94 zuhaitz landatuko dituzte, azken urteko jaioberri bakoitzeko bat
2025eko martxoaren 1etik aurtengo martxoaren lehenera bitartean jaiotako ume bakoitzeko haritz bat landatuko dute berriro Trama inguruan; guztira, 94 haritz.
Argazkia: Gernika-Lumoko Udala. Ume bat, zuhaitz bat ekimenagaz jarraitzen du Gernika-Lumoko udalak, eta beste 94 arbola landatuko dituzte zapatuan (martxoak 28), Trama inguruan, iazko martxoaren 1etik aurtengo martxoaren lehenera bitartean jaiotako ume bakoitzeko bat.
Ekitaldia 12:00etan izango da, ur biltegiaren ondoan, eta izaera sinbolikoa eta ingurumenarekiko konpromisoa uztartzen dituen proposamenean bilduko dira familia parte hartzaileak. Udaleko ordezkariek jakinarazi dutenez, umea izan duten familiei deialdia bidali diete, baina aurreko edizioetan parte hartu zutenei ere bertaratzeko gonbidapena egin diete, aurretik landatutako aleak zelan hazten ari diren ikusteko.
Ekimena 2023an jarri zuten martxan, jaioberriei ondoetoerria eman eta udalerriko familien artean “espazio partekatua” sortzeko modu gisa. Lehen edizioan 354 arbola landatu zituzten, pandemia hasi zenetik urte horretako otsailera arte erregistratutako jaiotzei dagozkienak. Eta, ordutik, urtero-urtero luzatu dute deialdia. Hala, dagoeneko 689 dira Trama inguruan landatutako zuhaitzak, herriko belaunaldi berriekin modu paraleloan hazten ari den espazio sendotzen dutenak.
Jakinarazi dutenez, gune horretara heltzeko udalak doako garraio zerbitzua jarriko du, 10:30ean udaletxe aurretik aterako dena; izan ere, gunera sartzeko errepidea itxita egongo da egunean bertan.
Ekimenarekin udalak herri populazioaren hazkundea eta naturgune berriak uztartzeko “apustua indartzen” duela diote udal ordezkariek.