Udal liburutegiaren proiekturako parte hartze prozesua martxan jarri dute
Pasealekuko eskola publiko zaharraren eraikinean egin gura duen udal liburutegiaren proiektuari buruzko herritarren iritzia jaso gura du Gernika-Lumoko Udalak, eta parte hartze prozesua zabaldu du. Apirilaren 17ra bitartean aurkeztu ahalko dira ekarpenak.
Gernika-Lumoko Udalak parte hartze prozesua abiatu du Pasealekuko eskola publiko zaharraren eraikinean egin gura duen udal liburutegiaren proiekturako, “herritarren benetako beharretara egokitutako espazio erabilgarri eta irisgarria izan dadin”. Horretarako, herritarren ekarpenak jasotzeko denbora tarte bat zabaldu dute, apirilaren 17ra artekoa, eta, tarte horretan, herritarrek ekipamendu berriari buruzko ideiak eta proposamenak helarazteko aukera izango dute.
Parte hartu gura dutenek udalaren webgunean eskuragarri dagoen galdetegia bete beharko dute, eta hori egin ostean, posta elektronikoz bidali beharko dute partaidetza@gernika-lumo.eus helbide elektronikora edota aurrez aurre aurkeztu ahalko da udalaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ).
Esan dutenez, prozesu horren helburua da proposamenak jasotzea, gero, udalak ekarpen horien bideragarritasuna aztertzeko.
Parte hartzeko aukera izango dute udalerrian erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonek eta udal erregistroan inskribatuta dauden erakundeek. Hori bai, gehitu dute proposamenak interes orokorrekoak izan behar direla, herritar guztientzako kalitatezko zerbitzu publikoa bultzatzen dutenak.
Proiektuaren nondik norakoak.
Udalak udal liburutegiaren aurreproiektu bat aurkeztu du, 1927 izenekoa, eta herritarren eskura jarri du webgunean. Horrek eraikinean gutxieneko esku hartzea egitea planteatzen du, eskola publiko zaharraren jatorrizko eraikinari omenaldia eginez eta horren balio arkitektonikoa errespetatuz.
Proiektu horrek eraikinaren izaera publikoa berreskuratzearen alde egiten duela diote udal ordezkariek, “bere ingurune hurbilarekiko oztopo fisiko eta bisualak ezabatzea” bilatzen baitu, hiri integrazioa indartzeaz gain. Hala eraikin berriak hurrengo sarbideak izango lituzke, proiektu horren arabera: Pasealekutik sarrera nagusia eta irekia; Seber Altube anfiteatrotik beste bat; eta, Saca faltas bezala ezaguna den begiratokian beste sarbide bat. Modu horretan, eraikinaren eta ingurune hurbilaren arteko harremana hobetu egingo litzatekeela uste dute, eta herritarrei oztoporik gabeko sarbide anitzak eskaini ere bai.
Barrualdea, irakurketa espazio “handi, lineal eta argitsu” bezala antolatzeko asmoa iragarri dute: “Irakurketa espazio horrek eraikina mutur batetik bestera zeharkatuko luke, eta Pasealekuko plazara irekiko litzateke, eraikinari presentzia monumental eta adierazgarria emanez”.

Izan ere, liburutegi berriak hurrengo espazioak izango dituela jakinarazi dute, aurreproiektuare arabera: irakurtzeko eta iaksteko areto irekiak, “ikusgarria” izango den artxibo bibliografikoa, baliabide digitalen kontsultarako guneak eta liburutegi mailegu zerbitzua. Horiez gain, talde ikasketa guneak eta talde txikientzako ikasgela espezifikoak ere izango ditu.
Zerbitzu espazioak —komunak, eskailerak eta artxibo bibliografikoa—, berriz, hego aldean (anfiteatroko alderantz) kokatuko litezke, altzari multzo handietan bilduta. Diotenez, elementu horrek gunea antolatuko du, argi naturala sartzea ahalbidetuko du eta argitasuna bermatuko du espazioan. “Bi fatxaden ikuspena aldi berean bermatzen du proposamenak, eta, gainera, gardentasun bisualeko ariketa atsegin baten bidez Pasealekuko plaza eta Seber Altube anfiteatroa konektatuko ditu”, azaldu dute.
Proiektuaren “funtsezko elementu” modura deskribatu dute eraikinaren erdialdean kokatu gura duten komunikazio espazioa. Izan ere, gune horrek Pasealekua anfiteatroarekin zuzenean lotuko luke, irisgarritasuna bermatuz. Aurreproiektuan adieraziotakoaren araebra, espazio horrek hiri igogailu gisa ere funtzionatuko luke, oinezkoen jarraitutasuna hobetuz eta anfiteatroari oztoporik (eskailerak) gabeko sarbidea eskainiz.
Esku hartzea osatzeko, hego fatxadako jatorrizko baoak berreskuratuko lituzkete, gaur egun itxita daudenak, eta Pasealekuko plazako frontoia birkokatuko litzateke, “identitate elementu garrantzitsu” gisa deskribatzen baitute. Hori guztia estetika soila eta atenporala erabiliz egin gura dute, “apaingarri gehigarririk barik”, jatorrizko arkitektura balioan jarrita eta eraikina gaur egungo liburutegi publiko baten beharretara egokituta.