Matxismoari aurre egiteko, emakume langileen espazioak sortzea "berebizikotzat" jo dute
Itaia Busturialdeak deituta, elkarretaratzean bildu dira gaur (martxoak 6) Gernika-Lumoko Institutu aurrean ikasleak, eta matxismoaren eta faxismoaren aurka mobilizatzeko deia zabaldu dute.
Matxismoaren eta faxismoaren aurka mobilizatu dira gaur (martxoak 6), Gernika-Lumoko Institutu aurrean, ikasleak; Itaia Busturialdeak deituta, elkarretaratzean bildu dira eguerdian. Bertan, martxoaren 8a borroka eguna dela eta, “berebizikotzat” jo dute emakume langileen antolakuntzarako espazioak sortzea, matxismoaren zabalpenari “erantzun irmo” bat emateko eya egunerotasunean emakume langileek jasaten dituzten erasoen aurrean “erantzun sendoak emateko” tresnak garatzeko; hori bai, espazio horiek “instituzioetatik kanpo” sortu behar direla uste dute, emakume langileen interesak eta aldarrikapenak erdigunean izateko.
“Ezinbestekoa da gero eta gehiago izatea normalizatzen ari den matxismoaren aurka egiten dugunak, eta ezinbestekoa da ateak zarratzea ideia zapaltzaileak edo zapalduak diren pertsonen aurkako indarkeria sustatzen dutenei”, gehitu dute.
Izan ere, gogoratu dute 133 emakume direla 2003tik Euskal Herrian eraildakoak, eta matxismoa ugaritzen dabilela salatu dute: “Eraso matxistak gure eguneroko ogia izaten jarraitzen dute: munduko jende boteredunek inongo muga moralik barik umeak eta emakumeak bahitu eta bortxatzen dituzte, antiabortistak emakumeen kontra egiten segitzen dute, soldata arrakalak bere horretan segitzen du…”. Gainera, ultraeskuindarren eta “influencer misoginoen” partetik emakumeen kontrako ideologia “areagotuz” doala gehitu dute, emakumeen aurkako jarrerak eta mezuak “edonon” ikus daitezkeela salatzeagaz batera.
Hori horrela, gogoratu dute faxismoak indarkeria matxista “ukatzen” duela, “idea eta eraso matxistak normalizatzen” dituela: “Eskubideetan atzerakada bat proposatzen eta gure irudi atzerakoia zabaltzen duen gorroto ideologia da. Ideia matxista eta faxisten zabalpenak gero eta babesgabetuago uzten digu”. Eta, salaketa horiek egiteko eguna ere badela martxoaren 8a iritzita, domekan, 12:30ean, Merkuriotik Itaiak antolatu duen mobilizaziora hurbiltzera animatu dituzte herritarrak: “Emakume langileok askatzeko, batu borrokara”.