oar Urremendi Landa Garapenerako Elkarteko Gazteria teknikariak, gaur egun informazio asko dagoelako eta jendea informazio horretan “galdu” egiten delako: “Gauza berri asko daude, ikasketa berri pila bat eta goi mailako zikloetako aukera asko; gazteek aukera guztiak esku artean izatea nahi genuen”. Gazteei zuzendutako jardunaldiok baina, gurasoen kezka eta zalantzak piztu zituzten, eta horiek argitu asmoz egin dute gaurko ekimena.
Horretarako, “berezitasun puntu bat” duten Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako ikaskuntza alor ezberdinetako zazpi zentrok parte hartu dute jardunaldian: “Denok dugu errazago unibertsitate handietara jotzea informazio eske, eskura ditugunetara edota informazio gehien ezagutzen dugun horietara, EHUra edo Deustuko Unibertsitatera, kasu. Gaur Bermeon dauden zentroak berezitasunen bat dutenek dutenak dira: Urduliz 42, Kunsthal, ECPV… Gauza ezberdinak eskaintzen dituzten zentroak dira, gurasoek hainbeste ezagutzen ez dituztenak”.

Unibertsitatez harago “beste mota askotako zentroak” ere egon badaudela jakinarazi eta horien inguruko informazioa familiei helaraztea izanda gaurko jardunaldiaren zutabeetako bat: “Goi mailako zikloek gaur egun potentzial izugarria dute, lanerako oso erraztasun handia dute, praktikak egiten dituztenez lehen minututik lanean daudelako”. Halere, gurasoen artean oraindik unibertsitate ikasketak lehenesten direla antzeman dute, Oarren ustez ,”askotan desinformazioagatik”. Horrez gain, jasotzen dituen gurasoen kezken artean gehien errepikatzen direnak enplegugarritasunarekin lotuta egoten direla eta guraso askok unibertsitatera joanez gero seme-alabak “errazago laneratuko direla” uste dutela adierazi du. “Zikloak guztiz balizkoak dira, eta gaur hemen hainbat zentro izan ditugu, Politeknika Txorierri eta Zabalburu Ikastetxea S.Coop esaterako, eskualdeko ikasle asko hartzen dituztenak”, nabarmendu du Urremendiko teknikariak.
Gurasoak bidelagun izanik ere, ze ikasketa egingo duten aukeratu behar dutenak ikasleak direla aldarrikatu du Oarrek, bestelako kasuetan ikasketak burutzea ez baita horren erraza izaten. Halere, Gazteria Zerbitzutik prozesu horretan gurasoak “goi mailako zikloen kalitatea” ikustearen garrantzia aldarrikatu dute, eta balioan jarri gura izan dituzte, besteak beste, erdi zein goi mailako zikloak eskaintzen dituzten Barrutialde Institutua edota Bermeoko Nautika Eskola: “Sarri kanpora joan behar izaten gara ikastera, baina eskualdean goi mailako zikloak eta zentroak ditugu. Edonola ere, nik uste dut helduko dela eskualdean goi mailako hezkuntza eskaintza gehiago izateko aukera”.
Harreman zuzenagoa.
Antolatzaileek bezala, jardunaldian parte hartu duten zentroetako ordezkariak ere balorazio positiboa egin dute, familiekin hartu-eman zuzena izatea beraientzat “oso garrantzitsua” baita: “Guretzat garrantzitsua da familiekin hurbiltasuna izatea, eta gure zentroetan ate irekien jardunaldiak egin arren, herrietako jardunaldietan harremana zuzenagoa da eta haien zalantzak hobeto argitzen dira”, azpimarratu dute automatizazioa eta robotika industriala, fabrikazio mekanikoko diseinua eta ekoizpena, sareko sistema informatikoen administrazioa eta industria digitaleko espezializazioak bezalako ikasketak eskaintzen dituen Politeknika Txorierriko ordezkariek.

Azoketara hurbiltzen diren gazte zein guraso batzuk institutuetako orientatzaileen bitartez zentro eta aukera ezberdinen berri izaten dutela nabarmendu badute ere, askok Bermeon burutu dena bezalako ekintzetan ezagutzen dituzte beraien etorkizunerako aukera egokiena izan daitekeen ikasketak edo horiek aurrera eramateko zentroak. Horregatik, gaur Artzan batu diren zentroetako bakoitzaren mahaira hurbiltzean, prestakuntza zentro bakoitzaren eskaintza akademikoa, instalazioak, metodologia eta izena emateko prozedurak ezagutu dituzte familiek. Horrez gain, Camp Tecologikoa deituriko espazioa bisitatzeko aukera ere izan dute, roboten, teknologiaren eta bideo jokoen sorkuntzara lehen hurbilketa bat eginez.