Matxismoari aurre egingo dion "mugimendu indartsua eratzea" beharrezkoa dela adierazi du Busturialdeko Itaiak
Atzo arratsaldean Gernika-Lumoko Merkurion elkartu ziren. Busturialdeko Itaiak deituta, Iruñeko erailketa matxista salatu zuten atzo arratsaldean [apirilak 13], Gernika-Lumoko Merkurion. Busturialdeko Itaiaren ordezkariek adierazi zuten emakumeak urruntze agindua saltatu izanak instituzioetako neurrien mugak eta emakumeek jasaten duten babesgabetasun egoera “agerian utzi” dituela berriro ere.
Itaiako kideen iritziz, ezinbestekoa da matxismoa ukatu nahi duten horiei guztiei aurre egitea; izan ere, “ideia erreakzionario horiek” indarkeria matxista “normalizatu besterik ez dute egiten”. Horrenbestez, eraso matxista bakoitzari aurre eginez eta horien aurka kaleak hartuz, indarkeria matxistaren kontra posizionamendu “irmoa” hartzeko momentua dela berretsi zuten atzo arratsaldeko elkarretaratzean: “Emakumeon aurkako jarrerek ez dezatela lekurik izan ez gure kaleetan, ez etxeetan, ez sare sozialetan, ez inon. Itaiatik jarrera eta ideia matxisten aurka borrokatzen jarraituko dugu, indarkeria jasan duen emakumea defendatzeko eta babesteko baldintzak borrokatuz eta eraso ororen aurrean irmotasunez eta eraginkortasunez erantzunez”. Euren hitzetan, beharrezkoa da matxismoaren aurkako kontzientziazio lana eta borroka “indartzea”, matxismoari aurre egingo dion “mugimendu indartsua eratuz”.
