"Feminismoaren diskurtsoa aberastu egin da, emakumea subjektu poliedrikoa delako"
Bartzelonatik Gasteizera, eta Gasteiztik Eara. Cira Crespo historialari eta idazle feminista Ean izango da domekan, gerra aurreko euskal mugimendu feministaren inguruko hitzaldia gidatzen. Herriko eragile eta emakumeekin egindako elkarlanagaz «hunkituta» agertu da kataluniarra.
Cira Crespo kataluniarra da izatez, baina hamazazpi urte daramatza Euskal Herrian; Gasteizen, hain zuzen. Batez ere, dibulgazio historikoa egiten du, eta azken urteotan, euskal emakumeen historiara zuzendu da. XX.mende hasierako emakumezkoen praktika literarioan eta politikoan murgilduta dago gaur egun. Martxoaren 8a ate joka dugun honetan, etzi Ean eskainiko duen hitzaldiaz eta emakumeek gizartean daukaten eta izan duten garrantziaz mintzatu da.
Martxoaren 8a dagoeneko egonkortuta dago gizartean. Zer esanahi du horrek gaur egungo testuinguru politiko eta sozialari erreparatuz?
Sinbolikoki oso garrantzitsua da Emakumezkoen Nazioarteko Eguna guztion egutegietan markatuta izatea. Horrekin batera, baina, ez lokartzeko mezua zabaltzeak ere bere garrantzia badaukala uste dut. Ze, data bat izatearekin ez da nahikoa. Lan asko dago egiteko.
Zure esperientziatik begiratuta, egunak zelako bilakaera eduki duela uste duzu?
Bartzelonan, adibidez, duela urte askotako Martxoak 8ak oso minoritarioak ziren. ‘Friki’ batzuk baino ez ginen agertzen emakumezkoen aldeko manifestazioetan. Handik urte batzuetara, ordea, masiboak bihurtu ziren manifestazio horiek, zorionez. Eta ez hori bakarrik, urte batzuetan feminismoak zentralismo aparta hartu zuen. Gaur egun, esango nuke feminismoaren diskurtsoa aberastu egin dela, eta berri oso ona iruditzen zait hori, emakumea subjektu oso poliedrikoa delako. Baina noski, feminismoaren inguruko adostasunak ez dira hain errazak, feminismoaren inguruko diskurtso anitzak euren artean oso desberdinak direlako.
Azkenaldian oldarraldi antifeministak indarra hartu al du?
Bai, baina esango nuke oldarraldi hori ez dela feminismoaren kontua soilik; esango nuke badagoela oldarraldi kontserbatzaile edo ultraeskuindar hori, gauza eta eskubide askoren kontra argiki posizionatzen dena. Uste dut hori dela benetan indartzen ari dena.
Eta, nola erantzun beharko luke gizarteak horren aurrean?
Ez dakit. Hori da gizartearen gaur egungo galdera gakoetako bat. Sare sozialek badaukate euren eragina hor, eta ez txikia, gainera. Hor dago erantzun edo arrazoietariko bat. Baina tira, inork ez zuen esan erraza izango zenik, eta bidea egin bitartean, lanean jarraituko dugu.
“Sare sozialetan dena da beltza edo zuria, ez dago grisik”
Sare sozialen eragina aipatu duzu.
Bai, sare sozialetan diskurtsoak pobretu egiten dira, eta dikotomikoak ere bihurtzen dira sarri: edo beltza edo zuria, ez dago grisik. Eta guk behar ditugu azalpen patxadatsuak, informazio askorekin, eta behar ditugu datuak. Sare sozialetan horiek zabaltzea eta jendearengana heltzea ia ezinezkoa da, eta beraz, modu oso eskasean zabaltzen dira diskurtsoak. Gizartearentzat oso kaltegarria da hori. Eskuindarrentzat, aldiz, sare sozialak arma trebeak dira, diskurtso pobreagoak zabaltzen dituztelako, eta sare sozialak horiek heltzeko modu egokia direlako.
Zelako papera dute emakume gazteek feminismoan?
