Busturiko Udalak ere, Atxurkulu Emakumeen Elkartearen ibilbidea nabarmendu du
Busturiko Udalak herriko berdintasunaren alde egindako lanagatik Atxurkulu Emakumeen Elkartearen lana errekonozitu du, eta elkarteak Zirgari saria jaso izanaz "poztu" da.
Busturiko Atxurkulu Emakume taldekoak atzo, Zirgari Saria jaso eta gero.Busturiko Udala Busturiko Atxurkulu Emakumeen Elkarteak Bizkaiko Foru Aldundiaren Zirgari saria jaso du, 26 urtez Busturiko emakumeen saretzea “erreferentzia komunitario bihur daitekeela” erakusteagatik. Hain zuzen ere, Busturiko Udalak proposatu zuen hautagai modura, “udalerrian egin duten lana ikusaraztearren eta lan hori balioestearren”, eta, Bizkaiko Foru Aldundiak sari hori herriko elkarteari eman izanaz “poztu” da udala. “Errekonozimendu honek Busturiko emakumeen partaidetza sozialaren defentsa aktiboan, konpromiso komunitarioan eta etengabeko lanean oinarritutako eta urteetan eraikitako ibilbide sendoa balioan jartzen du“, adierazi du Aitor Aretxaga Busturiko alkateak.
Azpimarratu du herriko elkarteak “merezi” zuela saria, urteetan izandako etengabeko lanerako konpromisoagatik. Eta, uste du, errekonozimenduak “elkarte eredugarriaren ahalegina nabarmentzeaz” gain, herriko komunitateek berdintasun erreal eta eraginkorragaz duten konpromiso kolektiboa ere indartzen duela: “25 urte baino gehiagoko ibilbidea dute, eta elkartean dauden 32 emakumeak udalaga zein tokiko beste eragile batzuekin aritu dira lankidetza estuan, eta horrek modu erabakigarrian lagundu du herriko dinamizazio sozio-kulturala aurrera eroateko, baita Busturiko bizitza sozialean emakumeen presentzia aktiboa eta agerikoa bermatzeko”. Eta, lan horren erakusle, zenbait ekarpen nabarmendu ditu Aretxagak: Busturiko kultur eta jai antolaketan zein dinamizazioan parte hartzen dutela esan du, baita tanborradan, inauterietan, Kantu Kantari ekimenean, Santa Agedan, Erregeen Kabalgatan eta Arrotegi egoitzan egiten diren ekimenetan ere izaten direla gehitu ere. “Horrez gain, Atxurkuluk euskarazko irakurketa tailerrak, topaguneak, elkarri laguntzeko eta parte hartzeko guneak sortzen dituzte, eta Busturian emakumeen kultura eta gizarte autonomia indartzen dituzte”, azaldu du alkateak.
25 urtetik gora.
Atxurkulu Emakumeen Elkartea 80ko hamarkadan sortu zen, herriko emakume talde batek topaketarako espazio propioa izateko zuen beharretik abiatuta. Hasieran, Atxurkuluk oinarrizko prestakuntza-jarduerak bultzatu zituen, emakumeek trebakuntzarako eta eskura zituzten baliabideetarako sarbidea hobetzeko helburuz. Halan be, denporaren poderioz, alkarteak bilakaera izan du, eta gizarte-aldaketetara egokitu da, Busturian emakumeen elkarteen erreferente bihurtu arte.
Gaur egun, taldearen erronketako bat emakume gazteen parte-hartzea mantentzea eta indartzea da, belaunaldien arteko erreleboa eta elkartearen jarraipena bermatzeko; izan ere, 25 urteetan, Atxurkuluk emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari lagundu dio, emakumeen parte-hartze sozialaren sustapen aktiboaren bidez, eta asmo horrekin jarraitu nahi dute.
Udalak gogorarazi du tokiko elkarteekiko lankidetza “funtsezko pieza” dela politika publiko eraldatzaileak bultzatzeko. Ildo horretan, berretsi du Atxurkulu Emakumeen Elkarteari eta parte-hartze soziala, kohesio komunitarioa eta emakumeen eta gizonen arteko bardintasuna indartzen laguntzen duten ekimen guztiei ematen zaien babesa instituzinonala: “Udalak berriz ere zoriondu du elkartea merezitako errekonozimenduagaitik eta eskerrak emon dizkio bere dedikazinoagatik, jarraikortasunagatik eta aldaketa positiboak sortzeko erakutsi duten gaitasunagaitik”.