Euskara munduko mapan kokatuz
Hitzordu bikoitza izan dute asteburuan Bermeoko Berbalagunek: barikuan [otsailak 27] 'Euskara munduan kokatzen' hitzaldian batu ziren eta zapatuan [otsailak 28], berriz, inguruetatik oinez ibiltzeko ohiko irteera egin zuten.
Argazkia: Bermeoko Berbalagun Lagunartean eta euskaraz, asteburu “interesgarria” bizi izan dute Bermeoko Berbalagunek. Hitzordu bikoitza izan dute, zapatuan (otsailak 28) herriaren inguruetatik ohiko irteera bazuten ere, barikuan [otsailak 27] Euskara munduan kokatzen hitzaldian batu zirelako.
Kristina Bilbao EHUko irakaslea izan zen barikuan egindako hitzaldian hizlari, eta euskara nolako hizkuntza den, beste hizkuntzekiko izan ditzakeen antzekotasunak eta euskara berezi egiten duten ezaugarriak azaldu zizkien Euskal Guneko AEKren gelara bertaratu zirenei. “Oso interesgarria izan zen, eta gehiagorako gogoz irten ginen”, nabarmendu dute deitzaileek. Era berean, eskerrak eman dizkie parte hartzaile guztiei eta bereziki Bilbaori, azalpen guztiak “hain erraz eta erakargarri” azaltzeagatik.
Zapatuan, ostera, Bermeo inguruetatik oinez ibiltzera atera ziren. Ohi legez, Taraskan batu ziren berbalagunak, Sollubera igotzeko. “Abilenak” oinez abitu ziren gainontzekoak, autobusa hartu zuten geltokiraino, bertatik oinezko bideari ekiteko. ” Neguko paisaiaz gozatu genuen, hosto barik arbolen artean, eta basoaren amaieran ikuspegi zoragarriaz”, adierazi dute antolatzaileek.

Argazkia: Bermeoko Berbalagun
Ibilbidearen erdia eginda zutela, mokadutxoa jan eta talde argazkia ateratzeko aprobetxatu zuten. Indarrak berreskuratuta, goranzko bideagaz jarraitu zuten. Tarteka euria egin bazuen ere, eguzkia ere agertu zitzaien eta gailurrera iritsita “gogotsu” harttu zuten beherazko bidea ere. Batzuek autobusez egin zuten Bermeorako bidea eta beste batzuek, Almiketik oinez: halere, “oso goiz ona” igarota, “pozik” itzuli ziren denak, “lagunartean, herrian eta euskaraz” aritu baitziren.
Berbalagunetik eskerrak eman dizkiete otsailek irteeragaz bat egin zuten guztiei eta bereziki Aitor Aberasturiri, bera arduratzen baita hilero-hilero ibilbidea prestatu eta “Berbalagunen neurrirako irteera” eskaintzeaz.