"Korrika denontzat berezia da, eta Korrikaren abestiak ere bereziak dira"
Egunotan askoren ahotan dago 'Xiberutikan Mendebaldera', 24.Korrikaren abestia. Bertan aipatzen da "artzai gazte bat kontu zaharretan" dabilela, Bariñako Bidane Baskaran. Bere lanbideari egindako aipamena eta aitortza dela uste du markina-xemeindarrak, eta horren garrantzia nabarmendu du.
24. Korrikaren abestian zure aipamena sartzeko proposamena nola hartu zenuen?
Kanta sortzen zebilela, Peio Reparazen deia jaso nuen, baimena eskatuz. Ezustean harrapatu ninduen, ez nuen espero. Hasieran, shock egoeran geratu nintzen, eta lotsa puntu bat sentitu nuen, nire izena aipatuko zuela esan zidanean. Nahiz eta nire izena aipatu, lanbidearen inguruko aipamena da, eta pentsatzen dut aipamen hori garrantzitsua dela, gure lanbidea ez baita asko ikusten edota ikusarazten. Era berean, transmisioa eta belaunaldi erreleboa ere islatzen du, gazteok lanbide hau bizirik mantentzeko egindako apustua.
Kanta nork egingo zuen jakinda, sekretuan mantentzea tokatu zitzaizun, beraz…
Kanta irten arte sekretua mantendu nuen. Gainera, ez nuen esan nahi, lotsa puntu bat ere ematen zidalako.
Ingurukoek edota kalean zer esan dizute?
Kanta kaleratu zenean, asko lotsatu nintzen. Ilusioa egin zidan; Korrikako kantaren parte sentitzea bizitzan behin pasatu daitekeen gauza bat da, eta ohoreko sentitzen naiz. Askok eta askok zoriondu naute, eta merezitako aipamena izan dela esan didate. Askok esan didate jende ezaguna aitatzen dela askotan, eta pertsonifikatuta agertzeak badaukala garrantzia, lanbide honetan dabilen neska gazte bat aipatzea garrantzitsua dela, ikusarazteko modu bat dela.
Aurreko abestien artean, badago baten bat bereziki gogoratzen edo gustuko duzuna?
Uste dut Korrika denontzat berezia dela, eta Korrikaren abestiak ere bereziak dira. Denek batzen dute euskara eta Euskal Herriaren parte izatearen sentimendu hori. Esango nuke aurtengoa dela gutxien entzun dudana. 23. Korrikakoa, Harro Herri asko gustatu zitzaidan, eta 17. Korrikako Goseren Euskalakari ere oso gogoan daukat, asko gustatu zitzaidan. Txikitakoak ere asko ditut gogoan, adibidez, Fermin Muguruzaren Korrika badator eta Gozategiren Euskal Herria korrika; oroitzapen politak ditut.
Hitz gutxitan esateko, zuretzat zer da Korrika?
Emozioa da, hunkigarria, eta oilo narrua pizten duen zeozer.
Aurten Korrikan parte hartuko al duzu?
Bai, herrian bertan etxekook hartu dugu kilometroa, Baskaran gaztak, Barinakook ere bai, eta Korrika amaierara, Bilbora, heltzeko asmoa ere badaukat. Korrikan beti ahalegintzen naiz ahalik eta kilometro gehien egiten, eta emozioagaz, hanketako mina ere ahazten denez, ez dakit non eta noiz amaituko dugun.
Korrikagaz lotutako anekdota bitxirik baduzu? Noraino eraman zaitu Korrikak?
Orain dela urte asko, berez, kilometro bat egitera joan, eta 35 bat kilometro egin nituen. Uste dut horrelako momentuak Korrikan bakarrik pasatzen direla edo pasatzen zaizkigula askori. Orain dela hamabost urte izan zen, Gasteizen ikasten nengoenean; Goseren kantaren urtea izan zen, eta uste dut Gosek Trebiñun jo zuela. Unibertsitateko lagun taldea irten ginen, kilometro bat egiteko asmoz, eta aurrera eta aurrera segitu nuen, emozioz gainezka eginda. Bestalde, Korrika hasiera zein amaiera batzuetara heldu naiz.