XXIII. Ereñoko Udala Sari Nagusia, denboraldiko lehen azterketa serioa
Zapatuan [martxoak 7], Busturialdeko errepideek XXIII. Ereñoko Udala Sari Nagusia hartuko dute. Elite eta 23 urtez azpikoentzako Euskaldun Torneoaren bigarren proba izango da Ereñokoa, baina urteko lehenengo benetako esamina ere bai. Izan ere, iragan asteburuko lehen lasterketa, Zumaiakoa, ez zen ibilbide aldetik gogorra izan.
Ereñoko Udala Sari Nagusia txirrindulari lasterketa bere XXIII. ekitaldira iritsi da, eta zapatu honetan [martxoak 7] Euskal Herriko zein inguruko txirrindularirik onenen bilgune berriz izateko prest dago. Elite eta 23 urtez azpikoei zuzenduriko Euskaldun Torneoaren egutegiko bigarrren proba puntuagarria izango da, lehendabizikoa iragan zapatuan [otsailak 27], XXVIII. Zumaiako Sarian, lehiatu ostean. Hori bai, bigarren hitzordua izanik ere, Ereñokoa txirrindularientzako lehen esamina gogorra izango da, lasterketak gipuzkoarrak ez baitzuen ia zailtasun orografikorik edo teknikorik.
14:45ean hasiko dira gurpilak biraka, Atxoste auzoan. Laida eta Laga hondartzetara joko dute lehenik, Merru auzune gorabeheratsuan barrena berriro Atxostera bueltatzeko. Handik, berriro itzuliko dira kostaldera, baina Ereñora itzulera Eatik eta Ispastertik barrena egingo dute. Atxosten bertan topatuko dute, 64. kilometroan, lehen tarteko helmuga. Ostean, Oma ibarreko bi itzuliei ekingo diete. Hain zuzen, birritan igo beharko dira Omatik Nabarnizerako errepidera. Estreinako mendate pankarta 76. kilometroan igaroko dute; bigarren pasaera puntuagarria 91.ean izango da.
Omako bi pasaerak, Nabarnizko eta Angelutxukoa izango dira eguneko menuaren mendateak
Bigarren horren ostean, alabaina, ez dute Belendizerako beheranzkoa hartuko: errepideak gora eta gora egiten jarraituko du, Nabarnizera iritsi arte, 93. kilometroan. Ondoren, azken tarteko helmugak harrapatu beharko dituzte. Lehenengoa helmuga hartuko duen gunean baina kontrako noranzkoan topatuko dute, Ereñoko herrigunean, 99. kilometroan: bigarrena Ispasterren edukiko dute zain, 112.ean. Azkenik, Eatik Natxitura igo beharko dute, Angelutxutik pasata. Azken mendate puntuagarritik helmugarako tartea lehen itzulikoa bezalakoa izango da, Merru auzoa pasatuta. Joandako ekitaldietan gertatu modura, Angelutxuko igoerak ez ezik, azken metro gorabeheratsu eta teknikoak epaile izan daitezke. Ziklistak 18:00rak eta 18:15ak bitartean helmugaratzea aurreikusten dute.
Azurmendi, lidergoan.
Euskaldun Torneoaren lehen liderraren maillota, Zumaian gailenduta, Eiser-Hirumet etxeko Haritz Felix Azurmendiren soinean dago. Smartlog Nest taldeko Diego Ruiz de Arkaute eta Finisher-Kern Pharmako Iñaki Lopez izan zituen atzetik Zumaiako azken esprintean eta, ondorioz, horiexek dira, gaur-gaurkoz, txapelketaren bigarren eta hirugarren postuen ugazaba. Iazko ekitaldian, Caja Rural-Alea taldeko Gorka Corres izan zen indartsuena. Bere mailaren erakusle, aurtengo denboraldia egituraren talde profesionalean, Caja Rural-Seguros RGAn egiten ari da gasteiztarra.