SKBk osoko bilkuren legezko aldizkakotasuna betetzen ez duela salatu du EAJk
Indarrean dagoen araudiari jarraiki udalak osoko bilkurak hiru hilean behin egingo zirela onartu zuen arren, 2026ko lehenengo bi ohiko osoko bilkurak ez direla egin salatu dute jeltzaleek. Bileren deialdi erregularra bermatzeko eskatu diote SKBren udal gobernu taldeari.
Sukarrietako EAJk Sukarrieta-Kanala Bizirik-en (SKB) gobernu taldeak udal osoko bilkuren legezko aldizkakotasuna betetzen ez duela salatu du. Adierazi dutenez, udal gobernuak ez du indarrean dagoen araudian ezarritako eta udalak berak hartutako konpromisa errespetatzen, 5.000 biztanletik beherako udalerrietan, osoko bilkurak gutxienez hiru hilea behin egin behar baitira: “Udalak berak erabaki zuen bilkura horiek hiru hilean behin egingo zirela, lehenengo astelehenean”.
Errealitatea baina, onartutatakotik “oso urrun” dagoela salatu dute jeltzaleek, 2026an ez baita lehenenengo bi ohiko osoko bilkuretatik bat ere egin. 2025ean ere, urteko lehenengo osoko bilkura maiatzean egin zela gogoratu dute: “Hasiera hasieratik ez da bete adostutako aldizkotasuna. Ez gaude gai txiki baten aurrean, erakundeen funtzionamendu demokratikorako oinarrizko betebehar bat ez betetzearen aurrean baizik”.
Osoko bilkurak kontrolerako, eztabaidarako eta kontu-emate gune nagusia direla gogoratu dute EAJtik, horiek ez egiteak “oposizonaren lana mugatzen eta garduntasuna ahultzen” dutela nabarmenduta. Horregatik, udala hartutako konpromisoa “errespetatzen ari ez dela” kritikatu dute, erakundearen kudeaketan “zorroztasun falta kezkagarria” erakusten duelako.
Udal gobernu taldearen jarduteko moduaren ondorioz, osoko bilkuretan landu beharreko “gai asko” egoten direla azaldu dute jeltzaleek. Horrez gain, igorritako dokumentuak aztertzeko 48 ordu izaten dituztela salatu dute: “Horrek oposizioari benetan kentzen dio analisiak egiteko aukera, eta fiskalizazio-lana behar bezala egin ahal izatea”.
Horregatik, Sukarrietako EAJk “legea eta hartutako erabakiak bete” eta deialdi erregularra bermatzeko eskatu dio SKBren udal gobernu taldeari: “Arauak betetzeko daude eta udalaren funtzionamendua gardentasun, erantzukizun eta errespetu insituzionalaren arabera zuzendu behar da”.
Udal zerbitzuen kudeaketa.
EAJk Jaime Orueta Sukarrietako alkatearen udal zerbitzuak kudeatu eta horiek herritarrei jakinarazteko orduan nola jokatzen duen ere salatu dute: “Alkateak informazioa WhatsApp talde baten bidez bakarrik helaraztea erabaki zuen, udalaren kanal ofizialetara jo gabe, bandoak edo udal aplikazioa kasu, eta herritarren zati garrantzitsu bat kanpoan utziz”.
Jeltzaleek nabarmendu dutenez, udalaerriak NA berritzeko zerbitzu mugikorra hartu zuen martxoaren 30ean, baina udalak ez zuen ofizialki jakinarazi. Hala, jarduteko modu horrek “alkatearen irizpide pertsonalaren araberako kudeaketa modu bati” erantzuten diola salatu dute: “Udal zerbitzuak ezin dira erabaki arbitrarioen edo kanal informalen mende egon, baizik eta modu argian eta bitarteko ofizialen bidez komunikatu behar dira, herritar guztiek sarbide aukera berdinak izango dituztela ziurtatuz”.