Hiru alaba dauzkat, eta nagusienak 16 urte dauzka. Ikusten dut gauzak hasieratik oso argi dauzkala eta adin tarte horretako gehienek ere bai, eta nik adin horretan, ez neuzkan. Badaki zer dagoen ondo eta zer ez, eta batez ere, badaki zein den emakumeak gizartean izan behar duen papera. Matxismoa zer den ere jakin badaki, eta egoera matxistak sarri identifikatzen ditu. Honekin esan gura dut gazteak prestatuago eta jakitunago datozela, esaterako, nire belaunaldiarekin alderatuz. Eta, esaterik ez dago manifestazioetan geroz eta neska gazteagoak ikusten direla, eta askotan, manifestazio horien gidaritza lanetan ere eurak dabiltzala.
Eta, emakume langileak gaur egun jasaten ari diren erronkak aipatu behar bazenitu, zeintzuk esango zenituzke?
Agian, nire erantzuna orokorregia izango da, baina gure erronka nagusia bizitzarako prestatua ez dagoen sistema ekonomiko batean bizitzen saiatzea dela esango nuke. Ze, sistema hau ez dago bizitzarako prestatuta, eta nahiz eta guztion erronka ere baden, uste dut batez ere emakumeoi dagokigula. Emakumeok bizitzari eusten ari gara; aintzat hartzen ez diren gauzetan eta lanetan aritzen direnak emakumeak gara, batik bat, zaintza lanetan.
“Dokumentu batzuk topatu ditut, nahikoa harrigarriak direnak, eta dokumentu horietan zerrenda batzuk agertzen dira, izen abizenez beteta“
Etzi Ean izango zara, gerra aurreko euskal mugimendu feministari buruzko hitzaldia gidatzen.
Hitzaldiari izenburua jarri nionean, arreta piztea izan zen nire asmoa. Euskal Herriko feminismoaren inguruko historia jorratzen duten liburuak 60 edo 70. hamarkadan hasi ziren: nahikoa berandu, nire ustez. Zergatik gertatzen da hori? Normalean ez direlako gerra aurreko emakumeak feminista edo aktibista bezala identifikatzen. Hori zalantzan jarri nahi dut hitzaldian. Nire ustez, paternalismoz eta mespretxuz epaitu ditugu gerra zibilean politika egiten ari ziren emakumeak, eta ez gara bat ere justuak izan beraiekin. Eako hitzaldian balioan jarri nahi dut emakume horiek guztiek feminismoan izan duten indarra, eta egin zuten lana, noski. Dokumentu batzuk topatu ditut, nahikoa harrigarriak direnak, eta dokumentu horietan zerrenda batzuk agertzen dira, izen abizenez beteta. Eako hitzaldiaren prestaketa, gainera, bereziki polita eta hunkigarria izan da niretzat, ze, bertako emakumeekin harremanetan egon naiz, eta beraiek dituzten beste datu batzuekin gurutzatu ditugu aurretiaz neuzkan datuak. Elkarlanean aritu gara, eta pertsonalki, niretzat oso hunkigarria izaten ari da. Niretzat hau da historia egitea: behin gertatutakoa jendearekin partekatzea, eta balioan jartzea.
Dokumentu batzuk aurkitu dituzula esan duzu. Adibideren bat aipatu zenezake?
1919. urtean euskal emakume bat atxilotu zuten, «Gora Euskal Herria askatuta» oihukatzeagatik. Garai hartan emakume bat atxilotzea ez zen oso arrunta. Kontua da Getxoko emakume batzuek manifestu bat egin zutela egunkarian, atxilotutako emakumearen alde emakumeek dirua jar zezaten eskatuz. Mugimendu oso handi bat bihurtu zen garai hartan, eta Euzkadi egunkarian agertu ziren dirua jarri zuten emakume guztien izenak. Datu horiek dira zerrendatuta dauzkadanak: 4.000 bat izen inguru ditut oraingoz. Eako zerrenda ere badaukat, eta ia 200 emakume eatarrek jarri zuten emakume atxilotuaren aldeko dirua. Asko da, pasada bat, nire ustez. Eta hori, guztiz ekintza politikoa burutzea da. Horren inguruan mintzatuko gara Ean.
Zelako garrantzia dauka denboran atzera egiteak, gaur egungo feminismoa ulertzeko?
Historiari esker konturatzen gara ez gaudela bakarrik. Iraganeko jendea gure borroketan gurekin dagoela. Historialarion lana da iraganeko jende horri ahotsa jartzea eta gaur egunera ekartzea. Horixe egingo dugu: 1919an borrokatu zuten emakumeen izenak gure ondora ekarriko ditugu, eta beraien indarrak gureekin batuz, borrokan jarraituko dugu, Ean zein edonon.