XIV. Gernikako Lekuek Festibala: "inprobisatua" besteko "arrakastatsua"
Azken orduko hainbat aldaketa egin behar izan arren, "arrakastatsua" izan da XIV. Gernikako Lekuek Festibala. Sarrera denak saldu dituzte bai Kult Parnasoko, bai Iparragirre Rock Elkarteko hitzorduetako zenbaitetan. Beste behin, boluntarioen beharra "izugarria" izan da.
Sistema de Entretenimiento, Kult Parnasoan.Eider Iturriaga Belarrietan inongo belazalik gabe, Gernika-Lumoko kulturgune, kale nahiz espazio autogestionatuak musikazaleen aterpe bihurtu dira iragan astean zehar eta, bereziki, asteburua iristean. Eguenetik domekara —eta eguazteneko pilulatxoagaz—, Gernikako Lekuek Festibalaren XIV. ekitaldiak kolore berezi askoa ipini die ilun samar argitu diren egunei.
Inprobisazioaren aldia izan da hau, antolakuntzako kideen arabera. Izan ere, azken orduan bideorria eguneratu eta hainbat artistaren hutsuneak beste proposamen batzuengatik aldatu behar izan dituzte. Eguaztenean, Manolo Kabezabolo Si todavía te kedan dientes es ke no estuviste ahí izena duen dokumentala aurkeztera etorri zen, baina ezin izan zuen aurreikusita zegoen saio akustikoa eman, bezperan trafiko istripua eduki baitzuen. Astra kultur faktorian jotzekoa zen Janus Lester Kilikirengatik ordezkatu behar izan dute, osasun arrazoiak tarteko. Iparragirre Rock Elkartean emanaldia iragarrita zuen Saguxar ere baja izan da. Alai tabernako Skanderani taldea, azken orduan, Eirak ordezkatu zuen.
Aldaketak egin behar horrek, argitu dutenez, “estres eta lankarga erantsia” suposatu die, baina, era berean, ikus-entzuleen jarrera aparta izan da: sarrera guztiak saldu ziren bariku gauean Kult Parnasoan, eta zapatu gauean, berriz, Iparragirren. “Zaleek bikain erantzun diote jaialdiari. Herrikoez nahiz ingurukoez gain, kontzertuak ikustera espreski kanpotik etorritakoak ikusi ditugu; hortaz, badago motiborik pozarren egoteko”, nabarmendu dute.

Kiliki, Astran.Eider Iturriaga
Horrez gain, bada urtero-urtero “herritar pila bat” erakarri ohi duen emanaldi errotu bat: Segundo Olaeta Musika Eskolako banda sinfonikoarena. “Txupinaren ostean, eurak dira egueneko egitarauari heltzen lehenak, eta beti lortzen dute jendea bertaratzea; gainera, herriko jendea izanik, are hobeto”. Eta txupinazo hori botatzea, hain zuzen, Astrako kideei egokitu zaie aurten, espazio horren hogeigarren urtemuga dela eta. Astra “kulturgunea baino askoz gehiago” da, Lekueken dinamikei dagokienez: “Kontzertuak edota ekimenak hartzen dituen gunea da, baina baita jaialdiaren prestakuntzarako zein kudeaketarako ezinbesteko eremua ere; bertan egiten ditugu prestaket bilerak, talde askok bertan afaltzen edota lo egiten dute, eta antolakuntzarentzat kanpamendu nagusiaren parekoa da”.
Kulturguneak, ikuslez lepo.
Txupinazoaren ondoren, Mourn talde kataluniarrak zarratu zuen egueneko egitaraua: “Duela denbora dezentetik, Lekuekera ekarri gura genituen talde horietako bat da, eta toki aproposean jo zuten, egun aproposez”. Barikuan, gazte zein nagusientzako eskaintza egon zen. Azpimarragarria izan zen Olaia Inziarte nafarrak Lizeo Antzokian emandako kontzertua: “Ia-ia edukiera bete zuen, eta bertaratu zirenengandik iritzi oso onak jaso ditugu”. Barrrk eta Caballo Muerte taldeek, ordea, Kult Parnasoa jendez kolkoraino bete zuten.

Caballo Muerte, Kult Parnasoan.Eider Iturriaga
Beste hainbeste gertatu zen Iparragirren, zapatu gaualdian. Ipar tabernan berotu zituzten motorrak ikusleek, Kolpeka etxeko taldearen emanaldian. Ostean, Aposapo, Nestter Donuts eta Guadalupe Plata taldeen kontzertuak ikusteko, ez en bertaratutako jendetza guztiarentzako sarrera nahikorik egon.
Jendearen erantzun horri dagokionez, antolatzaileek azpimarratu dute “lortu dutela” ikusleek jakitea kontzertu edo saioak “non, zein plazatan, zer errepresentatuz” hartzen dituzten: “Nahitaezkoa da hala artistek, nola kontsumitzaileek jakitea Lekueken filosofia zein den, eta uste dugu hori lortzen ari garela“.
Formatuari dagokionez, beste hainbeste: “Eguazten edo eguenetik domekarako laupabost eguneko eskema, gaur-gaurkoz, hoberen egokitzen da. Izan antolakuntzaren mugengatik, izan eskaintzen ditugunei ipintzen dizkiogun esfortzu eta mimoak jagoten segitzearren, formularik onena hauxe da”. Antolatzaileek atseden hartu ostean ekingo diote hurrengo aldiari, XVI.ari, baina tartean esker oneko berbak baino ez dituzte: “Milesker ikus-entzuleei zein artistei, eta bereziki boluntarioei; hainbat orduz eta egundoko esfortzuarekin ezer bueltan espero barik behar egiten dutenak dira Lekueken emanaldirik onena, eta horien lana erabat aitzatetsi behar da”.