Erdu Gazte Asanbladakoek ez dute uste Muxikak Bizkaiko "industrialde handiena" behar duenik
Muxikan Bizkaiko industriagune handiena egiteko proiektua dute Sprilurrek eta Bizkaiko Foru Aldundiak, eta industria erakartzea ondo dagoen arren, ez dute uste Bizkaiko industrialde handiena behar dutenik bertan. Hala, asanblada irekia deitu dute Gazte Asanbladakoek barikurako (martxoak 27).
Guggenheim Urdaibairik ez da egongo Busturialdean, baina proiektu horren ezetza lortu izanak ez dituela eskualdeko arazoak amaitu uste dute Muxikako Erdu Gazte Asanbladako kideek. Izan ere, Muxikan Bizkaiko industriagune handiena egiteko proiektua martxan dagoela gogoratu dute, eta eskualdean lan eta bizi egiteko industria erakartzea “ondo” dagoela uste duten arren, ez dute pentsatzen Bizkaiko industrialde handiena behar dutenik udalerrian: “Busturialdean lan eta bizi nahi dugu. Industria erakartzea ondo dago, eta industrialde berri bat egin behar bada onartuko dugu, baina, ez dugu uste Bizkaiko industrialde handiena behardugunik, ez eta hainbesterako txikiziorik egin beharrik dagoenik”.
Zehaztu dutenez, Sprilurrek eta Bizkaiko Foru Aldundiak Alai Begira gaineko lurrak erosi zituzten, eta inguru horretan pabilioiak egitea dute helburu. Hala, udalerrian Bizkaiko industrialde handiena izateak ingurunean zein herritarren egunerokotasunean “eragin negatiboa” izango duela salatu dute gazteek. Izan ere, nabarmendu dute Muxika dela Gernikalderako sarbide bakarra, eta 2030era arte espero dituzten obrek eskualde osoko mugikortasuna eta muxikarren egunerokotasuna “oztopatuko” dituztela.
Gainera, kritikatu dute industriagune handi bat bertan eraikitzeak udalerria “herri izatetik pasabide izatera” igaroko dela: “Muxikarako bide osoan zehar egingo diren obrek guztiz zailduko dituzte eskualdeko biztaleen sartu-irtenak. Ibilgailuen joan-etorri hori ez da obratara mugatuko, gero, industrialdea dela eta ez dela, Muxika herria izatetik pasabide izatera igaroko da”.
Ondorioz, Muxikaren neurriko industriagune bat nahi dutela azpimarratu dute, eta beraien herria zatitzen duen zauriari —egunero 20.000 kotxe pasatzen dira errepide horretatik— irtenbide bat topatzea ere exijitu dute: “Muxikar, Gorozikar eta Ibarruritarrok herri izaten jarraitu gura dugu”. Hala, industrialdearen ondorioz BI-635 errepidean sor daitezkeen arazoak direla-eta, asanblada irekia deitu dute Gazte Asanbladakoek barikurako (martxoak 27), 19:00etan, Ariatzako eskolan.
Aurrekariak.
Abenduan jakinarazi zuten industriaguneak ze tamaina izango zuen, Muxikako Udalak, Sprilurrek eta BUsturialdeko Industrialdeak hirigintza hitzarmena sinatu baitzuten, Miango-Agerre-Untxeka industrialdea garatzeko eta kudeatzeko euren arteko harremana arautuz. Hitzarmenean, industrialde hori kudeatzeko eta merkaturatzeko lankidetza jaso zuten, baita herrian kokatuko diren enpresak bilatzeko konpromisoa ere.
Hala, esan zuten Miango-Agerre-Untxeka industriaguneak 50 hektarea baino gehiago izango ditu, eta enpresak kokatzeko espazioak eraiki eta egokitzeko lurzoruaren %70 erabiliko dute. Gainera, gehitu zuten egindako aurreikuspenen arabera, 120 enpresa eta 1.500 langile hartzeko besteko egitura izango duela industriaguneak.