Espazio autogestionatu bat eskatu diote Gautegiz Arteagako gazteek udalari
Artiako Gazte Asanbladak gazteak elkartzeko espazio faltari eta etxebizitza duin eta ordaingarriak lortzeko zailtasunari erreferentzia egin diote, eta espazio autogestionatu bat eta gazteei herrian bertan emantzipatzeko aukera errealak sortzea exijitu diote udalari.
Duela hiru urte sortu zuten Gautegiz Arteagan Artiako Gazte Asanblada, “gazteek herrian zuten bizigarritasun falta” dela eta. Ordutik, gazteentzako dinamika “aktiboa” sortu dute, baina etorkizunari begiratzerakoan, “gabezia eta arazo larriak” igartzen dituztela gehitu dute, elkartzeko eta antolatzeko espazio faltari eta etxebizitza duin eta ordaingarriak lortzeko zailtasunari erreferentzia eginda. “Ezintasun horiek muga handiak dakarzkigute etorkizuneko bizitza eta herri proiektu sendo bat eraikitzeko, eta Arteagako gazteok arduratuta gaude”, jakinarazi dute, ohar bidez.
Elkartzeko eta antolatzeko espazio propio baten faltak hainbat arazo dakartzala diote: batetik, herriko gazteen belaunaldien arteko hartu-eman falta egotea, “herriko izaera eta balioen transmisioa eragozten duena”; eta, bestetik, herrian egiten diren gazteentzako ekintzak “eskasak” izatea. Gainera, esan dute egoera horri aurre egiteko eta beraien intereskoak diren ekintzak antolatzeko “ageriko zailtasunak” dituztela: “Aipatu behar dugu, esaterako, sortu ginenetik gu batzeko, antolatzeko eta materialak gordetzeko lekuak herriko tabernak, parkeak, plazak eta gure gurasoen etxeak izan direla”.
Hala ere, gzte asanbladakoek diote eurena herrian “espaziorik ez daukan” adin kolektibo “zaurgarri bakarra” den arren, eurak “aktiboki batzeko eta herriari bizitza emateko” ekintzak antolatzen ahalegintzen segitzen dutela. Hori dela eta, gaztetxe formako espazio autogestionatu bat beharra plazaratu diote udalari: “Gazteok autogestionaturiko espazio baten eskaera kontutan hartzea eskatzen diogu udalari”.
Bestalde, herriko gazteek herrian emantzipatzeko duten aukera errealen faltak beraien bizitza proiektua Gautegiz Arteagatik kanpo egitera bideratutzen dituela ikusarazi gura izan dute. Arazo hori udalerritik haragoko “egiturazko arazo bat” dela badakite, baina Arteagako kasua “larria” dela nabarmendu dute, eta gogoratu dute etxebizitza duin bat eskuratzea legeak aitortzen duen eskubide bat dela; ondorioz, uste dute administrazioak —eta, kasu honetan, udalak—, herritar guztientzako etxebizitza sarbidea bultzatu beharko lukeela. Hala ere, salatu dute Gautegiz Arteagako Udalak hirigintza planteamendua “dentsitate txikiko etxebizitza libreak —prezio mugarik gabeko txaletak—” egitera bideratuta dagoela. “Ondorizoz, lurzoruen okupazioak ez du etxebizitzen eskaintza asko handitzea ekarri, eta prezioak oso altu mantendu dira”, adierazi dute. Eta, esan dute, gaur egun salgai edo alokairuan dauden etxebizitzen eskaintza “ia hutsala edo oso garestia” dela: “Gainera, planteamendu urbanistikoetan, dentsitate ertainera bideratutako eremu urriak etxebizitza libreak egitera bideratuta daude, babes ofizialeko etxebizitzak egin beharrean. Zenbat hamarkada dira azkenengoak egin zirenetik?”.
Beraz, jakinarazi dute gazte prekarizatuenen etxebizitzarako sarbidea “oso zaila” dela. Eta, gaur egun emantzioatzeko adinean daudena arteagarren kopurua herrian turismora bideratutako ohe kopuruagaz alderatu dute. “18 eta 35 urte bitarteko 166 gazte geunden herrian iaz, eta eta turismora bideratutako 200 bat ohe. Turista eta dirudunentzako herri hila gura dugu? Edo herri bizi, gazte eta saretua?”, galdetu dute.
Eta, ondorioa argi dute beraiek: “Gazte gaztetatik gure nortasuna egituratu duen herritik joatera bultzatzen gaitu Arteagako dinamika politikoak. Izan ere, aisialdi eskaintza eskasak inguruko herrietan (batez ere Gernikan) aukerak topatzera eroaten gaitu, eta apurka-apurka herriarekiko lotura galtzen dugu”.
Guzti hori kontutan ez hartzeak eta arazoak ez konpontzeak “galera itzela” ekarriko luketela uste dute Artie Gazte Asanbladako kideek: “Gazteen kultur ekarpena galtzea, herri bizitzaren eta biztanleriaren zahartzearen kontra. Horri lotuta daude herritar berrien jaiotza kopuruaren beherakada eta eskolaren etorkizuna”.
Beraz, eskutik doazen bi arazo horientzako konponbide erreal bat eskatzea dute, “hainbat eta arinen” etorri beharrekoa. Hala, Arteagako ordezkari politikoei 18 eta 35 urte arteko herritarren beharrizanak identifikatzea aztertzea eskatu diete, baita gaztetxe formako espazio autogestionatu bat beharra aztertzea ere. Gainera, herritar guztiak etxebizitzaren egungo egorari buruz informatzea eta gazteei herrian bertan emantzipatzeko aukera errealak eskaintzea exijitu dute.