Behargintzak aurreikusitakoa baino %46 baliabide gehiago kudeatu ditu 2025ean
Bermeoko Udalak Behargintzaren 2025eko balantzea aurkeztu du, baliabideak erakartzeko eta tokiko garapenean eragin zuzena izateko duen "gaitasun handia" nabarmenduta. 2026a Behargintzarentzat "etapa berri baten hasiera" izango dela iragarri dute.
Bermeoko Udaleko Behargintzak “emaitza sendoak” erakusten dituen 2025. urteko balantzea aurkeztu du. Tokiko enplegua eta garapen ekonomikoa sustatzeko helburuari jarraiki, bai baliabideetan, bai aurrera eramandako proiektuetan aurrerapauso kualitatiboa izan du Behargintzak, hazkundea “nabarmena” izan baita: aurreikusitakoa baino %46 baliabide gehiago kudeatu dituzte, 615.542,80 euroko aurrekontuagaz. Udaleko langileen %1,76k osatzen duen Behargintzako lantaldeak “efizientzia handia” erakutsi zuen iaz, udal aurrekontuaren %4,82a kudeatzea lortu baitzuten. 2025eko datuek baliabideak erakarri eta tokiko garapenean zuzenean eragiteko duen “gaitasun handia” azpimarragtu dute udaletik.
Enpresa lehiakortasunari eta ekintzailetzari lotutako ekimenetan sustapen ekonomikoak izandako “pisu handia” azpimarratu dute udaletik. Ekintzailetzan 86 ideia landu zituzten, 52 proiektu tutorizatu eta 30 enpresa berri sortu. Gainera, 495.917,38 euroko dirulaguntza kudeatu zituzten. Enpresa arloan, berriz, 6 proiektu estrategiko garatu dituzte, 98.606 euroko inbertsioa mobilizatu da eta 80.000 euroko euroko dirulaguntzak eskuratuta; hala, 41 enpresa lagundu zituen Behargintzak iaz.
Enpleguari dagokionez, Behargintzak orientazioa eskaini zien 70 pertsonari, eta beste 24 pertsona lagundu zituen laneratze prozesuan. Horrez gain, Mundaka eta Sukarrietako udalerik lankidetza sendotu zela azpimarratu dute Bermeoko Udaletik, 2026rako proiektu partekatuak eta 34 kontratazio aurreikusi baitzituzten. Merkataritzaren dinamizazioan egin dituzten kanpainak, bestalde, 115 merkatari erakarri zituen. Arlo horretan udalak egindako inbertsioa 60.266 eurokoa izan da: “Ekimen horien bidez tokiko kontsumoaren aldeko sentsibilizazioa indartu da, eta sektorearen lehiakortasuna hobetzeko prestakuntza eta aholkularitza eskaintza jarri dira martxan”, adierazi dute udaletik.
Toki garapenaren esparruan, 327.002,70 euroko inbertsioagaz, hainbat proiektu bultzatu ditu Behargintzak: 68 enpresa eta erakunde lagundu dituzte, enpresak sustatu, kontratazioa erraztu eta herritarrentzako zerbitzu berriak sortzeko helburuagaz. Enplegu planaren barruan, gainera, 340.000 euroko baliabideak kudeatu dituzte.
Maite Caruezo garapen ekonomikorako zinegotziak Berhargintzaren lana “isilean” egiten den lana dela adierazi du: “Askotan ez da ikusten egiten den lana, baina datuek argi erakusten dute atzean dagoen ahalegina eta eragina. Baliabide gehiago erakartzea, enpresei laguntzea, enplegua sustatzea edo ekintzaleei bidea erraztea eguneroko lanaren parte da, eta horrek zuzenean eragiten du herriaren garapenean. Behargintzak egiten duen lana funtsezkoa da, nahiz eta beti lehen lerroan ez egon”.
Etapa berria.
Iragarri dutenez, 2026a “etapa berri baten hasiera” izango da Behargintzarentzat. Aurrerantzean ekonomia urdina izango da garapen ildo estrategiko nagusietako bat, “itsas sektoreari eta portuaren eraldaketari lotutako aukerak baliatuz jarduera ekonomiko berriak eta enplegua sustatzeko”. Horretarako, erakunde eta eragileekin elkarlana indartuko dutela aurreratu dute.
Horrez gain, plan estrategiko propio baten bidez, tokiko enplegu eta garapen ekonomikoaren lidergoa ere beregain hartuko du Behargintzak, eta horrek, orientazioa eta lan bitartekaritza zerbitzuak indartzea ekarriko du. Ondorioz, herritarrei zein enpresei “arreta hurbilagoa eta eraginkorragoa” eskaini ahal izango diete. Era berean, sailaren posizionamendua indartu eta komunikazioa hobetzea ere lehentasun izango dituzte. Ildo berean, lankidetza eta aliantzen sarea sendotzen jarritu nahi dutela azaldu dute, horretarako tokiko, eskualdeko eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako eragileekin lan eginez. Hala, ekintzailetza, merkataritza eta enpresen lehiakortasuna bultzatzen jarraituko dute.
Ezarritako erronka berriek Bermeoren etorkizun ekonomiko eta soziala sendotzeko neurri sendoak ezartzen dituztela aldarrikatu dute Bermeoko Udaletik.