Idazlan koadernoen baitako istorioetara bidaiatu dute
Irakurzaletasuna bultzatzeko 25. Idazlan Koadernoak argitaratu dituzte. Guztira, 60 lanez osatutako bi liburu kaleratu dituzte, eta jendaurrean aurkezteko aukera izan dute ikasleek.
Gernika-Lumoko irakaskuntza zentroetako ikasleen lanak biltzen dituzten Idazlan Koadernoak kaleratu berri ditu Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Hezkuntza Arloak, herriko irakaskuntza zentroekin elkarlanean.
Guztira, 60 lanez osatutako bi liburu kaleratu dituzte, eta jendaurrean aurkezteko aukera izan dute ikasleek. Zentro bakoitzak bere idazlanak aukeratzen ditu, ziklo bakoitzeko bi. Hala, LHkoen liburuan 28 ikasleren lanak jaso dituzte, eta DBH eta Batxilergokoen argitalpenari dagokionez, beste 32 aukeratu dituzte, helduen formatuagaz.
Lehen Hezkuntzakoen lanak entzuteko aukera eduki zuten herritarrek astelehenean (martxoak 16), Lizeo Antzokian eta, gaur (martxoak 18), aldiz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilegoko ikasleen txanda izan da. Irakurketen ostean, sariak jaso dituzte ikasleek.
Bigarren hezkuntzako ikasleek denetariko gaiak landu dituzte kontakizunetan: errealitatea islatu dute batzuek eta fantasiazko munduak irudikatu dituzte beste hainbatek. Hala, askotariko gaiak lantzen dituzten istorioak entzun dituzte Lizeoan: nola identifikatzen edo definitzen den bakoitzari buruz hausnartu dute, kirol munduan profesionala izatea zer den ikusarazi dute, pantailen atzean zer eskuta daitekeen azaldu dute edota gaixorik egoteari buruz gogoetatu dute, besteren artean.
Argitalpenak kaleratzeagaz batera, idazleei egindako lana eskertu diete antolatzaileek, eta argitalpenen aleak eskuratzeaz gain, irabazleek udalerriko liburu dendetan euren gustuko liburuak erosi ahal izateko opari txartela jaso dute.
Idazlan koadernoei lotuta, ohi legez, koadernoen azalen irudien lehiaketa egin dute, eta 49 lan aurkeztu dituzte LHkoen kategorian, eta 33, aldiz, DBHkoen eta Batxilergokoen mailan. Artekalen egongo dira ikusgai martxoaren 23ra arte.
25 urtez lanean. Idazlan Koadernoen ekimenak 2002an dauka jatorria, Udal Eskola Kontseiluak eskolaz kanpoko egitarauan sartzea erabaki zuen orduan. Helburuak ikasleen artean idazmena lantzea eta irakurzaletasuna sustatzea dira, eta, hala, euskara sendotzea.