Ivan Muñoz eta Gabino Martinez, III. Urdaibai Rallyan nagusi
Eguraldi nahasiak baldintzatuta lehiatu dute asteburuan III. Urdaibai Rallya. Potentzia, teknika eta estrategia uztartze aparta egin ondoren, Ivan Muñoz gernika-lumotarrak etxeko proba maisuki irabazi du, Gabino Martinezegaz batera.
III. Urdaibai Rallyaren podiuma.Josu Uribe Ivan Muñoz gernika-lumotarrak eta Gabino Martinezek maisutasun osoz poltsikoratu dute asteburu honetan III. Urdaibai Rallya. Beren Porschea izan da eskualdeko errepideak zeharkatu dituen auto bizkorrena. Antolatzaileek lau tarte eta zortzi erlojupeko esaminadun proba prestatu arren, eguraldiak planak aldatzera derrigortu zituzten zapatuan [martxoak 28]; hain zuzen, euriteen joan-etorriak Busturialdeko errepideak blaitu zituen, baina zenbait tokitan bazterrak ez ziren guztiz busti; umel geratu ziren, irristakor eta arriskutsu.
Hala, istripuak izan ziren gidalerro nagusia. Goizeko tarteetatik, hainbat eta hainbat izan ziren proba bertan behera laga behar izan zuten parte hartzaileeak. Hirugarren tartea bera ere bertan behera utzi behar izan zuten antolatzaileek, euritearen ondorioek eta errepideko olio arrastoek autoen iragate segurua “erabat ezinezko” egiten zutela eta.
Zaldi potentzia aldetik hautagai ziren Muñoz eta Martinez, baina, abiaduraz gain, erabateko nagusitasuna plazaratu zuten. Gernika-lumotarra gai izan zen auto txikiagoei egokiagoak zitzaizkien tarte bustietan goi mailan mantentzeko; abiadura gako zen inguruetan, ostera, ez zuen inongo areriorik eduki. Belendiztik Gautegiz Arteagara bidean urratu zuten gainontzekoekiko lehen denbora arrakala, eta hura kudeatu baino ez zuten egin behar izan hurrengo tarteetan. Edozelan ere, Muñoz-Martinez bikotea tarte denetan bizkorrena izan zen, zazpigarrenean izan ezik.

Garaileen Porschea, Ugarteko bidegurutzean.
Ohorezko postuetarako lehia estua izan zen: alde batetik, Xabier Lujua gidariak, Jesus Estrada kopilotuagaz batera, erregistro txukunak sinatu zituen bere Alpinean; bestetik, Aingeru Castrok eta Alaitz Urkiolak, proba bikain ezagutzen duten taldekideek, behetik gorako lasterketa egin zuten. Arratsaldea heltzeagaz batera, bigarren postura jauzia egitea lortu zuten azken biek. Gainera, arratsaldeko tarteetan bere hautagaitza berretsi gura zuen beste bikote faborito batzuk ere agertu dira denbora erregistrorik onenak eginez: Garikoitz Lopezek eta Haizea Txoperenak edota Gorka Idigorasek eta Ion del Cidek osatutakoak. Lasterketaren azken txanpan, Lujuak abiadura kaxarekin arazo teknikoak izan zituen, Castroren mesedetan. Hori bai, hirugarren postuari eutsi ahal izan zion, ehunen gutxi batzuengatik izan arren.
Gainontzeko sailkapenak.
Sailkapen nagusiaz harago, Urdaibai Rallya bestelako txapelketetarako puntuagarria ere izan zen. Pirelli Kopan, Idigoras-Del Cid bikoteak garaipena bermatu zuen, Lopez-Txoperenaren eta Iñigo Olabegogeaskoetxearen eta Sergio Martinezen aurretik. 206 Kopari dagokionez, Igor Villaran eta Alex Gonzalez nagusitu ziren, Jokin Gutierrezen eta Beñat Gantxegiren aurretik.
Honakook dira beste mailetan nagusitu ziren bikoteak: Villaran eta Gonzalez, lehen mailan; Iraitz Olariaga eta Ion Zubiaurre, bigarrenean; Iosu Alberdi eta Eneritz Urzuriag, hirugarrenean; Lopez eta Txoperena, laugarrenean; Idigoras eta del Cid, bosgarrenean; Muñoz eta Martinez, seigarrenean; Aratz Zarakondegi eta Asier Urkiza, bederatzigarrenean; Andoni Arrazola eta Xabi Iturriagoitia, hamargarrenean; gazte mailan, Villaran; azkenik, H1 kategorian, Xabi Petralanda.
Urdaibai Motorsport talde antolatzaileko gidari zein kopilotuentzat egun “oso berezia” izan zen, baina zortea “erabat kontra” eduki zuten: “Hainbat taldekidek istripuak izan zituzten, eta ezin izan zuten rallya amaitu”. III. ekitaldia hazi egin da, proiektua “indartuta” dago, baina argitu dute eguraldiak eta tarte bat bertan behera utzi beharrak “jaia apur bat zapuztu” zutela. Sekula egin gabeko tarte bategaz, aurreko ekitaldietan ondo funtzionatu zuten tarte zatiei eutsiz eta duela hainbat urte egin ohi zen tarte bat berreskuratuz, Urdaibai Rallyak “formatu egokia” aurkitu duelakoan dago antolakuntza: “Proiektuarentzako molderik egokiena topatu dugu, baina, era berean, ezinbestekoa da laguntzaile, herritar eta udalen inplikazioa bermatzea; esku hartze hori nahitaezkoa da, eskualdeko rallyak aurrera egin dezan”.

Muñoz eta Martinez, Gernika-Lumotik Olabarrirako tartea abiatzen.
Antolatzaileen irakurketa.
Garaileen lasterketaren balorazioa ere egin dute antolatzaileek, Muñozek eta Martinezek, potentziaz gain, “lasterketa irakurtzeko abilezia itzela” izan zutela nabarmenduta: Goizean aldeak egiteari ekin zieten, eta apur bat lasai ibiltzeko bezainbesteko abantaila lortu zuten. Gero, hainbeste egokitzen ez zitzaizkien tarteetan, alde mekanikoa ondo salbatu zuten, baina uneoro denborarik onenak erregistratuz. Bizkorrenak ez ezik, erregularrenak, fidagarrienak eta estrategikoenak izan ziren: merezimendu osoz irabazi zuten”.
Ez hori bakarrik: lantaldea hurrengo ekitaldiari heltzeko prest dago. “Tankerako zerbait prestatzeak lankarga handia eskatzen du, eta, beraz, Aste Santuaren ondoren ekingo diogu hurrengoa prestatzen hasteari. Bilera ireki bat egingo dugu, eta interesdunei bertaratzeko deia luzatuko diegu, taldearen sare sozialen medioz. Izan ere, ahalik eta ekarpen, iradokizun eta kritika gehien jaso gura ditugu, datozen aldiak are hobeto antolatzen saiatzeko”, aditzera eman dute.