Bizkaiko Emakumeen Partaidetza Kontseiluaren lana omendu du Emakume Hautetsien Batzarrak
Martxoaren 8aren harira, ohi legez, Gernikako Batzarretxean bildu dira gaur, ezohiko batzarrean, euskal alderdi politiko guztietako emakume alkate, zinegotzi, batzarkide, kongresukide, senatari, europarlamentari eta liderrak.
Bizkaiko Emakume Hautetsien batzarrean bildu dira gaur (martxoak 6), Gernika-Lumoko Batzarretxean, euskal alderdi politiko guztietako emakumeak, gizarte berdinzaleago bat eskatzeko helburuagaz. Gainera, ohi legez, arlo batzuetan nabarmendu diren emakumeen eta erakundeen lana aintzatetsi dute aurten ere, eta Bizkaiko Emakumeen Partaidetzarako Kontseiluak jaso du oraingoan aitorpena.
Kontseilu horren presidente Keila Vizarraga Motosek aintzatespena eskertu eta elkarregaz aurrera egiteko beharra azaleratu du: “Gaur, hemen, erakutsi dugu ez daudela gurutzatzen ez diren espazio paraleloak. Gauzak aldatu ditzakegu eta elkarregaz aurrera egin dezakegula ere erakutsi dugu, emakume hautetsien eta gizarte zibilaren arteko topaketa honetan legez.
Izan ere, kontseilu hori euren helburuak edo eginkizunak direla eta, emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzen laguntzen duten elkarte feministek osatzen dute, baita emakumeen elkarteek eta beste erakunde edo organismo batzuek ere. Hala, parte hartzeko espazioak sortzen ditu, eta, ondorioz, aurreko urteetan berdintasunaren defentsan nabarmendu diren beste emakume edo kolektibo batzuen lekukoa jaso du gaur; izan ere, asko izan dira aurretik saritutakoak: ESAS Emakume Artistak eta Sortzaileen Sare Profesionalak, Bilboko San Luis zentroa, edo 1979an egin ziren lehen udal-hauteskundeetatik ateratako Bizkaiko emakume alkateak.
Bizkaiko herritarrek hautatutako emakumez betetako hemiziklotik, Ana Otadui foru parlamentuko presidenteak sareak ehuntzeko erakundeak egindako lana azpimarratu du: “Hamar urte daramatzagu sareak ehuntzen, esperientziak partekatzen, lidergoak indartzen eta ardura publikoak hartzen ditugun emakumeak ahalduntzen”.
Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako udalek berdintasunagaz duten konpromisoa “benetakoa eta eraginkorra” berretsi dute, printzipio demokratuko “ukatuezina” delako. Ondorioz, sendotasunez salatu dute indarkeria matxistari zilegitasuna ematen eta dagoeneko konkistatuta dauden giza eskubideak zalantzan jartzen ahalegintzen diren “diskurtso errekazionario eta misoginoak”. Erasoaldi horien aurrean, tokiko eremutik erantzun aktiboa eman behar dela azpimarratu dute, “mugimendu feministagaz erresistentzia aliantzak sustatuz”, berdintasunera zuzendutako baliabide publikoak sendotuz eta “maskulinitate toxikoak desmuntatzeko” lan espezifikoa eginez.
Tradizinoa den legez, ekitaldi berezia Gernikako Arbolearen aurrean egindako argazki bategaz eta Bizkaiko Batzar Nagusietako ohorezko liburuan omendutako emakumeen sinaduragaz amaitu dute.