Irudimena martxan jarri dute ikasleek
Denetariko gaiei buruzko eta estilo desberdinetako istorio anitzak sortu dituzte Gernika BHIko ikasleek institutuko literatur lehiaketarako. Irudimena hegan jarri dute, eta aurkeztutako lanik onenak saritu dituzte gaur (martxoak 13), Lizeo Antzokian, gonbidatu bereziekin.
Irakurzaletasuna bultzatu asmoz eta irudimena martxan jartzeko helburuz, idazlanak egitera gonbidatu zituzten Gernika BHIko irakasleek ikasleak, eta hamaika istorio jaso dituzte bueltan. Kontakizun anitzak sortu dituzte ikasleek, denetariko gaiei buruzkoak, estilo desberdinetan sortuak. Irudimena hegan jarri dute, eta horien artean kategoria bakoitzeko finalistak eta irabazleak saritu dituzte gaur (martxoak 13), Lizeo Antzokian.
Ikasleak gazte sortzaile izatera ausartu dira, eta ausartu dira sortzera. Eta, ohi legez, sari banaketa hiru kategoriatan banatuta egin dute. A kategorian (Batxilergoko 2.maila), prosa atalean, 14 lan aurkeztu dituzte lehiaketara, Aratz Areskurrinagaren Urdaibairen ahotsa izan da lanik onena; bigarren eta hirugarren sariak, aldiz, Ane Gregoriorentzat eta Elene Martinezentzat izan dira, Barkamenaren errepidea eta Tik-tak, tik-tak lanengatik, hurrenez hurren. Poesiaren atalean, berriz, Naia Otañoren Azaroaren 6a poema aitortu dute onenatzat. Bigarren saria Magali Jaioren Bi galdera oinaze bera lanarentzat izan da, eta hirugarrena Eñaut Eigurenen Palestina poemarentzat.
B kategorian (DBHko 4. maila), prosazko istoriorik onena izan da Juri Perearena: Minez beteriko bizia. Bere atzetik, Naia Cabrejasen lana ere saritu dute, Lekuz leku, norbere lekura, eta hirugarren postuko aitortza jaso du Haize Akesolok Errautsetatik berpizten istorioagatik.
DBH 2. mailakoen C kategorian, Maddi Berzosa Altamiraren lana saritu ditu: Bizitza perfektua. Bestalde, Mikel Gerrikagoitia Eubak jaso du bigarren saria, Malkoak eusten lanagatik, eta hirugarren saria izan da Maddi Urkidi Alaiogoikoak jaso duena, Afrikan zehar bidaia.
Irabazleak saritzeaz gain, finalista geratu diren lanak ere aipatu dituzte gaurko ekitaldian, eta denen ala denen lana aitortu dute institutuko ordezkariek. Izan ere, hitzekin jolasteko ahalegina egin dute, eta gai direla ere erakutsi dute, euretako bakoitzak badaukalako zer loratu, badauzkalako barrutik ateratako istorioak kontatzeko. Horregatik antolatzen dute lehiaketa, ikasleei sortzaile izateko lekua emateko helburuz, askatasun osoz sor dezaten.
Hala, Andoni Agirre institutuko zuzendariak eskerrak eman dizkie ikasleei, eurak direla protagonista esanda, eurak direla literatur lehiaketako motorra azpimarratuta. Horien lana ez ezik, ekitaldia antolatu dutenena ere eskertu du, baita institutuan ari diren irakasle guztietan ere. Eta, beretzat gaurko eguna “plazerra” dela adierazi du.
Zuzendariak onartu du “askotan” entzuten duela ikasleak pantaila atzean dabiltzala, baita ez dutela idazten ere, baina ez dela egia adierazi du: “Hemen gaude idatzi duzuelako, euskaraz idatzi duzuelako. Eta hori oso garrantzitsua da, gure euskara zaintzea. Batzuek esango duzue: zertarako idatzi AA daukagunean? Baina idaztea ez da tontokeria bat. Idazteak askatasuna ematen digu, aske egiten gaitu, amesteko aukera eskaintzen digu. Pantailek, bestalde, askatasun hori kentzen digute, eta lotu; baina idazteak ez. Nahi dugun mundura joan ahal gara, eta hori oso garrantzitsua da”.
Eta, Joseba Sarrionandiaren berbak aipatuta, eskola ez dela lau hormen artean egituratzen den eraikina nabarmendu du, eskola “ikasten” den tokia dela esanda. “Eta eskola lan idatziarekin eta irakurriarekin lotuz gero, horrek ikaragarrizko indarra dauka; are gehiago guzti hori euskaraz egiten bada. Beraz, jarraitu irakurtzen, idazten, pantailetatik aldentzen”, esan du, eta irakasleentzako ere izan ditu berbak: “Eskerrik asko eguneroko lanagatik. Segi su hau pizten”.
Gonbidatu bereziak.
Literatur lehiaketako sariak banatzeaz gain, sari banaketa ekitaldia baino askoz gehiago izan da gaurkoa Lizeoan. Izan ere, kantatu egin dute, bertsoak bota dituzte, dantza desberdinen oholtza bihurtu dute antzokikoa, eta elkarrizketak ere egin dituzte.
Ane Elgezabal idazle eta irakaslea gonbidatu dute, eta bere lehenengo liburuaz galdetu diote: Haizearen erpeak. Pandemian amarekin izandako solasaldietan oinarritu du Elgezabalek bere lana, eta adierazi du edozein emakume identifika daitekeela istorioekin. Horrez gain, bere sortzaile lana zelakoa izan den ere galdetu diote, baita bestelako proiektuak dituen eta etorkizunean bere burua zertan ikusten duen ere.
Eta, beste urte batez, ikasleei irakurtzen eta idazten jarraitzeko gonbitea egin diete irakasleek.