Ramon Zallo gizarte ekintzailea hil da
77 urterekin hil da Ramon Zallo Elgezabal pentsalari, aktibista sozial eta politikoa. Guggenheim Urdaibai Stop plataformak eman du bere heriotzaren berri. Bihar (martxoak 31) izango da agurra.
Ramon Zallo Elgezabal EHUko katedradun emeritua, ikerlaria, pentsalaria, aktibista soziala eta politikoa zendu da gaur (martxoak 30), 77 urterekin. Kulturaren egituran, ekonomian eta politikan espezializatu zen, baina komunikazioaren arloan eman zituen bere ibilbidearen urte gehienak, hainbat argitalpen azpimarragarrirekin. Eta, lan horiek askotariko militantzia sozialarekin uztartu zituen. Azken agurra, bihar (martxoak 31) izango da, 17:00etatik 19:00etara, Gernika-Lumoko Uribe Tanatorioan.
Guggenheim Urdaibai Stop plataformak eman du haren heriotzaren berri: “Gaur Busturialdea triste dago. Ramon joan zaigu. Eskerrik asko Ramon, eskualde honen alde egindako lan guztiagatik, erakutsi diguzun guztiagak eta borrokan bidelagun izateagatik”. Izan ere, Zallo bidelagun izan dute museoa Urdaibain ez egiteko aldarrietan.
Gernika Batzordeak ere Zallok memoriari egindako ekarpena eskertu du, haren memorarekiko konpromisoa azpimarratuta: “Ikerlari, pentsalari, idazle eta militantea hil da. Gernika eta bere memoriaren konprometituta. Besarkada bat lagun eta senideei”.
Zallo komunikazioaren arloan aritu zen nagusiki, eta egindako lana askotan aitortu izan zaio. Besteak beste, 2020an Komunikazio Ikerketaren Espainiako Elkarteak haren ibilbidea saritu zuen, eta iaz Ohorezko Saria eman zion Kazetarien Euskal Elkargoak: “Ramon Zallo Elgezabal joan zaigu, akademiaren, unibertsitatearen eta herri baten identitatearen arteko ‘zubien arkitektoa’“.
Komunikazioaren bideari heldu aurretik, Zallok Zuzenbidea eta Ekonomia ikasi zituen Deustuko Unibertsitatean. Euskal Herriko Unibertsitatea sortu baino bi urte lehenago, 1978an, hasi zen irakasle Informazioa Zientzietako Leioako Unitatean, eta Ikus-entzunezko Komunikazioko katedradun izendatu zuten 1994an. Gerora, irakasle emeritu aritu zen 2019tik 2022ra arte. EHUk ere gogoratu du Zalloren lana eta ekarpena, “komunikazioaren eta kulturaren industrien ikerketan aitzindaria” izan zela nabarmenduta.
Hain zuzen ere, Berriari emandako elkarrizketan argi azaldu zuen bere nahia: “Umetatik galdetzen nion neure buruari zein ote zen gizartearen oinarria; zehazki, sistema ekonomiko batean sartuta dagoen gizartea nola antolatzen zen”. Eta galdera horietako batzuk erantzuten saiatu zen: ekomomiari, komunikazio politikei, euskal kulturari, abertzaletasunari, kulturari… lotutako gaiak landu zituen, horiek denetariko argitalpen, iritzi artikulu eta zutabeetan jasoz.
Lan askoren egile izan da Zallo. Ekonomiari, kulturari eta kultura eta komunikazio politikei buruzko artikulu ugari kaleratu ditu, baita kutsu soziopolitikoa dutenak ere. Eskualdeagaz zein udalerriagaz erabat konprometituta zegoen Zallo, eta horren adibide gertuenetako bat da, besteren artean, El declive economico de Busturialdea-Urdaibai: Dilemas y propuestas liburua, zeinek Busturialdeak duela sei urte bizi zituen arazo sozioekonomikoak biltzen dituen.
