Bakerako ate sinboliko batek Gernika-Lumoko memoria demokratikoaren mapa indartuko du
Gernika-Lumoko Udalak lau metroko altzairuzko monumentu berri bat instalatuko du San Juan Ibarra inguruan, bakerako deia egiteko helburuz. Bonbardaketaren urteurren ekintzen baitan inauguratzea aurreikusi dute.
Gernika-Lumoko Udalak beste urrats bat emango du udalerriaren memoria historikoaren eraikuntzan: 1937ko bonbardaketaren 89. urteurrenaren harira, monumentu berri bat jarriko du San Juan Ibarran, “bakerako atea” gisa definitu dutena. Udalerria Memoria Demokratikoaren Leku izendatzeagatik bultzatu dute ekimena, horri erreferentzia egingo baitio obra berriak. Hain zuzen ere, urteurrenaren baitako ekitaldietan inauguratzea aurreikusi dute.
Altzairuz egindako lau metroko egitura El Puerto kalean kokatuko dute, sinbolismoz betetako leku batean. Eta, esan dutenez, Memoria Demokratikoaren Lekua inskripzioa eroango du bere hormetan, hiribildua balio demokratikoekiko “oroimen, gogoeta eta konpromiso” gune gisa definitzeko.
Ekimenaren aurrekontua 48.000 eurokoa da, eta Espainiako Gobernuak finantzatuko du gehiena: 30.000 euro. Gainerakoa, udalaren eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuak gain hartuko dute.
Alkateak azpimarratu du esku hartzeak borondate bati erantzuten diola: gertatutakoaren memoria gordetzeari eta etorkizuneko mezu bat proiektatzea. “Bakeari begirada bat zabaldu nahi diogu, herri honek jasan zuen iragana ez ahazteaz bultzatzeaz gain”, adierazi du.
Hori horrela, pieza berria bonbardaketaren memoriari lotutako herri ibilbide batean integratuko dutela jakinarazi dute, lehen bonba su emailea bota zuten puntuan altxatzen den Nestor Basterretxearen Agonia de fuego eskulturatik gertu baitago. Esan dutenez, ibilbide horrek herri espazioaren irakurketa indartzen du “memoria leku bizi” gisa.
Hala, “oroimen historikoa, pedagogia eta giza eskubideekiko konpromisoa” uztartzen dituen oroimenezko ehuna sendotuko du, Gernikako Juntetxearekin eta Arbolarekin batera, baita airekoen aurkako babeslekuekin, Zalloko hilerriarekin edo Bakearen Museoa bezalako elementuekin batera. Era berean, Europako Herrien Parkea, Eduardo Chillidaren eta Henry Mooreren lanekin, edo Gernika Gogoratuz ikerketa-zentroa bezalako espazioak hiribilduaren nortasuna nazioartean proiektatzen duen sare horren parte ere badira, “memoriaren, bizikidetzaren eta bakearen sinbolo gisa”.