Portuzarrera sartzeko baimen iraunkorrak eskatzeko epea zabaldu du udalak
Baimenak eskatzeko epea ekainaren 15a bitartekoa izango da, eta eskaerak astebeteko epean ebatziko dira. Egun horretatik aurrera, sarbidearen kontrola bideo-zaintzaren bidez egingo dute.
Espazioaren erabilera orekatuagoa eta oinezkoen lehentasuna bermatzeko helburuagaz, Bermeoko Udalak Portuzarreko ibilgailuen zirkulazioa mugatzea erabaki du, eta ondorioz, urteko aldi ezberdinetan itxita egongo da. Halere, herritarrei eta portuarekin lotura zuzena duten eragileei “informazio argia eta garaizkoa” eskaini asmoz, Portuzarrera sartzeko baimen iraunkorrak eskatzeko epea zabaldu du.
Portuzarra herritarren aisialdirako eta elkarbizitzarako “gune atseginago” bihurtzeko helburua du udalak eta, horretarako, portua urteko sasoi batzuetan ibilgailuentzat ixtea erabaki dute; hala, asteburuetan, jaiegunetan, Aste Santuan, uda garaian —ekainaren erdialdetik irailaren erdialdera— eta Gabonetan —abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra— ibilgailuak ezingo dira Portuzarretik mugitu, 13:00etatik 18:00etara arteko ordutegian.
Baimenak eskatzeko epea ekainaren 15a bitartekoa izango da, eta udaletik jakinarazi dutenez, eskaerak astebeteko epean ebatziko dira. Baimenek urtebeteko iraupena izango dute, eta automatikoki berritu ahal izango badira ere, udalak egiaztapenak egiteko aukera izango du. Gainera, bost urterik behin berritze-prozesua egitea aurreikusten dute. Ekainaren 15etik aurrera, sarbidearen kontrola bideo-zaintzaren bidez egingo dute, eta horretarako, “ezinbestekoa” izango da aurretik baimena izatea.
Baimen sistemak Portuzarraren erabilera antolatzen lagun dezakeela uste dute udaletik, jarduera ezberdinak “bateragarri” egingo dituelako eta espazioaren izaera zaintzen lagunduko duelako: “Helburua da ibilgailuen presentzia ahalik eta txikiena izatea, betiere beharrezko jarduerak bermatuz”.
Eskaera egiteko bi bide izango dituzte eskura erabiltzaileek: Berhaz bulegora bertaratzea edota Portura sartzeko baimen iraunkorrak prozedura jarraituz, Bermeoko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez egitea. Beharrezko urrats eta dokumentazio guztia prozeduran zehaztuta dago. Edonola ere, eskabidea egiteko dagokion inprimakia (IN-444) bete beharko dela jakinarazi dute.
Horrez gain, kasu guztietan gehienez bi ibilgailuren matrikulak aurkeztu ahalko ditu erabiltzaile bakoitzak, matrikula eta ibilgailuaren modeloa adierazita. Halere, baimenak kolektibo ezberdinei zuzenduta daudenez, aurkeztu beharreko dokumentazioa ez da beti berdina izango; portutik sarbidea duten etxebizitzetan erroldatutako herritarren kasuan, esaterako, eskaera egiten dutenak etxebizitzan erroldatuak izan beharko dira. Amarratzaileen kasuan, ostera, titulartasuna erakusten duen dokumentua aurkeztu beharko da —EKPren faktura edo amarratzeen titulartasuna egiaztatzen duen Eusko Jaurlaritzaren agiria). Portuko jardueretan parte hartzen duten pertsona, ostalari edota merkatariak udalaren Jarduera Ekonomikoaren erroldan izena emanda egon beharko dira baimena jaso nahi badute; elkarteen kasuan, Jaurlaritzaren elkarteen erregistroan erregistratuta egon beharko dira. Azkenik, portuko lonjen erabiltzaileek horien titulartasuna egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute.
Udalak, “beharrizanei ahalik eta erantzun egokiena emateko asmoz”, aurrez zehaztuta ez dauden egoerak ere aztertuko dituela iragarri du, “malgutasunez” jokatzeko konpromisoa hartzearekin batera. Gainera, ekainaren 15etik aurrera inor beharrezko sarbiderik gabe gelditu ez dadin behin-behineko sarbide sistema osagarria ontzen ari dira, “une puntualetan sortzen diren beharrei erantzun arina emateko”.