Korrika hasi orduko azken beroketa orduak
24. Korrika Zuberoatik Bizkaira, ekialdetik mendebaldera, bidea egiten ari da, eta herritarrek denetariko jarduerak prestatu dituzte egunotarako. Gaztetxoenek beraien Korrika Txikiak edukiko dituzte han-hemen. Bedaronak hartuko du Korrika lehenik; Busturialdea zeharkatu ondoren, Bermeotik agurtuko dute herritarrek.
24. Korrika bihartik [martxoak 25] etzira [martxoak 26] bitartean igaroko da Mutrikutik, Lea-Artibaitik eta Busturialdetik, baina herritarrak duela hainbat egunetatik une gogoangarrirako gogotsu prestatzen ibili dira, eta egunotan euskararen maratoi erraldoiaz bete-betean gozatzeko jardueraz osatutako egitarauak atondu dituzte, eskualdeon luze-zabalean.
Korrikarekin hankak lasterka eta ahotsak aldarrika ipini orduko, gaztetxoenak izango dira biharko protagonista nagusiak. Izan ere, hainbat eta hainbat dira Korrika Txikiak antolatu dituzten eragile nahiz taldeak; beste behin, hainbat txoko eta kale girotuko dituzte gaztetxoenei zuzendutako euskararen aldeko lasterketa herrikoi horiek. Tailerrak izango dira beste protagonistak. Korrikarako petoak eta pankartak egitea izango da, alde horretatik, saioen egiteko nagusia. Foruan, berriz, izena eman beharko da, J.M. Torrealdai Kultur Etxean prestatu duten eskulan ikastaroak toki mugatuak izango dituelako. Itxaronaldi orduei aurre egiteko, taldean afaria jango dute hainbat lekutan, Korrikaren iritsiera baino lehen; beste hainbestetan, txokolate janaldi herrikoian bilduko dira.
Gernika-Lumon, afaritarako hitzordu bikoitza egongo da aukeran: alde batetik, Egurre Gazte Asanbladak gaztetxean prestatutakoa; bestetik, Txutxu, Ross, Gernika AT, Gazte Euskaltzaleen Sare, Korrika eta Mobiduk prestatu dutena, Astra kulotur faktorian. Eta afaria ez ezik, bermeotarrek gosaritarako hitzordua ere edukiko dute: etzi, 04:00retatik 08:00retara bitartean, herritarrei Kabidxetik pasatzeko deialdia luzatu diete. Ez hori bakarrik: gazte kilometroetara batzeko aldarria ere nabari da, han eta hemen.
EGITARAUAK
GAUR
Bermeo.
19:00. Laburbira zikloa, Nestor Basterretxea aretoan.
BIHAR
Bermeo.
10:30. Korrika Txikia, Artza frontoitik Lamera parkera. Ostean, Motx pailazoaren emanaldia.
18:00. Karaoke ibiltaria, Lameran; euriagaz, Taraskan.
Forua
17:30-19:00. Korrikarako prestatzeko, 3-12 urte bitartekoentzako eskulan tailerra, J.M. Torrealdai Kultur Etxean. Izena emateko epemuga gaur da.
Gautegiz Arteaga
17:00. Petoak eta pankartak prestatzeko tailerra, plazan.
18:15. Korrika Txikia eta txokolate jana.
20:30. Musika eta afaria. Nork bere janaria eroango du.
Gernika-Lumo
17:15. San Fidel Ikastolaren 125. urteurrena dela eta, Korrika Eguna, Pasealekuan: tailerrak eta DJ Xaibor.
19:30. Herri kirolak eta jolasak, Astran, Txutxu, Ross, Gernika AT, Gazte Euskaltzaleon Sarea, Korrika eta Mobiduk antolatuta.
21:00. Afaria, gaztetxean, Egurrek antolatuta.
21:30. Afaria eta bingo musikatua, Astran.
Bingo ostean. Kontzertuak, Astran: Taixuz eta Gorriontxu eta Laztana.
22:30. Kontzertua, gaztetxean: Bostaxolapotx.
Goizaldean. Zumba eta beroketak, Astran.
Ibarrangelu
17:00. Petoa egiteko tailerra, kultur etxean.
18:00. Korrika Txikia, frontoitik Elizaldera; amaieran, mokadua.
ETZI
Bermeo
04:00-08:00. Korrika gosaria, Kabidxen.