III. Alakrana Erronkak goi mailako klubak elkartuko ditu
Emakumezko nahiz gizonezko nagusien eta beterano mistoen estropadak hartuko ditu Alakrana Erronkaren III. ekitaldiak, zapatu honetan [martxoak 21]. Ibilbide luzea eta laburra prestatu dituzte, Muruetako ontziolatik eta San Antonio hondartzatik abiatuta.
Eguraldiak Alakrana Erronka dataz aldatzera derrigortu zituen Mundakako Arraun Taldeko antolatzaileak, baina bigarren abaguneak ez die inolaz ere hutsik egingo: zapatu honetan [martxoak 21] lehiatuko dute III. ekitaldia, arratsaldeko egitarauarekin. Gizonezkoen nahiz emakumezkoen nagusi mailako estropadak lehiatuko dituzte 17:30etik hasita, baita beterano mistoena ere. Eskualdeko klubetako arraunlarien parte hartzea esanguratsua izango da hiru kategorietan: mundakarrez gain Bermeoko zein Elantxobeko arraun klubetako ordezkariek beren parte hartzea aurreratu baitute.
Lehiaketaz betetako asteburua izatea “beren kontra” izango dute antolatzaileek aurtengoan: “Asteburuan, Legution zein Astilleron estropadak egongo dira eta, horrenbestez, zenbait talde ezin izango dira Mundakan egon; Hondarribi edota Orio, kasurako, ez dira irteeran egongo. Edozelan ere, lortu dugu goi mailako parte hartzea bermatzea”. Guztira hamabost izango dira uretaratuko diren traineruak. Parte hartzaileek ibilbide luzea, 5.350 metro ingurukoa, eta laburra, 3.350 metroren bueltan edukiko dituena, izango dituzte aurrez aurre. Estropada biak ala biak Mundakan amaituko dira, baina luzeak Muruetako ontziolan izango du irteera gunea, eta laburrak, berriz, San Antonio hondartzaren parean. Hala beteranoek, nola nagusi mailako emakumezkoek ibilbide laburrean arraun egingo dute, eta nagusi mailako gizonezko partaideek, luzean.
Badok 13 izango da beteranoen artean faboritoa; Bermeo, berriz, nagusi mailako gizonezkoen mailakoa
Beterano mistoen mailak hartuko du parte hartzerik handiena: hamar talde ariko dira lehian. 16:00retan klub antolatzailearen egoitzan ordezkarien bilera egin ostean, 17:30ean ekingo diote estropadari. Honakoek lehiatuko dute: Mundaka A eta B, Sestao, Aizburua, Plentzia, Iberia, Esteirana, Bilbao, Fortuna eta Badok 13. Maila horretako hautagaitza, hain zuzen ere, azken talde horren lepotan egongo dela aurreratu dute: “Klub oriotarra izango da faborito nagusia, baina argi dugu uretan, betiko legez, edozer gerta daitekeela; mundakarrok, geure aldetik, bigarren postua lortzeko bezainbesteko eskifaia uretaratuko dugu, eta, beraz, bigarren postu hori lorgarria delakoan gaude”.
17:41ean, emakumezkoen txanda izango da. Kategoria horretan, Elantxobe izango da parte hartzaile bakarra. Antolakuntzak “penaz” bizi du talde gehiago animatu ez izana, baina etorkizunera begira “hazteko eta hobetzeko” prest daude: “Orio parte hartzekoa zen, baina azkenean ez da egongo. Hurrengo urteei begira, horrenbestez, nagusi mailako emakumezkoen parte hartzea haztea izango da jomuga nagusienetako bat”. Azkenik, 17:55ean ekingo diote arraunak eragiteari nagusi mailako gizonezkoek. Bermeo “erabateko faboritoa” dela nabarmendu dute; bermeotarrek eskualdeko beste klub bi, Elantxobe eta Mundaka, izango dituzte aldamenean, baita Zumaia ere.
Arraun kulturaren akuilu.
Antolatzaileek argitu dute estropada eskualdeko arraunzaletasuna “bultzatzeko eta indartzeko” sortu dutela: “Busturialdean arraunarekiko pasioa, harrobia eta zaletasuna hauspotzea bilatzen dugu urtero-urtero. Gaztetxoenek ohiko kirolez haragoko eskaintza ere badutela jakin dezatela gura dugu. Hala, estropaden ostean, parte hartzaileok herrian barrena egongo gara, eta arraunaren jarraitzaileei gurekin bat egiteko eta arraun taldearen egoitzara bertaratzeko deia luzatzen diegu, betiere lagunarteko giroan”.
Mundakako eta Bermeoko harrobi mailetako taldeek aurten bat egin dute, Sabino Astigarragaren gidaritzapean
Mundakako Arraun Taldea egoera “osasuntsuan” dagoela ere adierazi dute: “Mundakako eta Bermeoko harrobi mailetako taldeek aurten bat egin dute, Sabino Astigarraga kirol arduradunaren gidaritzapean; hori oso garrantzitsua eta polita da. Izan ere, umeek nahiz gazteek arraunaz modu antolatuagoan gozatzeko aukera dute eta udan, esate baterako, lehorrean geratu ordez, itsasora ateratzeko eta arraunaz gozatzeko plaza ederra dute. Talde bien arteko lankidetza tarteko, ondo ari gara beharrean, eta emaitzak horren isla argi eta garbia dira; bateletan, umeak Bizkaiko onenen pare dira, adibidez”.