Kezka pertsonaletik abiatu zuen lana, gero, bakoitzak bere alorrean txerta dezan. Hala adierazi zion Busturialdeko Hitzari: “Busturialdeko egoera sozioekonomikoak kezka sortzen zidan. Beraz, datu estatistikoak bilduz, lagunekin hitz eginez eta telefono deiak eginez, eskema zehazten joan naiz. Indarguneak ikusi ditut eskualde honetan, eta nire ikuspuntua partekatu gura izan dut herritarrekin. Espero dut herri mugimenduek azterketa hau bere egitea, nork bere alorrean txertatzeko eta proiektu aurrerakoi bat idazteko. Agintariek nola hartuko duten ikusteko dago, baina erabili ditudan datuak ofizialak dira”.
Bere azken lana, aldiz, Retrovisor y bisturí izan zen, azken 60 urteei buruzko memoria kritikoaren ariketa, ikuspuntu pertsonaletik idatzitakoa. Naiz atariari emandako elkarrizketan onartu zuen bizi aberatsa izan duela: “Nahiz eta lehen 20 urteak gogorrak izan ziren eta gehiago markatu ninduten, hurrengo 40 urteak emankorragoak izan ziren. Bizitza aberatsa izan dut, moralki atsegingarria, egin beharrekoa egin dut eta nire pentsamendu askatasuna izan da gehien babestu dudana”. Horri esker, adimen kolektiboaren “luma” bezala definitu zuen bere burua.
Langile konprometitua.
Izan ere, akademiatik haratago doa Zalloren ekarpena, eta garrantzia berezia du borroka sozial eta politikoetan izandako parte hartzeak. Ikasle garaian, militante antifrankista izan zen, eta Euskal Herriko Gazteria Langile Katolikoko eta ETAko kide izan zen diktaduraren azken urteetan; horren ondorioz, hiru aldiz atxilotu zuten, eta atxiloketa horietako batean torturak pairatu zituen.
Liga Komunista Iraultzaileko buruzagietako bat izan zen, eta 1979ko Eusko Legebiltzarrerako bozetara aurkeztu zen. 1980ko hamarkadan, berriz, Auzolan aliantzaren alde egin zuen. Hori deseginda, bestelako militantzia aurrera eroan zuen, eta nabarmentzeko da ekologismoaren alorrean, erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduetan, euskal gatazkaren konponbidea sustatzeko ekimenetan zein euskal presoen eskubideen defentsan harek egindako lana.
Sare Herritarrak besarkada bat helarazi die Zalloren ingurukoei, eta plataforma sortu zenetik egindako lana eskertu diote sarekideek: “2014ko ekainean Sare sortu zenetik, hainbatetan gure ondoan egon da euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen defentsan. Mila esker, Ramon”.
Ipes elkarteak esker mezuak izan ditu, Zallo prentsa askatasunaren alorrean ere aritu dela gogoratuta: “Ipes elkartearen kolaboratzailea izan da hastapenetatik. Orain urte pare bat Pablo Gonzalezen kasuaren harira mahai inguruan parte hartu zuen, hizlari gisa. Besarkada estua etxekoei”.
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak esker hitzak izan ditu Zallorentzat, eta babes mezua bidali die ingurukoei: “Euskal Herriaren eta langileen aldeko borroka sutsuan buru-belarri aritu da Ramon Zallo, frankismotik gaur egunera arte. Ohorea izan da askapen prozesuaren bidearen zati bat elkarrekin egitea. Faltan botako zaitugu”. Koalizio subiranistako Josu Estarrona eta Eba Blanco senatariek ere Zallok Euskal Herriarekiko zuen “konpromisoa” azpimarratu dute: “Euskal Herriaren aldeko militante, lagun eta langile nekaezina, Euskal Herriarekin konprometitua beti, hustu kolektibo itzela uzten digun beste bat”.